Ikasiz proiektuak adingabeen eta haien familien hezkuntza digitalarekin konprometitutako proiektu da. Gurasoak trebatuz seme-alabek telefono mugikorrak modu egoki eta arduratsuan erabil ditzaten. Jon Alonso azpeitiarrak eta Javier Etxarri gasteiztarrak (Mondragon Unibertsitateko Leinn – Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleak) sustatutako ekimena da. Proiektua Guuk telekomunikazioen euskal konpainiak bultzatutako Hackathon ekimenaren bigarren edizioaren emaitza da. Horretarako, datozen asteetan Bilbora, Irunera, Gasteizera eta Iruñera eramango dute ekimena.
Bigarren geltokia Irun izango da, ordu eta erdiko bi prestakuntza-saio presentzialekin, maiatzaren 21ean, asteartean, eta 23an, ostegunean, 18:00etatik 19:30era, Mondragon Unibertsitateko Bidasoa campusean (Leandro Agirretxe plaza, 1). Laguntza-zerbitzua dendan: maiatzaren 27an (astelehena), 29an (asteazkena) eta 31n (ostirala), 17:00etatik 20:00etara, Guuk-en dendan (Arrasate kalea 27, 20005 Donostia, Gipuzkoa).
Prestakuntza-saioen bidez, gazte horiek baliabideak eta orientazioa emango dizkiete helduei, adingabeek teknologiarekin harreman osasungarri eta segurua izan dezaten sustatzeko, eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzuarekin gurasoei guraso-kontroleko aplikazio bat instalatzen lagunduko diete.
“Guuk telekomunikazioen euskal konpainiak bultzatutako II. Hackathon ekimenetik sortu zen gure proiektua, 2023ko apirilean. Bertan, digitalizazioari buruzko egungo erronkentzako soluzioak ematea proposatu ziguten. Lehen mugikorrari buruz gurasoek dituzten arazoak eta zalantzak ikusita, gaiari nahitaez heldu behar zitzaiola ikusi genuen; hala, IKASIZeko prestakuntza-saioak proposatzea erabaki, eta irabazi egin genuen”, adierazi dute Jonek eta Javierrek. Guuk-en bultzadari esker, bi ekintzaileek forma eman diote ekimenari, eta, Oñatin lehenbiziko proba arrakastatsua egin ondoren, Euskadiko eta Nafarroako zenbait udalerritan bira bat egingo dute laster.
“Oso interesgarria iruditzen zaigu aurrez aurreko laguntza-zerbitzu gehigarria ematea, guraso-kontrola instalatzen edo zalantzak argitzen laguntzeko. Izan ere, denbora eta arreta eskatzen du, baina oso lagungarria da gurasoek kontuan izan dezaten adingabeak zenbat orduz konektatzen diren, zer eduki kontsumitzen duten edo non dauden”, azaldu du Jon Alonsok. “Guraso askok uste dute lan neketsua dela edo instalatzeak denbora asko hartzen dutela, eta ondorioz, ez dute egiten. Baina, gure ustez, ondo inbertitutako denbora da, eta lagundu egin nahi diegu”, erantsi du haren kide Javierrek.
Laguntza hori eskaintzeko, beharrezko espazioa eta teknologia eman die Guuk-ek ekintzaile horiei Euskadiko eta Nafarroako dendetan. Guuk-eko zuzendari nagusiak, Juanan Goñik, honako hau adierazi du proiektuari buruz: “Gure Hackathonari esker, bertatik abiatzen baita ekimen hau, tokiko talentua eta ekintzailetza bultzatu, eta irtenbideak proposatu nahi ditugu digitalizazioari eta kolektibo zaurgarrien arrakala digitalari dagokienez; esaterako, adingabeek eta haien familiek erabilera arduratsua egin dezaten”.
Ordu eta erdiko bi prestakuntza-saiotan, formatu teoriko-praktikoan, hainbat gai landuko dituzte: lehen mugikorra eman aurretik adingabearen heldutasuna ebaluatzea; etxean, familia-unitateko kide guztiek teknologia nola erabiltzen duten aztertzea (ordenagailuak, tabletak, mugikorrak eta bideojokoak); adingabeek erabiltzen dituzten aplikazioak errepasatzea; noranzko biko komunikazioa eta teknologia erabiltzeko akordioak sustatzeko jarraibideak, bereziki haurren lehen mugikorrari dagokionez, etab.
Gazteak eta mugikorrak
EAEn, telefono mugikorra dute 15 urteko hamar adingabetik ia zazpik. Hala diote Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuek. Izan ere, Espainiako 10-15 urteko gazteen % 70,6k telefono propioa du, 2013an baino % 7,5 gehiagok. Espainian, telefono mugikorra duten 10-15 urteko haurren proportzioa % 70etik gorakoa da. Azken 10 urteetan gora egin du erkidego gehienetan, batez ere Covidaren pandemia iritsi zenetik.
UNICEFek DBHko 11 eta 18 urte bitarteko euskal nerabeei egin berri dien ikerketa baten arabera, % 31k, edozein astegunetan, 5 ordutik gora ematen ditu Interneten; ehuneko hori % 46,4ra igotzen da asteburuetan. Halaber, ikerketak nabarmentzen du % 54k onartu egin duela noizbait ezezagun baten eskaera sare sozialetan, eta % 23,7 aurrez aurre geratu da Internet bidez soilik ezagutu duen jendearekin. Era berean, 10 nerabetik 1ek (% 9,3) heldu baten sexu-proposamen bat jaso du Internet bidez, eta % 35,8 eduki pornografikoko webguneetan sartu da.