Hiriko zazpi ikastetxek parte hartuko dute Eskola Agenda 2030 ekimenean

Ikasturte honetan, Irungo zazpi ikastetxek parte hartuko dute Eskola Agenda 2030 programan. 2004an sortu zen ekimena, eta bi helburu ditu: ikasleen artean jasangarritasun ohiturak sustatzea eta aztertzea zer-nolako egoeran dagoen hiria alde horretatik.

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak sustatzen du programa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesarekin. Aurtengo kurtsoa martxan dago jadanik, eta, aurrekoetan bezala, Irungo ikasleek Nazio Batuek garapen jasangarrirako finkatutako helburuak aztertuko dituzte; oraingoan, zazpigarrena, zeina energia eskuragarri eta ez-kutsagarriari dagokion.

Urtarriletik martxora bitartean, adin guztietako ikasleek energiaren jatorria eta energia motak zein diren ikasiko dute, eta hiriaren diagnostiko energetiko bat egingo dute, in situ: iturri berriztagarriak, energia kontsumoa murrizteko aukerak, mugikortasuna…

Diagnostikoaren bidez, puntu sentiberak identifikatuko dituzte, eta, ondoren, hobekuntza proposamen bat egingo diete alkateari eta gainontzeko udal ordezkariei. Era berean, gai horiek beren eguneroko bizitzan integratzeko konpromiso pertsonalak hartuko dituzte, energiaren kudeaketa herritar guztien ardura dela barneratzeko.

Ekimenaren funtzionamendua

Eskola Agenda 2030 ekimenak hiru ardatz lantzen ditu: curriculuma, ikastetxea eta udalerrian parte hartzea. Orain arte, askotariko gaiak landu dira, hala nola ura, energia, eskualdeko mugikortasuna, kontsumoa eta elikadura jasangarria, eta, 2020-2021 kurtsotik aurrera, garapen jasangarrirako helburuak landuko dituzte ikastetxeek. Behin aukeratutako helburua curriculumean sartuta eta zentroaren kudeaketaren diagnostikoa eginda, jarduketa plan bat prestatuko dute, balizko hobekuntzak proposatzeko, eta, ildo horretatik, hainbat jarduera eramango dituzte aurrera, ikasgelan zein kalean, pandemiaren bilakaeraren arabera.

Lortutako emaitzekin, konpromiso pertsonal batzuk hartzeaz gain, udal ordezkarientzako proposamenen dokumentu bat sortuko da, eta, ikasturte bukaeran, udaletxeko areto nagusian aurkeztuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude