Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, mugaz gaindiko proiektuak sustatzera bideratutako «Hiruak Bat» laguntzak aurkeztu dituzte.
Miguel Ángel Páez Partzuergoko zuzendaritza batzordeko presidenteak adierazi duenez, “Irun, Hondarribia edo Hendaiako pertsonentzako eta enpresentzako tranpolin bat izan nahi duen laguntza-programa honen lehen edizioa da, turismoa, hezkuntza, mugikortasuna edo gizarte arlokoak bezalako gaien mugaz gaindiko proiektu bat garatu nahi dutenentzat, besteak beste”.
Laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 24ra artekoa da, eta indarrean dagoen legediaren arabera eratutako pertsona fisiko edo juridikoek eska dezakete, kasuan kasuko erregistroetan izena emanda eta egoitza soziala Bidasoa-Txingudi Eskualdeko hiru hirietako batean, Irunen, Hondarribian edo Hendaian dutela.
Diru-laguntza hauek eskuratu nahi dituztenek eskabidea beteta eta beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bulegoetan, Ducoureau Jauregiaren helbidean (Hendaia kalea 8, Irun), 14: 30ak baino lehen.
Mugaz gaindiko proiektuak
Aurkeztu nahi diren proiektuek ezaugarri espezifikoak izan beharko dituzte, hala nola hiru hirien inplikazioa, euskararen, gaztelaniaren eta frantsesaren erabilera edo Irun, Hondarribia eta Hendaiako herritarren inplikazioa, besteak beste.
Gainera, esleipen-ekitaldian zehar hasi beharko da proiektuak gauzatzen, gehienez ere 12 hilabeteko iraupenarekin.
Lehenengo deialdian, laguntza hiru proiektuk jaso zuten: BiOnBe, Bidasoa-Txingudi eskualdean kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko lankidetzazko irtenbide digitala; Irrati Irisgarria, www.antxetamedia.eus webgunean, entzuteko desgaitasuna duten pertsonentzako irratsaioen transkripzio-sistema bat instalatzeko; eta, Bidaia, banda eta korurako obra bat, euskal kulturaren ibilbidea gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez kontatzen duena.
Kostu osoaren % 50.
Oinarri hauetan araututako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren xede den jardueraren kostu osoaren % 50era iritsi ahal izango da. Kostu hori, beste laguntza publiko batzuei gehituta, ezin izango da jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan.
Proposamenen ebaluazioa
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak aztertuko ditu jasotako eskaerak, eta txosten tekniko bat aurkeztuko dute. Ebazpena urtea amaitu baino lehen jakinaraziko da, proiektuak aurten bertan has daitezen.