Hiria bultzatzeko hiritarren ekimenetik sortutako proiektua

Garai konplexu hauetan Irungo merkataritza eta, orokorrean, hiriko bizitza bultzatzen duten ekimen guztiak ongietorriak dira. Horrela, hiriko zenbait merkatari eta ostalari elkartu dira sare sozialen bitartez haien negozioak ezagutzera eman eta, aldi berean, disfrutatzeko asmoarekin. Ekimena Marrubi goxoki-dendak antolatutako zozketa baten ondorioz abiatu zen ustekabean eta, denbora gutxian, sari berriak banatu eta Irungo saltoki eta enpresari ezberdinak inplikatu dituen erronkak antolatzen hasi dira.

Lehenengo 10 litxarkeria kiloko saria zuen zozketa antolatu zuen Marrubi dendaren Instagram kontuaren bitartez. Lehen zozketa horrek izandako arrakasta ikusita, bigarren zozketa bat antolatzea erabaki zuen, baina, kasu honetan hiriko merkataritza laguntzeko helburuarekin. Bigarren lehiaketa horrek 5 irabazle izango zituen eta lehiaketan parte hartzeko baldintza argazkiaren iruzkinetan 2 enpresa irundar aipatzea zen. Honela, irabazleez gainera, iruzkin irabazleetan aipatuak izan ziren saltokiei piruleta poltsa bat oparitu zizkien Mikel Castrok.

“Gauzak antolatzeko prestutasuna duen jendea behar dugu”
Mikel Castro, Marrubi goxoki-dendako dendaria

Saritutako enpresek piruletak poltsak jasotzeko ordua iritsi zenean, ordea, sariaren bilketa ikusgarri eta originalena nork antolatuko zuen ikusteko lagunarteko lehia hasi zen. Triziklo itxurako bizikletak, txaranga, Aurreratu elkarteko kideen kolaborazioa edo dantzariak ez ziren falta sari bilketa horietan minutu batzuetan Luis Mariano inguruko giroa alaitzeko. Mikel Castrok azaldu duenez, “ekintza hauek orain arte ezagutzen ez genituen Irungo beste merkatari zein ostalariengana hurbiltzeko aukera eman digute”.

Helburu bikoitza duen ekimena dela esan daiteke. Batetik, irungo saltzaile txikien edo ekintzaileen sare sozialak ezagutarazi eta bertan partekatutako edukiak gehiago zabaltzea ahalbidetzen dute horrelako ekimenek. Hortaz gain, Irungo negozioetako jabe zein lankideek asko disfrutatzen dute ekintza berriak antolatzen edo antolatutako jardueretan parte hartuz. Irungo merkataritza eta ostalaritzak garai konplikatuak bizitzen ari den arren, horrelako ekimenek hiria sustatu eta aurrera jarraitzeko bultzada ematen diote. “Gure ohiko jardueraren bitartez ingurukoak lagundu eta Irun indarberritzeko modua izan daitekeela ikusi dugu”, azaldu du 22 Academyko Josunek.

Erronkaren bigarren zatia
Josune Gurruchaga 22 Academyko dantza irakasleak azaldu duenez, “Ekialde tabernakoek beraiekin batera dantzan piruletak jasotzera gonbidatu gintuztelako batu ginen taldera”. Marrubitik igaro eta litxarreria poltsa bat jasotzea sinpleegia zenez, 22 Academy dantza-eskolak bigarren erronka bat proposatu zien parte hartzeko adorea zuten Irungo merkatari zein ostalariei. “Erronka mozorrotuak egitea azken momentuan bururatu zitzaigun eta datozen erronketan mantenduko dugun baldintza bat izango dela uste dugu”.

“Hiriko beste negozioetako jabeen ideia eta proposamenak entzuteko prest gaude”
Josune Gurruchaga, 22 Academyko dantza irakaslea

Erronka honetan, 22 Academy dantza-eskolaz gainera, Paperino izozki-denda, Ekialde taberna, El Chico de los Cartuchos eta De Perita fruta-dendako ordezkariek parte hartu zuten. Sektore desberdinetan lan egiten duten enpresak, baina, helburu bakar batekin: hiria suspertzea. “Gure negozioa ezagutzera eman eta egunero egiten duguna erakusteko modua da”, azaldu du 22 Academyko Josune Gurruchagak. Horrelako erronka eta sare sozialetan partekatzen dituzten eduki guztien bitartez jendea 22 Academyn eskaintzen dituzten dantza mota ezberdinak probatzera gonbidatu nahi dute. Josune Gurruchagaren hitzetan, “etxetik gauzak era desberdinean ikusten dira, beraz, zuzenean probatzea garrantzitsua iruditzen zaigu”.

Ekimen irekia
Gutxi batzuen ekimena izan arren, denboraren poderioz hiriko merkatari eta ostalari gehiago batu dira ekimenera. “Batez ere, sare sozialetan presentzia handia izan nahi duen jendea elkartzen ari zaigu”. Horrela, gauzak antolatu eta prestatzen diren ekintzetan era aktiboan parte hartzeko gogoak izatea dira taldera batzeko baldintza bakarrak. “Gehienak mutilak gara, beraz, neskak ekimenera batzera animatu nahiko genituzke” azaldu du Mikel Castrok. Marrubiko dendariak azpimarratu duenez, “gauzak antolatzeko prestutasuna duen jendea behar dugu”. Josune Gurruchagak gaineratu duenez, “hiriko beste negozioetako jabeen ideia eta proposamenak entzuteko prest gaude”.

Etorkizunera begiratzen duen ideia
Partaideek deskribatu dutenez, “kasualitatez” sortutako zerbait izan da, merkatarien ekimenaren bitartez martxan jarri dena. Horrela, antolatzaileak ekimenak biltzen ari duen arrakastarekin txundituta daude. Josune Gurruchaga dantza irakasleak adierazi duenez, “ekintzak sareetan partekatu bezain laster argitalpen bakoitzak jasotako erreakzio eta iruzkin kopuruarekin harrituta gaude”. Jende pilaketak saihestera behartzen dituen egoera honen aurrean, jarraitzaileek sare sozialen bitartez horrelako gauzak antolatzea asko eskertzen dute.

Mikel eta Josunek adierazi dutenez haien bezero zein ikasleak erronka eta zozketa berriak eskatzen hasi dira. “Jendea zer antolatzen ari garen edo hurrengo erronka noiz egingo dugun galdezka dabil”, azaldu du Marrubiko dendariak. Hurrengo ekintzen inguruan galdetuz gero, Mikel Castrok adierazi du, “ezin dugu hurrengo ekimenen inguruko informaziorik aurreratu, soilik gauza berriak antolatzen hasi garela”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude