Martxan jarriko dira Ikust Alaia eraikina hiriko museo berrian bihurtzeko obrak. Gipuzkoako Diputazioak eta Irungo udalaren artean sinatutako akordio baten ondorioz, diputazioak 500.000 eurotako aurrekontua bideratuko du berritze lan horiek gauzatzeko. Denis Itxaso, kultura diputatuak adierazi duenez, “Foru Aldundiak ezin zuen alde batera utzi Irungo eraikin adierazgarri hau berritzeko helburua duen proiektua”.
Obren helburu nagusia eraikinaren irisgarritasuna hobetzea izango da eta, horretarako, 993.000 eurotako aurrekontua izango dute eta obrak 9 hilabeteetako luzapena izango duela kalkulatzen da. Honela, eraikin historikoa berritzeaz gain, eraikinari erabilera publikoa ematea eta sortuko diren espazio zabalagoei erabilera anitza ematea bilatzen da, ekintza ezberdinen antolaketaren bitartez.
“Foru Aldundiak ezin zuen alde batera utzi Irungo eraikin
adierazgarri hau berritzeko helburua duen proiektua”
Denis Itxaso, kultura diputatua
Proiektu museologikoa
Kultura arloak proposaturiko proiektu museologiko horren bitartez, Irungo historiaren errepaso bat egin nahi da, horretarako, hiriko artista internazionalena izan zen Luis Marianoren irudia ardatz moduan erabiliko delarik. Etorkizunean publikoari ateak zabalduko dizkion museoan Luis Marianoren objektu eta material pertsonalak ikusteaz gain, Irungo historiarekin lotura duten eta erakusteko modukoak diren gaiak, materialak eta fondoak ikusgai ipiniko dira ere.
Museoan landuko den garai historikoa definitzen laguntzeko, aduanak barnealdetik kostaldera eraman eta Irun muga-hiri bihurtu zen XIX. mendeko garaia hartu da erreferentziatzat. Horrela, beste gai batzuen artea, trenbidea hirira iritsi zen garaia edo hiriko garai industrialean sakondu nahi da.
Eremu anitzak
Gauzak horrela, eraikin berritu honen barnean, era askotariko eremuen eraikuntza aurreikusten da abiapuntua den proiektu museologikoan. Erakusketara bideratuko diren aretoez gain, harrera-gunea, musika gela, era guztietarako jarduerak burutzeko baliagarria izango den areto balioanitza eta heziketa-gune baten eraikuntzarekin osatu nahi da eraikina.
“Gure ideia proposamen hau hemendik aurrera sozializatzea da eta
pertsona eta elkarte interesdun guztien ekarpenak jasotzeko prest gaude”
Juncal Eizaguirre, udal kultura ordezkaria
Eraikina osatuko duten eremu ezberdinen antzera, museoan ikusgai egongo diren edukiak ere aldakorrak eta anitzak izatea nahi da. Juncal Eizaguirre, Irungo Udaleko kultura ordezkariak azaldu du, “gure ideia proposamen hau hemendik aurrera sozializatzea da eta pertsona eta elkarte interesdun guztien ekarpenak jasotzeko prest gaude”. Hau da, museoko edukiak ez dira finkoak izango eta Irungo hiritarrek bilduma osatu eta berritzen joateko aukera izango dute prozesuan ikerketaren integrazioa eta hiriko elkarteei museoko aktibitateetan parte hartzeko emango zaien aukeraren bidez.
Obra fase ezberdinetan
Obra hiru fasetan gauzatuko da. Lehen fasean, eraikinaren estruktura birgaitu eta eraikinaren zimendatzeari ekingo zaio. Horrela, espazio zabalagoak sortu ahal izateko eraikinaren barneko gela batzuk behera botatzea beharrezkoa izango da. Bestetik, karga handiagoak eutsi ahal izateko, eraikinaren estruktura sendotuko da.
Bigarren fasean komunikazioa nukleo berriak sortuko dira, solairu guztietarako sarbidea ahalbidetuko duten igogailu eta eskaileren eraikuntzaren bitartez. Gainera, eraikinaren kanpoaldean arrapala ezberdinak eraikiko dira ere. Azkenik, hirugarren fasearen barnean eraikinaren fatxada zein estalkiak birgaituko dira.