Hiriak bizi izan duen dramarik handiena

Duela 80 urte jaso zuen Irunek II.Errepublikaren aurka altxatutakoen erasoa

Sute handia jasan zuen, eta ia hutsik gelditu zen, populazioaren ihesaren ondorioz

Gaur egun ekialde hurbiletik Europara doazenak bezala, duela 80 urte Bidasoa ibaiaren beste aldera ihes egin zuten milaka irundarrek. Errefuxiatuak izan ziren, egungo siriarren moduan. Exodo hura gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte irailaren hasieran Abenida zubian, garaiko nazioarteko zubian. Bertatik pasa baitziren irundar gehienak, arropak, etxetresnak eta altzariak gainean hartuta. Gerratik ihesi utzi zituzten etxeak. Batzuek, ezin izan zuten inoiz bueltatu. G57359

II.Errepublikaren aurka altxatu zen Espainiako armadaren zati handi bat, 1936ko uztailaren 18an. Estatu kolpe bat izan zen, herrialdea gobernatuko zuen diktadura militarra ezartzeko helburua zuena. Huts egin zuen, ordea, ezkerreko mugimenduen eta Errepublikaren aldekoen erresistentziaren aurrean. Hiru urteko gerra luzearen hasiera izan zen. Garaiko irundarrek ez zuten halakorik espero. Aitor Puche historialariak azaldu du, hasieran behintzat, “normaltasunez” hartu zutela altxamendua: “Kontuan hartu behar da, garai hartan, matxinadak ohikoak zirela”. Kezka, edo interesa, mugimendu politikoetan eta sindikaletan izan zuten, batez ere.

Irunen, Errepublikaren aldeko ezkerreko alderdiak ziren nagusi. “Horrek balio du ulertzeko zer nolako erresistentzia topatu zuten Nafarroatik heldu ziren erasotzaileek”, adierazi du Puchek. Mola jeneralak bidalita, Iruñetik heldu ziren altxamendu militarraren aldekoak, gerrako lehen asteetan, Irun konkistatzeko asmoz. Helburu nagusietako bat zen haientzat, muga isteaz gainera, Errepublikaren aldekoen iparraldeko eremua isolatuta uzteko aukera emango zielako. Herri miliziak antolatu zituzten Irunen, etsaiari aurre egiteko asmoz. “Gerra egoera agerikoa izan zen orduan. Irungo herriaren gehiengoak bat egin zuen defentsarekin. Erresistentziarako grina bizirik zegoen”, baieztatu du Nicolás Aguirrek. Zortzi urte zituen garaian.

Batailaren nondik-norakoak

Endarlatsako zubia lehertu araztea izan zen milizianoek hartutako lehen erabakietako bat. Asturiastik etorritako artilleroek parte hartu zuten ekintzan. Berako errepidetik zetozen tropei bidea isteko modua izan zen. Bide batez, Irunen inguruko mendietan defentsa prestatzeko denbora irabazi zuten. “Nahiko ondo antolatu ziren, zituzten mugak kontuan hartuta. Eraginkorrak izan ziren, etsaiari eustea lortu baitzuten”, aitortu du Nicolás Aguirrek. Herritar soilek defendatu zuten Irun, ekipamendurik gabe, arma eta munizio eskasekin, eta estrategia eta diziplina militarra ezagutuko zituzten buruzagien falta nabariarekin.

Bandoen arteko diferentzia erabakigarria izan zen, hain zuzen ere. Prestakuntzan eta materialean alde ikaragarria zuten milizianoek erasotzaileekiko. Espainiako armada, falangistak eta errekete karlistak izan zituzten aurrean. Ondo ekipatuta, armatuta eta militar profesionalen gidaritzapean. Gainera, España eta Almirante Cervera gerra itsasontzien eta hegazkinen babesa izan zuten. Azken horien soinu beldurgarria gogoratzen du Nicolás Aguirrek: “Bonbardatzen hasi ziren, eta horrek zeharo ikaratu gintuen irundarrok. Sekula halakorik ikusi gabeak ginen”. Beste soinu bat ere gogoratzen du Aguirrek. Errepublikaren aldekoek, Guadalupeko fuerteko kanoietatik jaurtitako obusenak. Oiartzun aldera ari ziren tiroka, Beorlegui koronelaren tropen kontra.

Borrokarik latzenak Irunen inguruko mendietan izan ziren”, argitu du Aitor Puche historialariak. Beorleguiren tropek pixkanaka hartu zituzten Pikoketa, Erlaitz, eta Pagogaina, San Martzialera bidean. Bidasoa ibaiaren ertzean, haien kideek Endarlatsako oztopoa gainditzea lortu zuten, Tren Txikito ezagunaren trenbidea erabilita. Handik egin zuten aurrera, tanke, blindatu eta guzti. Biriaturen parean topatu zuten erresistentzia gogorra. Ibaiaren ertzetako batean jendea elkarri tiroka ari zen bitartean, bestean, ikuskizunaz “gozatzen” ari zirela gogoratu du Nicolás Aguirrek: “Eserlekuak eta prismatikoak alokatu zituzten”.

San Martzial mendiaren magaletan gora egiteko, zailtasun handiak izan zituzten. Altuerak eta aldapa pikoak ematen duen abantaila zuten milizianoek, eta lubakiak eraikita, gau eta egun eutsi zieten Saroiatik eta Puntta aldetik zetozen erasoei. “San Martzial galtzea erabakigarria izan zen. Historikoki ere hala izan da. San Martzial erortzearekin, Irunenak egin du”, aipatu du Puchek. Irailaren 2an gertatu zen hori. Etsaia gainean zutela ikusita, hiritarrek ihesari ekin zioten. Abuztuaren erdi aldeaz geroztik alde egiten hasiak ziren irundarrak, pixkanaka. Irailaren hasierako egunetan, ordea, arrapaladan gurutzatu zituzten zubiak.

G57366

Ihesa eta sutea

Agustin Prieto Behobiako errepidean bizi zen, eta San Martzial aldera ematen zuten leihoetan koltxoiak eta burukiak jarri zituztela adierazi du: “Galdutako balak heltzen ziren”. Bederatzi urte egin zituen irailaren lehenean, muga zeharkatu zuen egunean. Behobiako zubitik pasa zen, familiarekin: “Cinzanoren kartel handi bat zegoen, eta tiroek bertan nola jotzen zuten gogoratzen dut”. Nicolás Aguirre Behobien zegoen ordurako, lagun batzuen etxean. “Munduko egunkari nagusietako kazetariak hemen zeuden, Irungo guduaren nondik-norakoak kontatzen”, azpimarratu du.

Santiagoko Abenida zubitik ere, milaka izan ziren alde egin zutenak. Hendaiako geltokira doan etorbidean, edo biltegi moduko batzuetan pilatuta gelditu ziren, maletak eta gainerako tresnak alboan zituztela. Hendaiatik, Irun hiria sutan ikusi zuten, irailaren 4an. Etsaiaren esku utzi aurretik, miliziano anarkisten multzo batek lur errearen taktika aplikatzea erabaki zuen. Hiriari su eman zioten, puntu ezberdinetan. Tamaina handiko sutea izan zen, eta hiriaren erdi guneak jasan zituen ondoriorik larrienak. “Ondare ikaragarria galdu zen”, onartu du Puchek. Colon ibilbideko eta inguruko eraikin dotoreak kiskali egin ziren. Aguirrek iradoki du hiriko burgesia eta elitea izan zituztela jomuga: “Urdanibia plaza ez zuten ukitu”.

Hutsetik hasi

Exodoaren ondorioz, populazioaren galera ere ikaragarria izan zen. 18.500 biztanle zituen Irunek 1936an, eta 1937an, jende asko bueltatu ondoren, 9.000 baino ez ziren. “Batzuek senideak eta lagunak zituzten Hendaian, Urruñan edo Donibanen. Bizilagunen arteko lotura hori bazegoen aspalditik. Muga ez baita sekula muga izan, bidasoarrentzat”, aipatu du Aitor Puchek. Batzuk Lapurdin gelditu ziren, beraz. Beste batzuk Frantziako estatuko beste lekuetara eraman zituzten. Agustin Prietoren familia Mazamet-en izan zen. “Ganbara batean bizi izan ginen, oso baldintza txarretan. Janaria komentu batean ematen ziguten”, gogoratu du. Puchek azaldu du errefuxiatuena arazo larri bilakatu zela Frantziako gobernuarentzat.

Errepublikaren alde borrokan jarraitu nahi zutenek, eta askotan, haien familiek, Bartzelonarako bidea hartu zuten. Agustin Prieto bertan izan zen, Mazamet-eko egonaldiaren ondoren. Valentziatik ere pasa zen gero, gerra amaitu arte. Nicolás Aguirre, aldiz, aste batzuen buruan bueltatu zen Irunera, beste hainbat familiarekin batera: “Etxeak erreta edo okupatuta topatu zituen jende askok”. Gerra amaituta itzuli zen Agustin Prieto, Valentziatik, merkantzia tren batean, hiru eguneko bidaia batean: “Etxebizitzarik eta lanik gabe, zerotik hasi behar izan genuen”.

Errepresaliak izan ziren. Salaketak, atxiloketak eta fusilatzeak “Zorigaiztoko harrobi bat dago Beran. Han fusilatzen zuten jendea”, adierazi du Nicolás Aguirrek. 1940ko hamarkadaren hasierakoak izan ziren urterik gogorrenak, Aguirreren ustez: “Erbesteratutakoak bueltatu zirenean, populazioak gora egin zuen, eta gosea pasa genuen orduan. Gainera, Bigarren Mundu Gerra ibaiaren beste aldean genuen. Egonezina handia izan zen urte haietan”. Bizi baino, jendeak biziraun egin zuela adierazi du: “Ezin genien konkistatzaileei aurre egin. Jateko lan egin beharra zegoen”.

Memoria historikoa helburu

Gerraren ondorengo diktadura luzearen ondorioz, duela 80 urte gertatutakoaren alderdi asko isilarazita egon izan dira urtetan. Istorio horiek azalarazteko, memoria historikoa berreskuratzeko lana ezinbestekoa izan da. Irunen, Nicolás Guerendiain Errepublikanoen Elkarteak lan handia egin du zentzu horretan. “Desagertutako senideen inguruan informaziorik ez zuen jendeari laguntzen ahalegindu gara”, azaldu du Tino Zamora elkarteko presidenteak.

Memoria historikoaren gaian, Aiala Oronoz ikertzailea aritu da lanean. 2013-2014an, Gerra Zibilaren eta gerraosteko errepresioaren inguruko testigantzak bildu zituen: “Batzuek hitz egiteko gogoa zuten, fusilatutako edo preso egondako senideak zituztelako. Beste batzuek uste dute haiek dakitena edo gogoratzen dutena ez dela garrantzitsua”. Irungo Udalarekin lortutako akordio bati esker, elkarrizketa horiek artxiboan daude, edonoren esku. Elkarrizketek beste galdera batzuk sortu zituzten, eta haien atzetik, beste ikerketa batzuk egiten ari dira. “Gure helburua da Irunen izandako errepresioaren mapa bat osatzea”, baieztatu du Oronozek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude