Datorren igandera arte, abuztuak 31, bisitatu ahalko da Amaia KZn José Mensuro, “Mensuk”, utzitako 159 obren erakusketa antologikoa. Asier Mensuro da komisarioa eta ‘Mensu en la colección de arte del Ayuntamiento de Irun’ da erakusketaren izenburua.
Erakusketaren ateak uztailaren 18an ireki ziren. Ordutik, 482 bisita jaso ditu orain arte, 298 emakume eta 184 gizon. Amaia KZko erakusketa aretoa asteartetik igandera dago zabalik: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Erakusketa antologikoa autorearen garairik oparoeneko obra hautatuek osatzen dute (bereziki, paisaiek), eta gaika antolatuta dago: bi areto Iruni buruzko obrek betetzen dituzte, hala nola San Martzial eguneko alardeari buruzkoek, eta badira “Non bizi da isiltasuna” eskultura publikoa prestatzeko maketak ere ;Arbesko biribilgune batean dagoen eskultura. Bestalde, aurreko erakusketen esparruan bezala, erakusketa honi buruzko katalogo bat argitaratu da, 3 euroan salgai dagoena.
José Mensuro Mensu
José Mensuro Hernández, “Mensu” Madrilen jaio zen, 1935ean, baina Irunen bizi da, txikitatik. Garai batean, antzerkian, zineman eta ilustrazioan jardun zen, baina, gero, pinturan jarri zuen arreta, eta, bereziki, Bidasoa inguruko paisaian.
Bost hamarkada baino gehiago eman ditu pintatzen: marinak; paisaia naturalak; Irungo, Hondarribiko eta beste udalerri batzuetako eszenak (batez ere, Gipuzkoa eta Nafarroakoak); eszena herrikoiak; etab.
Artista ez ezik, Irungo Pío Baroja institutuko marrazketa irakaslea ere izan da, eta, 1966an, Mensu Pintura Estudioa sortu zuen.
Dohaintzan eman dituen obren artean badira olioak, akuarelak, marrazkiak, grabatuak eta eskulturak, 1960ko hamarkadatik ia gaur egunera artekoak.
Asier Mensuro, erakusketako komisarioa
Asier Mensuro Puente Artearen Historiako lizentziatua da, eta komisario, ikertzaile, irakasle eta kritikari lanak egiten ditu, bere kabuz, arte garaikidearen, komikiaren eta zinemaren esparruan batez ere. Ibilbide luzea egin du, 200 erakusketatako baino gehiagotako komisarioa izan baita; esaterako, Picasso, Goya eta beste artista handi batzuk komikiaren munduarekin lotu ditu, eta “Artea komikian” proiektua antolatu du, komikigile hautatu batzuek artearen historiako oinarrizko artelanen inguruan zuten ikuspegiari buruzkoa. Gaur egun, Vigon bizi da.
Komisario ez ezik, idazlea eta saiakeragilea da: “La pintura en el cómic” liburua idatzi du, Luis Gascarekin batera, eta ABC egunkariarekin eta Descubrir el Arte eta Jot Down aldizkariekin kolaboratzen du. Era berean, bere ikuspuntu akademiko eta dibulgatibotik, hitzaldiak eman ere egin du; besteak beste, komikiak abangoardia historikoetan izan duen eraginari buruz. Gainera, irakaslea ere bada, Valentziako Unibertsitatean, Hezkuntza eta Komikia masterrean.
Azkenik, proiektu zinematografikoetan ere parte hartu du, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean eta Donostiako Zinemaldian, eta Carlos Saurari eta Goya sariei buruzko erakusketak antolatu ditu, besteak beste.



