Ijitoen onarpen eta errespetuan oinarritzen da Kale Dor Kayiko elkartearen lana

Kale Dor Kayiko elkarteak ijitoak gainerako herritarrak bezala, eskubide eta betebehar berdinekin bizi daitezela lortzeko helburuarekin lan egiten du. Horretarako, formazio akademikoaren garrantzia zabaldu, gizartean parte-hartzea sustatu eta balioetan oinarritutako heziketa lortzeko lan egiten dute elkarteko kideek. Elkartearen egoitzetako bat Irunen kokatu dago, Lope de Irigoien kaleko 27. zenbakian. Ainara Pina eta Palmira Dualek elkartearen proiektuak eta baloreak azaldu dituzte.

Nola sortu zen Kale Dor Kayiko elkartea?
Kale Dor Kayiko elkartea 1989. urtean sortu zen Bilbon, “Tio Manuel” izenaz ezaguna den ijito erreferentearen ekimenez. Sorreran elkartean hezkuntza arloak ijito familiak, ikasleak eta irakasleak laguntzeko asmoarekin sortu zen, arlo honen inguruan sortutako zailtasunen aurrean babesa emateko. Familia ijitoei haurrak eskolatzearen garrantziaz ohartarazteaz gainera, irakasleen artean ijitoen kultura eta ohiturak azaltzen lagundu zuen.

Irungo egoitza, berriz, noiz sortu zen?
Gipuzkoa eta Irunen, aldiz, elkartearen jarduera 2006. urtean hasi zen. Horrela, eskolako programarekin lanean hasi ginen. Hain zuzen ere, programa horretan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin elkarlanean lan egiten dugu. Programak “Opre Roma” izena du, erromanieraz, ijitoen jatorrizko hizkuntzan, “eutsi goiari” edo antzeko esanahia duen esaldia. “Opre Roma” programak bi helburu nagusi ditu. Batetik, ijitoen eskola arrakasta ziurtatzea, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzea eta, horren ostean, bestelako ikasketekin jarraitzea, hala nola, erdi-mailako zikloak edo Batxilergoarekin. Kale Dor Kayiko elkartean garbi dugu egoera marjinaletik ateratzeko prestakuntza on bat izatea fun- tsezkoa dela. Hortaz gain, lan-arloko garapena eta inklusio soziala lortzeko modua dira.

“Egoera marjinaletatik ateratzeko prestakuntza on bat izatea funtsezkoa da”

Palmira Dual, Kale Dor Kayiko elkarteko ordezkaria

Hirian jada zuen proiektuak ezagunak direla uste duzue?
Jada Irungo ikastetxe guztiek gure jarduera ezagutzen dutela uste dugu, gure proiektu guztiak partekatu eta haien berri ematen diegulako. Biztanleria orokorrari dagokionez, aldiz, ez dakigu hiritarrek zein puntutaraino ezagutzen dituzten Kale Dor Kayiko elkartetik bultzatzen ditugun ekimenak eta programak. Izan ere, 2006. urtean hiriko zenbait ikastetxeetan lanean hasi ginen, esaterako, Belaskoenea, Leka Enea, Dunboa, Hirubide edo orduan Santa Elena izenez ezagutzen zen institutuan. Hortaz, gure jardueraren zati garrantzitsu bat eskoletan egiten dugu eta COVID-19aren ondorioz, oraindik konplikatuagoa da bestelako jarduerak antolatzea edo bestelako elkarteekin elkarlanerako aukerak sortzea.

“Azken urteetan ijitoen bazterketarekin amaitzeko pausu garrantzitsuak eman direla uste dugu”

Ainara Pina, Kale Dor Kayiko elkarteko ordezkaria

Elkartea lanean hasi zenetik ijitoen bazterketarekin amaitzeko gizartean aurrerapausorik ikusi duzue?
Bai, pixkanaka goaz, baina, azken urteetan zehar ijitoen bazterketarekin amaitzeko pausu garrantzitsuak eman direla uste dugu. Formazioari dagokionez, gero eta gehiago dira DBHko titulua lortzen duten ijitoak eta gehiago dira eskola joaten diren ijitoak, eskolara ez doazen ijitoekin alderatuta. Dena den, oraindik hezkuntzarekin loturik erronka polita daukagu aurretik, gure asmoa ijito guztiek tituluren bat lortzea baita. Azken finean, prestakuntza on bat lortzeko bide asko daude, baina, ezinbestekoa da etorkizunerako nolabaiteko formazioa izatea. Azken 40 urteetan lan mundua zeharo aldatu da eta ijito familiak ere pixkanaka aldaketaz ohartu dira eta haien seme-alaben formazioari garrantzi gehiago ematen hasi dira.

Integrazioa laguntzeko, oraindik gizartean aldatu beharrekorik ikusten duzue?
Bai, adibidez, egun lana aurkitzea oso konplikatuagoa da eta ijitoentzat oraindik gehiago. Izan ere, oraindik gizartean ijitoen inguruko aurreiritzi asko zabaldurik daude. Hortaz gain, ijito herria ezagutarazteko beharra ikusten dugu, onartua eta errespetatua izan dadin. Gutxiengo bat izanik, zaila da egoera honi buelta ematea eta gutxietsitako herria dela uste dugu. Ijitoak ulertzeko ijito herriaren jatorria eta baloreak ezagutzea ezinbesteko ikusten dugu. Horretarako, partaidetza ireki eta elkarbizitzaren garrantzia ulertzea funtsezkoa da.

“Opre Roma” programaren bitartez, ekola-errendimenduaz gainera, elkarbizitza sustatzen da?
Bai, halaxe da. Zentzu horretan, Berritzeguneak gure esku-hartzeak non behar diren jakinarazten digu eta beharren arabera gure ekarpena desberdina da. Batzuetan gela barruko laguntzak ematen ditugu irakasleekin batera, besteetan, berriz, banaketa tutoretzetan elkarrizketa motibagarriak eskaintzen ditugu, horretarako, ijito erreferenteen adibideak erabiliz. Era honetan, formazioarekin loturiko eredu ezberdinak erakutsiz ikasleen motibazioa handitzea errazagoa da. Gainera, bazkalosteko patioan jolasak antolatu ohi ditugu, eskolako errefortzua eskaintzen dugu, Bidelaguna programan parte hartzen dugu. Hortaz gain, familia eta ikastetxearen arteko bitartekari lana egiten dugu, seme-alabentzako helburua ikastetxearekin partekatu dezaten.

Hortaz gain, sustapenarekin loturiko proiektuak dauzkazue?
Sustapenarekin loturik erromanieraz “Karipen” izeneko programa dugu, ijito herriari protagonismoa eman eta ezagutarazteko. Euskaraz hitz horrek eroso egotea esan nahiko luke. Orokorrean, ijitoen kultura eta ohiturak zabaltzea da helburua, ipuin kontaketak, bideo proiekzioak antolatu eta horien inguruko gogoetak egiten ditugu, jokoak antolatu edo ijitoen historia laburbiltzen duen komiki baten bitartez. Adinaren arabera mota desberdinetako jarduerak antolatzen ditugu.

Formazioarekin loturiko material berezia eskaintze duzue?
Bai, batez ere, ijitoak ezagutzeko lagungarria dena. Formatu desberdinak baliatzen ditugu horretarako, hau da, marrazkiak, eskulanak, komikiak, CD interaktiboak, … Horrela, gaiari protagonismoa ematea lortzen dugu.

Gainera, osasun arloarekin loturiko zerbitzuak eskaintzeko asmoa duzue?
Bai, hori da etorkizunera begira elkarteak duen erronka handienetako bat. Zentzu horretan, etorkizun batean bizi-estilo osasuntsua izatearen garrantziaz hitz egiteko kurtsoak antolatu nahiko genituzke, batez ere, gazteekin. Beraz, arlo hau tailerren bitartez landuko genuke.

Berdintasuna elkartearen oinarrizko balioetako bat da?
Berdintasunaren gaiari Kale Dor Kayiko elkartearen garrantzi handia ematen diogu. Izan ere, gizon zein emakumeek eskubide eta aukera berdinak izan ditzaketela erakutsi nahi dugu. Horrela, emakumeak etxetik atera eta lan bat aurkitzeko aukera izan dezaten. Horrela, emakumezkoek hartutako erabakiak babestu nahi ditugu, gizonengatik eta gizartean ulertuak izan daitezen.

Zeintzuk dira elkartetik aurreikusten dituzuen hurrengo ekintzak?
Etorkizun hurbilean pandemiarekin bizi beharko dugu, baina, argi dugu egoera horrek ez duela gure elkartearen jarduera oztopatuko. COVID-19aren ondorioz gure lana murriztu den arren, telefonoz, bideo-dei edo beharrezkoak diren baliabide guztiak erabiltzeko prest gaude gure zerbitzua eskaintzen jarraitzeko aukera izateko. Hortaz gain, bulegoan aurrez aurre egiten ditugun hitzorduetan segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatzen ditugu. Momentuz, taldeko dinamikak antolatzea ezinezkoa bada ere, gure esku dagoen lan guztia egiten jarraitzeko prest gaude. Gainera, hiriko ikastetxeetan hitzaldi asko hitzartuta dauzkagu. Etorkizunean, eskolatik kanpo elkartearen jarduera zabaltzea gustatuko litzaiguke, gure lana bizitzako beste esparru batzuetara zabaltzeko.

Etorkizunean ere elkartearen lana beharrezko izango dela uste duzue?
Bai, momentu honetan argi dago beharrezkoa dela gutxinaka urratsak ematen goazelako. Baliteke etorkizunean bazterketa soziala guztiz amaitzea eta ijitoak gizartean guztiz integratuta egotea, hori da gure nahia. Hau da, guztiok aukera berdinak izatea, guztizko lan eta gizarte inklusioa lortzea sekulakoa litzateke eta hori lortzeko aurretik oraindik erronka asko dauzkagu.

Emakume ijito erreferenteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko

Sara Ferreruela, Irungo 38 urteko emakume ijitoa, beste emakume ijito batzuei ametsak bete- tzen eta berdintasunerako bidean aurrera egiteko laguntzen saiatzen ari da.

“Ezagutzea eta ez epaitzea”, “Emakume ijitoak bideak irekitzen ari gara, oso garrantzitsua da familiaren eta gizartearen babesa izatea, gure aniztasun handia ezagutu eta aitortu behar baitu, ikustaraziz; gero eta indar handiagoz egiten dugu, etorkizun hobea sortzen dugu, soberan ditugu gaitasunak, baina, horretarako, azaleratzeko eta garatzeko aukera eman behar digute. Beharrezkoa da ezagutzea eta ez estereotipoak jarraituz epaitzea”.

Esaldi horretan azpimarratzen du emakume ijito askori aukerak eman dakizkiekeela.

Sarak prestakuntzaren eta bere kulturaren sustapenaren aldeko apustua egiten du, gizarteratzeko bidean aurrera egiteko oinarri gisa.

Lehen Hezkuntzako etapa Gaztelu-Zahar ikastetxean egin zuen (Toki Alai LHI) eta bigarren hezkuntzako ikasketak Santa Elena institutuan egin zituen (gaur egun Eguzkitza BHI). Txikitan, besteei laguntzeko lan egitea zen bere ametsa, amaren laguntzarekin, eta hainbat zailtasun gaindituz, DBHko titulua lortu zuen.

Gero, zalantzak izan zituen ikasten jarraitzeari edo ez jarraitzeari buruz, eta, garai hartan hurbilen zituen pertsonei esker, Chelo amak, bidea ireki zionak, Olga amak, ikasketei eta haren etorkizunari buruzko gogoeta eginarazi zizkion. Santa Elena institutuko Elena izeneko irakasle batek, harengan sinistu eta zituen gaitasunak ikusarazi zizkion. Plaiaundi institutuan derrigorrezko ikasketak egiten jarraitzea erabaki zuen, lan-arloko kudeaketaren erdi-mailako gradu bat eginez, ondoren, beste adar batzuekin batera osatu zuena.

Geroago, bere familia osatzea erabaki zuen, eta, gaur egun, bi alaba ditu, eta haiei laguntzen die, eta ikastea eta etorkizunerako prestatzea nahi du. Gaur egun, lan egiten duen emakume-elkartearen beharrizanen arabera prestatzen jarraitzen du. Argi uzten du emakume ijitoa ijito familia baten oinarria dela, “bere herriko balioak, ohiturak eta kultura transmititzen dituena; azken hamarkadetan, emakume ijitoa bere komunitatea aldatzeko motorra bihurtu da, gizartearen eremu guztietan presentzia izatea nahi du, estereotipoak haustea eta berdintasunaren eremuan aurrera egitea”. Baina, batez ere, Sara erreferentea da neska, gazte eta emakume ijito askorentzat. Erreferentziazko beste gazte eta emakume ijito batzuekin batera, ikastetxeetan jarduerak egiten ditu lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleak motibatzeko, eta arreta berezia jartzen du neska eta mutil ijitoengan, ikasten jarrai dezaten eta haien ametsak errealitate bihurtu ditzaten. Emakume ijitoak gizartean duen ikusgarritasuna ere aldarrikatzen du, eta beste emakume batzuekin batera hainbat jardueratan parte hartzen du, elkarreragin eta ahalduntze espazioak bilatuz, adibidez, martxoaren 8an, emakumearen egunean. Badaki zer aurrerapauso eman diren azken urteotan berdintasunerantz, baina, era berean, badaki oraindik bide luzea egiteko dagoela, lanean jarraitu behar dela eta guztion ardura dela hori lortzeko urratsak ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude