Hondarribian Bizikidetzaz Blagan ekimena dinamizatu du Maider Martiarena Bakeolako kideak
Elkarri hitz egitea eta entzutea, norberaren bizipenak partekatzea. Hori izaten da gatazkak gainditzeko urratsak emateko modu eraginkorrenetako bat. Hala uste du, behintzat, Maider Martiarena Katea auzoko irundarrak. Badaki zertaz ari den, Bakeolan, EDE Fundazioko Bizikidetza, Gatazka eta Giza Eskubideen zentroan lan egiten baitu. Bertako kide gisa, Hondarribian bizikidetzaren inguruan aurrera eraman duten dinamikan parte hartu du, koordinatzaile eta dinamizatzaile lanean.
Motibazio politikoko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen inguruan bizipenak partekatzeko espazio bat sortzeko asmoaren berri eman zion Hondarribiko Udalak Bakeolari, 2015ean. Hasteko, hirian gaiaren inguruan interesa izan zezakeen jendearen zerrenda osatu zutela azaldu du Maider Martiarenak. Ezaugarri ezberdinetako jendea bilatu zutela zehaztu du, adin, sexu, lan arlo eta kokapen ideologikoei zegokienez. Herritar guzti horiek gutun bana jaso zuten, eta baiezkoa erantzun zutenen artean, azken lan taldea eratu zuten.
Jendearen erantzun baikorraren eragileen artean bi faktore azpimarratu ditu Martiarenak: Hondarribiko Udalaren babesa, eta alderdi politiko guztien adostasuna. “Hiritar askorentzat, udalaren babesa edukitzea lasaigarria da. Familia politiko guztiak tartean baldin badaude, are gehiago”, aitortu du Maider Martiarenak. Bospasei saio egin zituzten, Hondarribiko Udaletxean bertan. Indarkeriaren ondorioz bizi izandakoa elkarri kontatu eta aztertu zuten, eta aurrera begira dituzten itxaropenen eta asmoen inguruan aritu ziren hizketan. “Oso aberasgarria izan zen. Taldeko jendearen parte hartzea handia izan zen”, onartu du Maria Jesús Garín taldeko kideak.
“Hiritar askorentzat, udalaren babesa edukitzea lasaigarria da”
Maider Martiarena, Bakeolako kidea
“Askotan, ondoan bizi garen arren, ez dugu aldamenekoaren bizipenen berri izaten”
Maider Martiarena, Bakeolako kidea
Bakoitzaren esperientziak kontatu zituzten, eta ondokoek bizi izandakoez jabetu ziren. Batez ere, elkarri entzuteko aukera ona izan zela azpimarratu du Maider Martiarenak: “Askotan, ondoan bizi garen arren, ez dugu aldamenekoaren bizipenen berri izaten”. Lan saioak diseinatzen eta dinamizatzen aritu zen Martiarena. Aipatu du ez zutela telebistan agertu diren gertakizunez hitz egin nahi izan. Eguneroko jarreretan, askotan itzalean geratzen diren horietan sakondu zuten, horren ordez: elkar ikusi ezina, bestea etsai gisa hartzea, bizkarra ematea, posizionatzera behartzea etab. “Gai batzuk minez gogoratzen zituzten, eta momentu gogorrak izan ziren. Baina itxaropenez beterikoak ere bai”, argitu du Martiarenak.
Gaizki kudeatutako edozein gatazkatan egoerak errepikatu egiten direla nabarmendu du Bakeolako kideak. Horregatik, haien azterketa eta lanketa baliagarria izan daitekeela, beste eremu batzuetan aplikatu ahal izateko. Motibazio politikoko indarkeria gurera sekula bueltatuko ez balitz ere, gatazkak behin eta berriro sortuko dira. Horiei aurre egiteko, aurretik izandako jarrerak aztertzea ezinbestekoa dela uste du Maider Martiarenak: “Ez dugu hausnartzen momentu jakin batean zer egin genuen, bidezko jokabidea eduki genuen, edo masak egiten zuena jarraitu genuen, besterik gabe”. Bekaolako kideak argi dauka urtetan isilpean egon izan diren pentsamenduak azaleratzetik etor daitekeela normalizazioa.
Deialdi zabala, hiritar guztientzat
Lan taldean parte hartu zuten pertsonen esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan zenez, ekimena zabaltzea erabaki zuten antolatzaileek. Hondarribian Bizikidetzaz Blagan jarduera sorta prestatu zuten. Lau saioko egitaraua izan zen, eta hiri osoan zabaldu zuten deialdia, komunikabideen eta udalaren baliabideen bitartez. “Egin genuen sukaldeko lana azaleratu nahi izan genuen, herritarren parte hartzea bultzatzeko”, adierazi du Koldo Ortega taldeko partaideak. Hondarribiko Alde Zaharreko Kultur Etxean egin zituzten bideo eta antzerki emanaldiak, eta ondorengo eztabaidak. Azken horiei eman die balio gehien, hain zuzen ere, Maider Martiarenak: “Elkarrizketa horietan sortu ziren hausnarketak oso interesgarriak izan ziren”.
Hondarribiko hurrengo taldea eratzeko lanean ari dira momentu honetan. Baina eskualde mailako beste baten beharraren inguruan ere hausnartu du Martiarenak. Onartu du aberasgarria izango litzatekeela, oso era ezberdinean bizi izan baita euskal gatazka Hegoaldean eta Iparraldean. Kasu horretan, Behe Bidasoa eskualdeko hiru hizkuntzen presentziaren beharra nabarmendu du, dena den: “Oso garrantzitsua da parte hartzaile bakoitza erosoen sentiarazten duen hizkuntzan aritu ahal izatea”. Bestalde, agerikoa da halako espazioak beste gai batzuetara zabal daitezkeela. Martiarenak adibide gisa aipatu ditu Gipuzkoan horrenbesteko zalaparta sortu duen zabor bilketa, edo eskualdean aski ezaguna den Alardeen inguruko afera: “Gatazka baten ondorioen eredu handi bat da. Ariketa polita litzateke soilik elkarri entzutea”. Kateakoak argitu du Bekolako kide moduan lan hori ez dagokiola berari. Bidasoarra den aldetik, ordea, gaiaren inguruko elkarrizketa espazio baten beharra aldarrikatu du.