Real Unión klubak erronkez betetako denboraldi bati ekingo dio aurten. Denboraldia hasi aurretik aurreko urteko akatsak barneratu eta desafio berriei aurre egiteko prestatu dira talde irundarreko jokalariak. Igor Emery presidenteak adierazi duenez, RFEF mailan lehiatuko den lehen taldeaz gain, kluba ahalegin berezia egiten ari da harrobia indartu, beste klubekiko harremanak landu eta instalakuntzak hobetzeko.
Nola baloratzen duzue aurreko denboraldia?
Urte bat igaro da jada taldea hartu genuenetik eta denboraldi oso intentsua izan da. Klubarentzat urte on eta positiboa izan da, gauzak ondo egin ditugu eta afizioaren aldetik ere bestelako ilusioa nabaritzen dugu. Orain iazkoa ahaztu gabe, aurrera jarraitu nahi dugu datorren urtean koska bat gehiago igotzeko, goraka jarraitu eta aurrera eginez.
Denboraldi hasierak lan askoko garaiak dira?
Bai, klubean jokalariek ekainean hartzen dituzte oporrak, baina klubak lanean jarraitzen du. Denboraldi berria hasi da dagoeneko, nahiz eta Ligako lehen partidua abuztu bukaeran izango dugun. Talde berria lanean dabil aurten aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Zeintzuk izango dira aurten Stadium Galen ikusiko ditugun aurpegi berriak?
Dagoeneko lehen jokalariak iritsi dira. Gure helburua taldeari jarraipena ematea da. Aitorrek talde teknikoaren buru izaten jarraituko du, horrela aurreko urteko lanari jarraipena emateko. Aurten jokalari berriekin aurreko urteko hutsuneak bete eta zailtasunak gainditu nahi genituen. Aurtengo exijentziak kontuan hartuta, maila berria izanda, hobetu beharreko gauzak ikusi genituen jokalarien profilari dagokionez. Iaz egiztatu genuen maila oso gogorra dela eta ez duela zerikusirik orain dela bi urteko B mailarekin, hori atzean gelditu da eta lehen RFEF maila gogorragoa dela.
Nola jaso duzue talde aldaketaren albistea?
Iaz aipatu genuen kategoria gogorra zela eta aurten ere horrela izango da, seguruenik iaz baino gogorragoa. Bi multzo daude eta aurten beste multzora pasako gara. Bietan lehia aurreko urtekoa baino gogorragoa izango da. Kasu honetan, iazko multzoarekin konparatuta, talde berri asko izango ditugu eta Mediterraneoan dauden taldeak oso indartsuak dira. Beraz, berdin du bietako zein multzotan gauden, gogorra izango da eta oso zorrotza. Horregatik, argi geneukan batez ere guk hobetu behar genuela eta, hortik aurrera, besteen aurka lehiatzea tokatzen da.
Nola ikusi duzu taldea aurre denboraldian aurtengo helburuetara begira?
Aurten saiatu gara hasieratik aurre-denboraldiko norgehiagoka indartsuak izaten. Lehenengoa Bordelen izan genuen, Girondinsen aurka. Beraiek gure aurka neurtu aurretik partidu dezente jokatuak zituzten, beraz, beste erritmo bat zuten jada. Gero Real Madrid Castillaren aurka partidu gogorra jokatu genuen, baina hori da nahi genuena, hasieratik maila altuko norgehiagokak izatea lan fisiko, tekniko eta taktiko gehiago egin eta lehenbailehen hobetzen hasteko.
Udara klubean hobekuntza lanak egiteko aprobetxatu duzue?
Bai, nahiz eta aldaketak iaz hasi genituen. Kluba digitalizatzen ari gara eta denda laster martxan izatea espero dugu aurtengo arropa berriarekin. Aspalditik daude Stadium Galeko instalakuntzak berritu gabe eta hori ezinbestekoa da zaleak zelaira gustura etortzeko. Oraintxe bertan eserlekuak aldatzeko proiektua martxan dugu eta gehiago jarriko ditugu 4.000 eserlekuetara iristeko. Uste dut garrantzitsua dela klubaren barnean egiten den lana kanpotik ere ikustea, askotan oharkabean geratzen baita. Aldaketez betetako momentu oso garrantzitsu batean gaude.
Instalakuntzez gain, klubaren harrobia indartzeko lanari ere eusten diozue?
Klubaren etorkizuna bermatzeko hor indar handia jarri behar dugu. Uztailean Udako Campusa izan dugu eta aurten berriro neska eta mutil pilo bat izan ditugu gurekin, iaz elkartu ezin izan genituenak. Beraiekin eta beraien gurasoekin batera hazten jarraitzeko asmoa dugu. Bi abiadura ezberdinetan lan egiten jarraitu nahi dugu. Batetik, epe laburrean ezin dugulako lehen taldea gelditu eta etorkizunera begira, epe ertain edo luzean, txikiekin harrobia lantzen jarraitu nahi dugu.
Gainera, kluba mugaren bi aldetara zabaldu nahi duzue?
Kiroletik abiatuta, gure kasuan futboletik, harremanak sendotu nahi ditugu. Lehenbizi Irunen, hirian klub asko daude eta bai futbolean zein beste kiroletan aritzen direnak. Iaz ere Hondarribiko klubarekin gauzak egiten hasi ginen. Berarekin eta Lesakarekin ere harremana dugu, Gure Txoko eta Beti Gazte taldeetako atezainak gurekin entrenatzera etortzen direlako, beraiek ez baitute atezainentzako entrenatzailerik. Zabaltzen jarraitzeko asmo horretan, Ipar Euskal Herrira hurbildu gara eta Baionarekin norgehiagoka bat jokatu genuen iaz. Angelurekin, Biarritzekin eta Eglantinsekin elkarlanak egin ditugu orain arte, horrela, harremanak sendotuz. Adibidez, egun hauetan Hendaiako jokalariak gure instalakuntzetan izan ditugu entrenatzen. Gure asmoa zabaltzen jarraitzea da. Real Unión mugako klub bezala ezagutu izan da orain arte eta gure nahia da hemendik aurrera mugaz gaindiko klub bihurtzea. Jendeak kluba ezagutzea nahi dugu.
Nola begiratzen du Real Uniónen proiektuak etorkizunera?
Aurretik egindako lan guztiari jarraipena eman nahi diogu. Proiektu asko abian jarri ditugu, proiektu handiaren barnean proiektu txiki asko dauzkagulako eta aurrerantzean gehiago ere etorriko dira. Egia da klubean sartu ginenean dena makal zebilela eta, beraz, poliki-poliki dena indartzen saiatu gara. Klubeko langileok ere gure jardunean hobetzen saiatu gara, bakoitzak bere lana hobetzea lortzen badu klubak ere nabarituko duelakoan gaudelako. Norberak bere nahiak izan behar dituelako.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.