Hotzaren eta euriaren alternatiba

Telebista eta filmak ikustea, musika entzutea eta, batez ere, hotza eta euria iristen direnean lagunekin leku eroso batean egoteko aukera izatea. Hori da lokal bat alokatzerakoan gazteek bilatzen dutena. Lokal batzuk bi edo hiru koadrilaren artean alokatzen dituzte, merkeago atera dadin. Irungo Enkantia kalean, Uranzu kalearen ondoan, hiru koadrila lokal txiki batean egoten dira. Hara hurbildu gara erreportajea egiteko. Ez da oso handia, lauzpabost sofa dauzkate, telebista eta hozkailu zahar batzuk ere bai. Argi moreak eta urdinak dituzte eta paretak kartelez, argazkiz eta pegatinaz beteta dauzkate. Dena den, lekua nahiko garbi dago.

Mendira joan, txirrindaz ibili, hondartzara joan, futbolean edo saskibaloian jolastu, parranda egin… Udan gazteek plan desberdin asko egiteko aukera dute, baina udazkena eta negua iristen direnean, beste aukerak bilatu behar dituzte euriari eta hotzari aurre egiteko. “Gaua iristen denean kalean eserleku batean hotzez eta bustitzen egon ordez, edo taberna batera dirua gastatzera joan ordez, lokalera etorri eta lagunekin giro alai batean egoten gara, hemen ez dugu kontsumitu behar” azaldu digu Andoitz Rekartek.
Beraientzat topagune bat da. Bertan erabakitzen dute zer egin. Batzuk bakarrik asteburuetan joaten dira, beste batzuk astean zehar zazpietatik aurrera, eta gutxi batzuk ia-ia egunero egoten dira. “Beren lekua Homer Simpsonek bezala, sofan markatuta dutenak dira”, goraipatu du Jon Aragonek. “Normalean astean zehar bromak egiten eta hitz egiten egoten gara, larunbatetan hemen hasten dugu parranda, musika entzuten eta alkohola edaten dugu”, erantsi du irribarretsu du Aitor Azurmendik.

gazteak_azala

Dena den, lokala ez da beraientzat egiten duten gauza bakarra. Ikasketak, lana eta beste zenbait jarduera egiten dituzte. “Lokaleko jendeak gauza gehiago egiten ditu. Batzuk gimnasiora edo kirola egitera joaten dira, baina garesti diren jarduerak ez ditugu egiten. Adibidez zinemara joan ordez lokalean jartzen ditugu filmak eta hemen ikusten ditugu”, azaldu du Ainhoa Irigoyenek.
Antolakuntza
23 gazte diran lokalean, 14 euro ordain-tzen du hilero bakoitzak, guztien artean 320 euro balio duen lokala ordaintzeko. Soberan gelditzen den diruarekin beste gastuetarako botea egiten dute (zakarrontziko poltsak erosteko, etab.). Denborarekin, lokala merkeago ateratzeko hiru koadrila bildu dira: bi koadrilatan mutilak dira nagusi, neskak bestean. Adin desberdinetako jendea dago. 19 urte dituzte gazteenek, 22 helduenek. Ondo moldatzen dira. “Beraiek hasieratik zeuden lokalean, eta gu orain dela 3 urte etorri ginen” azaldu digu Jon Aragonek.
Garbiketari dagokionez, astero bikote bat izaten da arduradun. “Normalean errespetatzen da eta nahiko ondo mantentzen dugu”. Segidan, irribarre txiki batekin, aste batzuetan oso zikina egoten dela aitortu digu Ainhoak.
Lokalak eta arazoak bizilagunekin
Askotan lokaletan arazoak izaten dituzte bizilagunekin eta Enkantia kaleko lokala ez da salbuespena. Ainhoak uste du ulertzen dituztela bizilagunen kexak: “Batzuetan konturatu gabe buila egiten dugu eta eragozpenak sortzen ditugu. Dena den, gutxi molestatzen saiatzen gara.”
Astean zehar ez dute arazorik izaten, baina larunbatetan parranda hasten dutenean musika jartzen dute eta, normalean, koadrila guztia biltzen da eta zarata gehiago egoten da. Dena den, zarata ez egiten eta musika apal jartzen saiatzen dira. Bizilagun batzuen jarrera ez dela egokia azaldu du Andoitzek: “Askotan bizilagunak edozergatik kexatzen dira. Pasa zaigu bizilagun baten batek Udaltzaingoari abisatzea eta udaltzaina etortzerakoan esatea ondo gaudela”.
Uranzu ondoko kale honetan hiru lokal egon dira, eta gaur egun bakarra geratzen da. Hiru koadrilen lokal hau mantentzen da hotzaren eta euriaren alternatiba moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude