Gu Geu egitasmoari esker 156 lagunek euskarazko, frantsezko eta gaztelaniazko mintza praktikak egiten dituzte.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak badiako hiru herrietan erabiltzen diren hizkuntzetako taldean mintza praktikak egin ahal izateko Gu Geu egitasmoa abian jarri du aurten. Mugi Hadi elkartearen lankidetzaz eta Betti Gotti zein Amicale Laïque elkarteen laguntzaz, arrakasta polita erdietsi duen jarduera martxan da ikasturte hasieratik.
Guztira 156 lagunek parte hartzen dute 9 taldetan banatuak: frantseseko 7 eta euskarazko eta gaztelaniazko bana. Astean behin bi orduko saio bat egiten dute elkarlanean hizkuntza maila hobetzeko. “Ikasteaz gain egitasmo honek badu beste xede nagusi bat: Irun, Hondarribia eta Hendaia ezagutzea”, azaldu du Partzuergoko teknikari Javier Gonzalezek. “Hartara bisitak, txangoak eta bestelako jarduerak antolatzen dira. Adibidez, Abadiako gaztelura edo Hendaiako txokolate fabrikara. Argazki muntaia ere egin dute Emakumaren Astea kari”.
Halaber, Gu Geu egitasmoaren beste ezaugarri nagusitako bat da talde bakoitzak dinamizatzaile baten laguntza daukala. “Haien lanak, batez hasieran, berebiziko garrantzia dauka, taldekideen artean konfidantza bultzatzeko ekintzak prestatzen dituelako. Helburua, ordea, pixkanaka taldearen kudeaketa taldekideek egitea da”.
Aurrera begira, taldeen arteko elkarekintza aurreikusi da. Dagoeneko argazki ibilaldia antolatuko duela iragarri du Partzuergoak.
Parte hartzaileen artean badira hizkuntza ikasi nahi dutenak komunikazio tresna gisa erabili ahal izateko, baina badira ere agiri ofizialak eskuratzeko xedez dihardutenak. Perfil horretako ikasleentzat Gu Geuk ikasketa tresnak jartzen ditu eskura. Esate baterako, testuen ulermena, idazketa, gramatika eta entzumena hobetzeko, euskarri informatikoan dagoen web gunea. Horrela, kalitatea irabaziz, irakaskuntza formalago eta akademiko baten osagarri bilakatu da Gu Geu.
Oso esperientzia aberasgarria
Miren Polo, Betti Gotti elkarteteko kidea, euskarazko taldearen dinamizatzailea da. Astero biltzen da taldekideekin Mondragon Unibertsitatean mintzatzeko. “Oso pozgarria da ikustea euskaraz hitz egiteko gogoa duen jendearekin aritzea. Esperientzia polita eta aberasgarria da”.
Taldean azterketak jomuga dituztenak badaude baita garai batean hitz egiten zutenak baina gaur egun, inguru erdaldunaren eraginez, ezin erabili dabiltzanak ere.