Hiri osoak indarrak batu ditu pandemia garaitzeko

Irundarrek Covid-19aren kutsadura saihestu eta hiriaren normaltasunera lehenbailehen berreskuratzeko etxean konfinaturik jarraitzen dute. Kutsaketen erritmoa murriztu eta haurren irteerekin familien berrogeialdia apur bat arintzea lortu bada ere, lan asko egiteko dago oraindik. Hurrengo asteetan zehar egoerak izango duen bilakaerak pisu handia izango du konfinamendu arintzen hasi eta pixkanaka errealitate berrira egokitu ahal izateko.

Behar berriei erantzunez
Irungo Udalak hiritar, merkatari eta hiriko enpresek alarma-egoeran zehar bizi duten errealitate berriari aurre egiteko laguntza berriak aurkezten ditu egunak aurrera joan ahala. Horrela, apirilaren 15etik aurrera Bidasoa bizirik elkarteko langileek egindako telefono deien bitartez, hiriko merkatari zein ostalariek bizi duten egoeraren erradiografia bat egin ahal izan da, momentu horretara arte martxan zeuden diru-laguntzen berri emateaz gainera. Bestetik, udalak ordainketak aktibatu zituen, udalarekin lan egiten duten enpresen likidezia erraztu eta tokiko ekonomiaren mugimendua sustatzeko helburuarekin.

Segurtasun neurriei dagokienez, merkatariak babesten laguntzeko BidaShop eta Mugan merkatari elkarteen bitartez udalak 1.000 pantaila babesle banatu zituen lehenengo , Maker CovidGipuzkoa mugimenduan 3D inprimagailuen bitartez sortuak izan zirenak. Hurrengo astean udalak 1.000 maska babesle berri jaso zituen, horrela, merkatari zein hiriko enpresetako langileen segurtasuna bermatzen jarraitzeko.

Irungo Udaletik Irun Aurrera Ekonomia eta Gizarte Sustapenerako plana (10. orrialdea) martxan jarri da udala osatzen duten talde politiko guztien babesarekin. Planak 6.100.000 euroko aurrekontua izango du alarma-egoerak enpresa eta familietan izan dezakeen eragina txikitzen laguntzeko. Udaletik azaldu denez, lehen plan honen bitartez hiritarren premiazko beharrei erantzun nahi zaie eta, beharrezkoa izatekotan, aurrekontua zabalduko da jasotako eskaera guztiak erantzuteko. Eskaerak HAZ bulegoaren webgunearen bitartez jasoko dira irailaren 30era arte eta zalantzak Bidasoa bizirik elkarteak martxan jarritako zerbitzuen bitartez argitu ahalko dira.

Adineko pertsonen bakardadea arintzen laguntzeko, Irungo Udalak Nagusilan elkartearen “Zilarrezko Haria” ekimenarekin bat egin du. Programa honek, telefono deien bitartez akonpainamendua eskaintzen die hirian bakarrik bizi diren adineko pertsonei.

Egoera berria, neurri berriak
Alarma egoera mantentzen den bitartean herritarren arteko kutsatzeek berriro gora egitea ekiditeko, Txingudiko Zerbitzuek garbiketa lan bereziekin jarraitzen dute elikagai dendetako sarreretan zein jende asko igarotzen den tokietan desinfekzio lanak eginez. Bestetik, apirilaren 16tik aurrera Puianako eko-baratzak bezalako eremuetan berriro jarduerari ekitea posible izan da, beti ere, ezinbesteko desplazamenduak eta egonaldiak eginez.

Apirilaren 17an hiriko udaltzainek konfinamendua ezarri zenetik bigarren atxiloketa egin zuten, alarma-egoerako murriztapenak ez errespetatzeagatik. Ordura arte eta konfinamendua hasi zenetik udaltzainek 4.752 ibilgailu kontrolatu dituzte eta 539 espediente zigortzaile ireki zituzten.

Normaltasuna berreskuratzeko bidean
Oinarrizkoak ez diren jardueren etenaldia amaitu ostean, hiriko kaleetan aurreikusita zeuden espaloien konponketa lanak amaitu dira, besteak beste, Martxoak 8, Diana, Navegantes edo Meakan mintegi alboko espaloietan.

Egoera egonkortzeko bidean, Espainiako Gobernuak haurrak kalera irtetea baimentzea izan da azken asteetan hartutako erabaki esanguratsuena. Hasiera batean gobernuak haurrak gurasoekin supermerkatuan, farmazietan edo banketxeetara joateko atera ahalko zirela iragarri zuen, baina denbora gutxian haurrak paseoak eman ahal izateko legea moldatzeko erabakia hartu zuen.

Horrela, apirilaren 26tik aurrera etxe berean bizi den pertsona arduradun baten kontrolpean haurrak ordu batez kalera irten ahalko dira etxe inguruko kilometro bateko distantzian, baina, jolastoki edo kirol-guneak erabili gabe. Apirileko azken igandean egindako haurren lehen irteeran pertsona arduradunek arau-hauste ugari egin zituzten eta udaltzainek modu pedagogikoan kalera ateratzeko baldintzak zeintzuk diren gogorarazi zizkieten. Udal webgunearen bitartez etxe inguruko eremuan kilometro bateko distantzia noraino iristen den kalkulatzeko daiteke, horrela, gurasoak haurrekin paseatzera noraino joan ahalko diren kalkulatu ahalko dute. Era berea, haurrek konfinamenduan zehar egindako esfortzua saritzeko, Irungo Udalak diploma bat sortu du, udal webgunean haurraren izen eta abizenekin pertsonalizatu eta etxean inprimatu ahalko dena.

Osasun krisialdiak aurrera egin ahala, estatu osoko osasun zentroetako pilaketak gutxitu dira, hasierako egoerarekin alderatuta, kasu postiboak murriztu diren bezala. Horrela, apirilaren 26tik Bidasoako ESIak pediatriko larrialdi zerbitzua berriro ireki zuen Bidasoako Ospitalean, azken asteetan zehar osasun zentroetako egoera egonkortu dela aprobetxatuz.

Apirilaren 28ko prentsaurrekoan Pedro Sanchez estatuko presidenteak konfinamendua arindu eta normaltasun berria berreskuratzeko estatu osoan jarraitu beharreko pausuak azaldu zituen. Komunikabideen aurreran aurkeztutako plana 4 fasez osatuta dago eta probintzia edo uharteak izango dira faseen garapena neurtzeko kontutan hartuko den unitatea. Deskonfinamendu planeko fase bakoitzak bi asteetako iraupena izango du gutxienez eta Osasun ministerioak erabakiko du fase batetik bestera igarotzeko adierazleak egokiak diren edo ez.

Horrela, aurreko agerraldian iragarritakoa baieztatuz, maiatzaren 2tik aurrera hiritar guztiek kalera kirola era indibidualean egin edo paseatzera ateratzeko aukera izango dutela adierazi du presidenteak, hurrengo egunetan zehar zehaztuko diren baldintzekin. Egoerak orain arteko bilakaera mantenduz gero, konfinamendua arintzeko lehen fasea maiatzaren 4an hasiko litzateke eta fase guztiek iraupen minimoa izanez gero ekainaren 25 amaituko lirateke deskonfinamendu planean aurreikusitako 4 faseak.

Datuek erakutsitako
Grafikoak martxoaren 18tik apirilaren 29ra arte Koronabirusak Euskadin izandako bilakaera erakusten ditu. Zehazki Irungo hirian erregistratutako kasu positiboen kopurua islatzen da bertan. Lehenengo asteetan zehar kutsatze erritmoa azkarragoa zen. Orain, egun batetik beste kasu positibo berriak detektatzen diren arren, kutsatze erritmoa era nabarian murriztu da, hartutako neurri eraginkortasuna erakutsiz.

Asperraldirik ez konfinamenduan
Konfinamendua eta neurri berrien artean, etxean entretenitzeko proposamen ugari aukeran izan dituzte irundarrek azken asteetan zehar. Apirilaren 17tik Uranzu frontoian txikian bertako ekoizleen azoka antolatzen da larunbat goizetan. Arratsaldean, berriz, Irun Zuzenean Etxetik jaialdian Julio Bravo, Gorka Arranz, Jon Sánchez, Leticia Vergara, Shaf eta Halex&Aigor artistek sare sozialen bitartez eskainitako kontzertu laburrei esker Irungo etxeak musika bete ziren berriro. Apirilaren 1an ekimen honen barnean kontzertu berriak eskainiko dituzte Irundarrek sare sozialetan.

Irun Etxetik argazki lehiaketak udal webgunera igotako argazkien bitartez hiritarrei Irungo dendetarako erosketa bonoak irabazteko aukera eman die. Lehiaketaren bigarren astean etxeko txoko gogokoena erakutsi eta hirugarrenean berrogeialdiko irakurketak partekatu zituzten irundarrek.

Konfinamendua errespetatuz, Irungo Pintura eta Marrazki akademiak etxetik lanean jarraitzen du eta horren erakusle da zeramikako akademiako ikasleek berrogeialdian zehar etxean egindako lanak erakusteko udalak partekatutako bideoa.

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zen, aurten, ordea, etxetik atera gabe. Udalak ohiko irakurketa publikoen bideoak sare sozialetan partekatu zituen, hiriko liburu-dendek sare sozialen bitartez irakurgaiak gomendatzeko zuzeneko saioak antolatu zituzten eta liburuak deskontu bereziekin erreserbatzeko ohitura mantendu zuten. Gainera, udalaren YouTube kontuan etxeko txikiei zuzendutako zenbait ipuin-kontaketa partekatu ziren. Bestetik, CBA Udal liburutegiak mailegu aktiboak itzultzeko epea maiatzaren 22ra arte luzatu du.


Apirileko beste ospakizun berezietako bat Bidasoa eskubaloi taldeak duela 25 urte Zagreben lortutako Europako koparen garaipena izan da, etxetik antolatutako zenbait ekintza berezien bitartez ospatu zena (Informazio gehiago aldizkariaren 9. orrialdean). Euskarak protagonismoa berezia izan du konfinamenduan zehar Euskaraldiaren antolakuntzarik martxan jarritako “Etxealditik Euskaraldira” jardueren bitartez.

Apirilaren 25an irundarrek San Markos eguna etxetik ospatu zuten amabitxiek oparitutako opilekin. Konfinamenduaren ondorioz eguna mendian lagunekin batera ospatzea ezinezkoa izan bazen ere, etxetik opilen bedeinkatu ahal izan ziren goizeko 11:OOetan Pasiotarren elizak eta eguerdiko 12:00etan Junkaleko parrokiek hedabide eta sare sozialen bitartez zuzenean emititutako bedeinkapenei esker.

Apirilaren 28an, berriz, Endaneak loreak oparitu zizkien Bidasoa Ospitaleko langileei azken asteetan zehar egindako lan gogorra eskertzeko. Aurreko asteetan, berriz, ospitaleko langileek bestelako opariak jaso dituzte, adibidez, Arbelaitzeko pastel, pastak eta opilak, Ilcaporen eskutik pizzak edo Zinnia lore-dendak oparitutako lore-sortak, besteak beste.

Beste behin, irundarrek erakutsi dute elkartasuna eta erantzukizuna direla osasun krisialdia lehenbailehen gainditzeko gakoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude