Udaleko Berdintasun arlotik Irungo Emakumeen Etxea ahalik eta azkarren gauzatzeko konpromisoarekin bat eginez, parte hartze prozesua egungo egoerara egokitzea beharrezkoa izan da. Gauzak horrela, Emakumeen Etxearen proiektuaren inguruan urrats berriak emateko martxoan hiru saio egingo dira formatu telematikoan.
Pandemiaren bilakaera ikusita, Irungo Emakumeen Etxea diseinatzeko partaidetza-prozesuaren talde eragileak, azaroan online egindako bileran, prozesua aldi baterako eten behar zela erabaki zuen. Izan ere, proiektua aurrez aurre egitea ezinezkoa zela ikusita, urtearen hasieran egoera berrikusteko konpromisoa hartu zen.
Lehenbailehen urrats berriak emateko konpromisoa berresteko, saioak online egiteko hiru data zehaztu dira. Lehen saioa martxoaren 11ean egingo da, etxearen kudeaketarekin loturiko gaiak argitzeko. Martxoaren 18an egingo den bigarren saioan, aldiz, Irungo Emakumeen Etxeak izan ditzakeen erabilera ezberdinen inguruan gogoeta egingo da. Azken saio telematikoa, berriz, martxoaren 25ekoa izango da eta Emakumeen Etxeak izan beharreko ekipamenduen inguruan hausnartuko da. Saio guziak arratsaldeko 17:30etan hasiko dira eta gehienez bi ordu eta erdiko iraupena izango dute.
Guzitra, 80 dira Irungo Emakumeen etxearen sorreran parte-hartzeko izena eman duten emakumeak. Horregatik, datozen egunetan zehar antolatzaileak parte-hartzaile guztiekin harremanetan jarriko dira, saio telematikoetan parte-hartzeko behar informatikorik duten jakin eta saioei begira zein hizkuntza-lehentasun duten jakiteko. Miren Echeveste Berdintasun ordezkariak azaldu duenez asko dira prozesuan eztabaidatu beharreko gaiak. Momentuz online saioen bitartez landuko diren hiru gai horiek argitzeari ekingo zaio eta, aurrerago, Berdintasun arlotik proiektuarekin aurrez aurre jarraitzeko aukera izatea espero da.
Bide telematikoak etendura saihesteko
Miren Echeveste Berdintasun arloko ordezkariak jakinarazi duenez, Emakumeen Etxearen proiektua garatzeko urratsak ematen jarraitu nahi da. Era berean, proiektuaren garapenerako hurrengo urratsak osasun krisialdia dela eta indarrean dauden murriztapenak errespetatuz egingo direla baieztatu du Berdintasun ordezkariak. Miren Echevestek adierazi duenez, “argi eta garbi ikusi dugu prozesua berriz ere martxan jartzeko modu bakarra online egitea da”.
Egungo egoera kontutan hartuta prozesuaren garapena aurrez aurre egitea ezinezkoa dela ikusi ostean, Berdintasun Zerbitzuak mahai gainean zeuden aukera guztiak aztertu zituen. Aukera horien artean prozesua bertan behera uzteko erabakia ere eztabaidatu zen, pandemiak berriko proiektuari ekiteko aukera eman arte. Prozesua modu telematikoan gauzatzea konplikatuagoa izango bada ere, Berdintasun arlotik prozesuaren hurrengo urratsak modu telematikoan emateko aukera probatu nahi izan da Emakumeen Etxearen proiektu guztiz eten ordez. Izan ere, saioak online egin arren, emakume guztiek parte hartzeko konpromisoari eutsi nahi zaio. Dena den, prozesuak online behar bezala funtzionatzen ez duela ikusiko balitz, edozein unetan proiektua eteteko aukera dagoela gogoratu du Miren Echevestek.
Bestetik, otsaileko hilabetearen hasieran prozesuan izena eman zuten emakume guztiei posta elektronikoz Euskadiko Emakumeen Etxeen esperientzei buruzko dokumentua helarazi zitzaien. Helburua online saioen aurretik parte-hartzaileek dokumentua irakurrita izatea da, inguruko emakumeen etxeetan zer egiten den eta nola funtzionatzen duten jakin dezaten. Miren Echevestek adierazi duenez, hurbileko beste esperientzia batzuk ezagutzeak Irungo Emakumeen Etxea zer izan daitekeen eta parte-hartzaileen nahiak zehazteko lagungarria izan daiteke.