Hogeita hamasei tipo

Malmö estudioaren eskutik dator Gazteartean Expo ekimeneko hirugarren erakusketa

Urtarrilaren 22an hasi da Gazteartean Expo programako hirugarren erakusketa, Martindozenea Gaztelekuan. Elizondoko Malmö estudioko kideek erakutsiko dute haien lana oraingoan. 36 days of type proiekturako diseinatutako letrak eta zenbakiak aurkeztuko dituzte. “Diseinua erreferentea da gazteentzat, haien egunerokoan oso barneratuta baitago”, adierazi du Garikoitz Murua GKO Galleryko kide eta Gazteartean Expo ekimeneko antolatzaileak. Irunen Kunsthal diseinu eskola dagoela kontuan hartuta, ikasleentzat estudioko jendea ezagutzeko aukera ona izan daitekeela azpimarratu du. SONY DSC

Gazteartean Expo programa 2015eko azaroan jarri zuen martxan Irungo Udaleko Gazteria arloak. Elkarri lotuta dauden bi helburu ditu ekimenak. Alde batetik, sortzaile gazteei erakusketak egiteko aukera eskaintzea. Bestetik, hiriko gazteak artearen mundura erakartzea. “Gazteen artean erakustetara hurbiltzeko benetako interesa sortu nahi dugu. Haien egunerokoaren parte bilakatu nahi dugu artea, sormen lana eta lan artistikoa balora ditzaten”, azaldu du Josune Gomez Gazteria arloko ordezkariak. Hori dela eta, Martindozenea Gaztelekua hautatu dute erakusketak egiteko. Iñaki Gonzalez Fortun diseinatzaile grafiko eta arte zuzendariak bere lanetan dagoen fusioaren lagin batzuk eskaini zituen lehen erakusketan. Bigarrenean, Oier Gil ikus-entzunezkoetan aritzen den artistak Akwaba Ghana izeneko argazki bilduma aurkeztu zuen.

Hirugarren erakusketa urtarrilaren 22an hasi da, eta otsailaren 19ra arte egongo da Martindozenea Gaztelekuan, asteartetik larunbatera, arratsaldez. Artista nafarrak gonbidatu dituzte oraingoan, baztandarrak. Elizondon dagoen Malmö estudioko kideek haien 36 days of type proiektuaren emaitza aurkeztu dute. Interneten sortutako ekimena da 36 days of type, Nina Sans eta Rafa Goikoetxea artisten bultzadaz. Tipografia maratoia da. 36 egunez, egunean tipo bat diseinatu behar izaten dute parte hartzaileek (Atik Zra eta 0tik 9ra). Ondoren Instagram sare sozialean elkarbanatzen dute tipoa, eta egun bakoitzeko onenak proiektuaren kontu ofizialean nabarmentzen dituzte antolatzaileek. Gaztelekuko erakusketan, haiek diseinatutako 36 tipoak erakutsiko dituzte Malmöko kideek. “Proiektua bukatu genuelarik, konturatu ginen estudioaren izaera arras ongi erakusten zuela. Ilustrazioaren barruan estilo ezberdinak jorratzeko dugun gaitasuna, adibidez. Horregatik, 36 tipoak batera erakusteko asmoz genbiltzan, baina ez genuen momentu edo leku egokia topatzen”, argitu du Maria Gaztelupe Malmö estudioko komunikazio arduradunak.

Ongi dago zure gremiokoen kritikak eta iruzkinak jasotzea”
Juan Angel Perotxena, diseinatzailea eta ilustratzailea
Ate aunitz ireki zizkigun proiektuak”
Maria Gaztelupe, komunikazio arduraduna
Ekimen boluntarioa, baina aberasgarria

Doako proiektu boluntarioa da 36 days of type, eta ez dago saririk. Hala ere, hilabete pasatxoko epean egunean hiruzpalau ordu lan horretan emateak merezi duela uste du Perotxenak: “Lan komertzialak ongi daude, fakturak ordaintzen dituzulako horiekin. Baina noizean behin horrelako proiektuetan parte hartzea gustatzen zaigu. Honek, adibidez, sekulako askatasuna ematen du, estilo pertsonala lantzeko eta esperimentatzeko”. Beste alde interesgarria da parte hartzen duten artisten artean sortzen den elkarreragina. “Ongi dago zure gremiokoen kritikak eta iruzkinak jasotzea, eta besteen lanak ikustea ere oso aberasgarria da”, baieztatu du Juan Angel Perotxenak. 36 days of type-eko parte hartzeak haien lana zabaltzeko aukera eman zien. “Poster bat egin genuen tipo horiekin, estudioetara bidali genuen, eta ate aunitz ireki zizkigun. Gainera, The Balde aldizkariaren azalean agertu zen”, azpimarratu du Maria Gaztelupe Malmöko komunikazio arduradunak. Posterraren edizio mugatu bat ere banatu dute Martindozenean, 50 alekoa, erakusketara hurbildu diren lehen bisitarien artean.

Haranetik mundura

Duela bost urte sortu zen Malmö estudioa Elinzondon (Nafarroa). Juan Angel Perotxena diseinatzailea eta ilustratzailea da, eta Maria Gaztelupe komunikazioaren arloaz arduratzen da. Garikoitz Murua GKO Galleryko kide eta Gazteartean Expoko antolatzaileak haien lana goraipatu du: “Lan serioa egiten dute, oso interesgarria. Badu Euskal Herriko kultura tradizionalaren ukitua, baina modu berezian lantzen dituzte elementuak”. Nahasketarako duten joera onartu du Perotxenak. Baztan leku turistikoa izanik, ohiko souvenir produktuei buelta eman eta pieza bakar eta esklusiboak sortu nahi izan dituzte. Puxkek marka sortu dute horretarako. “Baztanen lauburuak eta euskal tipografia ikus daitezke non nahi. Guk euskal kultura, gure nortasuna, diseinuarekin nahasten dugu. Hirietan ez dago halako konplexurik, baina Baztanen sobera tradizionalak gara”, argitu du Perotxenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude