Hondarribia Arraun Elkarteko emakumezko arraunlari irundarren bizipenak

Ane Bayo eta Ania Perez Hondarribia Arraun Elkarteak ETE Ligan duen taldeko arraunlari irundarrak dira. Ane Bayo kasualidadez iritsi zen Hondarribia arraun elkarter unibertsitateko praktiketan arrauna probatu ostean, kirol honetan murgiltzea erabaki zuen eta hauxe izango da klub hondarribiarrean egingo duen bigarren denboraldia. Ania Perez, berriz, kanoaren munduan abiatu zen Santiagotarrak Kirol Elkartean eta, urte batzuetan zehar ur-kiroletik aldenduta ibili ostean, Hondarribia Arraun Elkartean sartzera animatu zen. Bakoitzaren istorioa ezberdina bada ere, biok arraunarekiko zaletasuna partekatzen dute.

 

 

 

 

Nola hasi duzue denboraldia?
Ane: Denboraldia ez da oso ondo hasi, izan ere, lau regata izan ditugu eta horietatik 3tan laugarren gelditu gara eta bakarrean soilik hirugarren. Hemendik aurrera hirugarren postu gehiago lortzea espero dugu Play Off-a saiesteko.

Emaitzetan hobekuntza nabaritzen ari zarete?
Ania: Bai, burua hotz mantendu behar dugu. Igandean laugarren gelditu ginen segundo bateko aldearekin, besteak beste, urduri jarri ginelako eta kontzentrazio faltagatik.

San Juanek liga utzi ostean, norgehiagoka espero zena baino estuago dabil?
Ane: Bai, oso argi gelditu da Oriok eta Arraun Lagunak nahiko maila antzekoa dutela. Guk aurrekoan zortea izan genuen, segundo gutxitara gelditu ginen, eta borroka hor dago.

Ania: Gerta daiteke estropada batetik bestera segundoen aldea asko handitzea edo murriztea, edozer gauza dela medio. Aurkarietatik geroz eta hurbilago gaudela uste dut.

San Juaneko arraunlariak ligako talde ezberdinen artean banatzeak ligaren berdinketa eragin duela uste duzue?
Ane: Bai, adibidez gurera Nerea Perez, orain gure patroia dena, etorri da, beste klubetara arraunlariak joan diren bezala. Hori klubarentzako gehigarri bat izan daiteke, nahiz eta kluba guztiz ez baldintzatu.

Ania: Esan beharra dago sekulako zorte izan dugula Nerea gure klubera etortzearekin, oso arraunlari ona delako eta oso pozik gaudelako berarekin.

Arraunean aritzeko konstantzia mantentzea beharrezkoa da?
Ane: Bai, udako lanaz gain, urtean zehar astero 6 egun entrenatu behar dituzu eta entrenamendu bakoitzak 2 orduko iraupena izan dezake. Arraunean sartzeko denbora, disziplina eta gogoa izatea ezinbestekoa da.

Ania: Esfortzu fisikoaz gain, psikologikoki indarra izatea beharrezkoa da ere. Gainera, guk kanpoan ikasten dugunez, motibazio puntu hori beharrezkoa dugu ikasketekin tartekatzeko.

Txapelketari begira, zein da zuen helburua?
Ane: Azken postu hori saihestea eta, gutxienez, hirugarren postua lortzea.

Orain bi puntuetara zaudete, hurrengo estropadetan puntuak murrizteko gai izango zaretela uste duzue?
Ania: Entzuna dudanaren arabera, lehengo urtean oso ondo hasi zuten denboraldia eta gero pixkanaka okertzen joan ziren, baina, aurtengo denboraldian gauzak alderantziz gertatu daitezke.

Ane: Aurtengo entrenamenduen programazioa oso ezberdina da joan den urtekoekin alderatuta, serie laburragoak entrenatzen ditugu, baina, intentsitate handiagorekin. Hortaz gain, errekuperazio tarteak luzeagoak dira, beraz, serie laburrekin konpentsatzen ditugu. Honela, denboraldiak aurrera egin ahala, estrategia honek hobetzeko tartea emango digula espero dut.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude