Hiritarrek ez dute hobekuntza lanen eraginik jasango
Edateko uraren sarea hobetzeko lanean ari da Txinzer Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatea. Zehatzago, Ibaietako depositutik Olaberria, Larreaundi, Santiago, Mendibil auzoetara eta hiri erdira ur edangarria eramaten duten hodiak berritzen ari da entitate publikoa. “Lehentasun handiko lanak” zirela baieztatu du Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak, 50 urte baino gehiago zituztelako zaharrek: “Edateko urarena oinarrizko zerbitzua da”.
“Edateko urarena oinarrizko zerbitzua da”
Leire Zubitur, Txinzerreko gerentea
300.000 euroko inbertsioa egingo du Txinzerrek, eta hiru hilabeteko epea du lanak aurrera eramateko. 2025 Inbertsio Planaren baitako hobekuntza lanak dira momentu honetan aurrera eramaten ari direnak. Lehen fase bat burutu zuten 2014 urtean, Urdanibia plaza berritzeko obra aprobetxatuta. Orduan, Santa Elena kalearen azpitik Ermita kaleko zubiraino doan zatiko hoditeria aldatu zuten. Orain, berriz, landa eremuan egingo dituzte lanak. Hortaz, ez dute inolako eraginik edukiko hiriko trafikoan eta aparkalekuetan.
“Gure helburua da hiritarrei inolako kalterik ez eragitea”
Leire Zubitur, Txinzerreko gerentea
Lanak bukatu bitarteko hiru hilabeteetan, Ibaietako deposituak ez du zerbitzurik emango. Haren ordez, alabaina, Blaia eta Artia artean dagoen Buenabista muinoko depositutik egingo dute lotura, bypass erakoa. “Gure helburua da hiritarrei inolako kalterik ez eragitea, normaltasunez bizitzen jarraitu ahal izan dezaten haien egunerokoan”, argitu du Leire Zubiturrek. Edateko urarena oinarrizko zerbitzua izanik, lanak diseinatzerakoan “ oso zuhur” ibili direla baieztatu du Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak. Edozein arazo edo zalantza edukiz gero, 900 119 384 telefono zenbakira deitzeko edo txingudi@txinzer.com helbide elektronikora idazteko gonbidapena luzatu du Zubiturrek.
Kaleak garbitzeko makina berriak
Irungo eta Hondarribiko kaleak garbitzeko gailu elektriko berriak ditu Txingudiko Zerbitzuak-ek. Kutsadura murrizteko aukera emango dute, ez dutelako CO2rik isurtzen, ezta olio hidraulikoaren jariorik ere. Gainera, zarata gutxiago ateratzen dute, %30 gutxiago, zehatzago. Makina berriek litiozko bateriekin funtzionatzen dute. Zortzi-bederatzi orduko autonomia dute, eta zazpi ordu behar dituzte erabat kargatzeko. 148.356 euroko kostua du gailu bakoitzak. Datozen egunetan egongo dira martxan, hiriko kaleetan.