Hondarribia-Irun Turismo webgunearen itxura berritu da erronka berriei aurre egiteko

Bidasoa bizirik elkartearen bitartez Irun eta Hondarribiko udalek Hondarribia-Irun Turismoaren webgunea berritu dute eskualdearen promoziorako liburuxkekin batera. Berrikuntzarekin webgune eta liburuxka bisual eta freskoagoak lortu nahi izan dira. Informazioa gaztelania, euskara, ingeles eta frantsesez jasotzen da bertan.

Turismo webgunean lurraldeko bisitarientzako interesgarria izan daitekeen informazioa guztia biltzen da. Horrela, Irun eta Hondarribian bisita daitezkeen tokien inguruko informazioa partekatzeaz gainera, bisitariek eskualdean egin daitezkeen kirol-jarduera, jarduera nautikoak, jai, ikuskizun eta natur ingurunearen inguruko informazioa aurkituko dute. Hortaz gain, “Non jan” izeneko atalean, Irun eta Hondarribiko ostatu guztien zerrenda aurkituko dute, eskualdeko taberna eta jatetxeen inguruko informazio zehatzarekin.

Webgune berriak eskualdeko turismo-liburuxka guztiak PDF formatuan deskargatzezko aukera eskainiko du, bi hirietako turismo-bulegoen datuak biltzeaz gainera. Era berean, Bidasoa eskualdeko bisitarientzat interesgarriak izan daitezkeen beste webguneen loturak publikatuko dira bertan, adibidez, Irun Berdea, Erdi Aroko Hiri eta Hirien Sarea edo Gipuzkoa Turismoa webguneen helbideak. Miguel Angel Páez Bidasoa bizirikeko presidentearen hitzetan, “Bidasoa eskualdearen eskaintza momentu honetan bisitariek bilatzen duten turismo motarekin guztiz bat egiten duela uste dugu”.

“Irunek eta Hondarribiak potentzial turistiko handia dute eta aprobetxatu egin behar dugu”
Miguel Angel Páez, Bidasoa bizirikeko presidentea

Turismo webgune berriak orain arteko webgunearen esteka berbera mantenduko du, baina, irudi berrituarekin. Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak azaldu duenez, Internetek hainbesteko garrantzia hartu duen mundu honetan, Bidasoako Turismo webgunea eguneratzea beharrezkoa zen. Honela, emaitza freskoagoa eta ikusgarriagoa lortuz, Bidasoa eskualdearen edertasun guztia erakusten duten argazki eta bideoak erakusketako aukera eskaintzen du. “Irunek eta Hondarribiak potentzial turistiko handia dute eta aprobetxatu egin behar dugu”, Bidasoa bizirikeko presidenteak azaldu duenez.

Era berean , Maria Serrano Bidasoa bizirikeko presidenteordeak nabarmendu duenez, aisialdiko turismoaz gainera, Bidasoako Turismo webgune berria publiko profesionalarentzat ere pentsatuta dago, hau da, negozio turismoarentzat. “Negozio turismoak urte osoan zehar bezeroak erakartzeko aukera emango digula uste dugu”, gaineratu du Maria Serrano elkarteko presidenteordeak.

“Negozio turismoak urte osoan zehar bezeroak erakartzeko aukera emango digula uste dugu”
Maria Serranoa, Bidasoa bizirikeko presidenteordea

Eskualdearen promoziorako liburuxkak
Aurreko urteetan zehar erabilitako eskualdearen promoziorako liburuxkak berrargitaratu ordez, aurten liburuxken edizio guzti berritua sortzea erabaki da. Honela, Bidasoaren promoziorako liburuxka berriek ukitu bisualagoa dute, eskualdea inguratzen duten altxorrak erakusteko leku esanguratsuenen argazki askoz osaturik daudelako. Gainera, eskualdearen sustapen-bideo bat egin da, bi hirietako leku adierazgarrienetan hartutako irudiekin.

Liburuxkekin batera, Irun eta Hondarribia hirietako planoak berritzeko aukera aprobetxatu da. Plano berriak aurrekoak baino handiagoak izateaz gainera, interesguneak errazago ezberdintzen dira. Hortaz gain, orain bi hirietako ostatu guztiak erakusten dira, landetxeak eta aurretik agertzen ez ziren beste zerbitzu eta establezimenduen inguruko informazio eskaintzeaz gainera. Promozio liburuxkak zein planoak dagoeneko Irun eta Hondarribiko Turismo bulegoetan eskuragarri daude.

Ostalaritzarentzako denboraldi berezia
Azken asteetan zehar, normaltasun berria estreinatzearekin batera, Irun eta Hondarribiko hotel eta ostalari- tza-establezimendu gehienek ateak ireki dituzte berrio. Alarma egoeraren zati handi baten sektorea guztiz geldiarazi ostean, ostalaritzak eta hotelen sektoreak hilabete gogorrei aurre egin behar izan diete.

Irungo Atalaia hoteleko María Fernández de Valderramak momentuko egoeraren ziurgabetasunak azaldu ditu. Hotela berriro martxan jarri zenetik bisitari gehienak pasaeran dagoen jendea dela azaldu du, izan ere, hegaldi eskasiaren ondorioz, Europan bizi diren portugaldar eta espainiar etxera autoz itzultzea erabaki dutelako. Atalaia hoteleko María Fernández de Valderramak adierazi duenez, “egunez egun bizi gara, erreserba asko bertan behera gera daitezkeela jakinda”.

Hotelen sektoreaz gainera, azken hilabeteetako geldialdiak ostalaritzan eragin nabaria izan du. Irungo Danako jatetxeko David Rodriguezek adierazi duenez, Danako jatetxea konfinamendua arintzeko faseek ahalbidetu bezain laster ireki zuten, baina, lehen asteetan sekulako eromena suposatu zuen errespetatu beharreko arau berri guztietara egokitzea. “Uztaila eta abuztuko hilabeteetan jendeak ohi baino gutxiago bidaiatuko duenez Irunen bizitza gehiago egitea espero dugu eta horrek mesede egin diezagukeela uste dugu”, gaineratu du David Rodriguez sukaldariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude