Hobekuntzak oinezkoen mugikortasunean, irisgarritasunean eta bidegorri sarean

Irungo Udalak jakinarazi du hainbat lan abian jarri direla hiriko zenbait tokitan, irisgarritasuna eta oinezkoen edo txirrindularien mugikortasuna hobetzeko. Zehazki, oinezkoen ardatzen kanpaina berria, Txingudi ikastolaren eta Jaitzubia hiribidearen arteko lotura eta bidegorriak elkarrekin lotzeko proiektua jarri dira martxan.

Oinezkoen ardatzak

Obra arloak arazoren bat duten hiriko sei puntu identifikatu ditu (adibidez, zoladura egoera txarrean egotea, argiztapen eskasa izatea, espaloi estuegiak edo dagoeneko existitzen diren ibilbideak lotzeko bide-zatiak edo zebrabideak faltatzea).  Leku hauetan egingo dira obrak: Berrueta margolaria kalearen eta Artiga ibilbidearen arteko bidegurutzea, Teodoro Murua kalea 5-11, Juan  de Albisu kalea (Zabaltza plazaren eta Vicente Laffite kalearen arteko zatia), Alzukaitz kalea – Toki Alai H.H., Uranzu kalea 51-55, eta Ibis hotelaren pareko zebrabide semaforoduna, Letxunborro hiribidean.

Cristina Laborda ordezkariaren hitzetan, «auzotarren egunerokotasunean oso mesedegarriak izan daitezke esku-hartze hauek, esate baterako espaloi zabalago bat izatea, zebrabideak semaforoa izatea edo ingurua hobeto argiztatua egotea.  Gainera, kanpaina herritarren eskariei erantzunez programatu da, kontuan hartuta hala auzo-elkarteen proposamenak nola partikularrek beren kasa egindakoak». Idatzitako proiektu teknikoak 434.470,34 euroko aurrekontua da, eta 308.677,96 euroko laguntza jasoko du Europako funtsetatik. Exekuzio-epea 6 hilabetekoa izango da.

Txingudi Ikastolaren eta Jaitzubia hiribidea

 Duela gutxi, Jaitzubia hiribideko espaloia zabaltzeko lanak egin ziren, eta duela urte batzuk espaloi hori eta Urdanibia auzoa lotzeko zebrabideak jarri ziren, oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Orain, jarraipena emango zaie lan horiei guztiei. Helburua Jaitzubia hiribidearen eta ikastolaren artean oinezkoentzako ibilbide jarraitu eta seguru bat sortzea da. Zoladura eta seinaleak hobetuko dira, eta segurtasuna areagotuko da, eremu batzuetan balizak jarriz. Horrez gain, argi berriak instalatuko dira ibilbide guztian, Txingudi ikastolara iritsi arte, hori delarik esku-hartzerik esanguratsuena. Jarduketa honek 88.106,11 euroko aurrekontua du.

Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak esan duenez, «horrelako esku-hartzeek joan-etorri jasangarriak sustatzeko egiten ditugun ekintzak indartzen dituzte. Gure hiria oinez ibiltzeko modukoa da eta, horregatik, espaloiak hobetzea edo oinezkoentzako ibilbiderik ez dagoen lekuetan ibilbide horiek sortzea norabide egokian eginiko urratsak dira, oinez mugitzearen abantailez jabetzeko balio dute eta. Funtsezko beste alderdi bat ere hobetuko dugu egun hauetan: bidegorri-zatiak lotuko ditugu, eta horrela Irungo txirrindularientzako sarea zabalduko dugu».

Bidegorrien lotur

 2020ko partaidetza bidezko aurrekontuen prozesuan, hiriko bidegorri sarean egiteke daude bide-zatiak osatzeko proposamena agertu zen boto gehien lortu zituztenen artean. Hiriaren eguneko konfigurazioak eskaintzen dituen aukeren artean, bide-zati horiek osa daitezkeen bi puntu lokalizatu dira, proposamen horri erantzuteko:

1. jarduketa.- Antonio Valverde eta Juan Thalamas Labandibar arteko lotura: lotura honen bidez, Antonio Valverde kaleko bidegorria Juan Thalamas Labandibar kalekoarekin lotuko litzateke (azken kale horretan 20 km/h-ra dago mugatua abiadura, eta zuzeneko lotura du Azken Portuko kiroldegiarekin).

2. jarduketa.- Alai Txoko – Olaketa Alarde lotura: helburua Alai Txoko parkeko bidegorria eta Alarde eremuan egitekoa dena lotzea da. Loturak 200 m inguruko luzera izango luke.

Proiektua Construcciones Otegui-Gaztañaga enpresari esleitu zaio, 126.250,94 euroko aurrekontuan (BEZ barne). Exekuzio-epea hiru hilabete eta erdikoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude