Ikasleentzako laborategi naturala Plaiaundi Institutuko lurretan

Plaiaundi institutuko ikasle eta irakasleek ikastetxeko lurretan eraikitako hiru putzuak erabiltzen dituzte saio praktikoak lantzeko. Joan den ikasturtean eraikitako putzuekin lanean jarraitzeaz gain, aurten txikiagoak diren hiru putzu berri eraiki dituzte, oraingoan, Plaiaundiko Parke Ekologikoaren barnean. Ana Uriz, Carlos Cruz eta Iñaki Sanz izan ziren proiektua bultzatu zuten irakasleak.

Joan den ikasturtean eraiki ziren ikastetxearen barnean Larrun, Aiako Harriak eta Jaizkibel putzuak. Putzu bakoitza ikastetxeko eremu ezberdin batean kokaturik dago, baldintza ezberdinek putzuan izan ditzaketen eragina islatzeko asmoz. Era honetan, Lur eta Ingurumen Zientziak ikasgaiko ikasleen ikasketa prozesua bultzatzea eta arintzea bilatzen zen ariketa praktikoen bitartez. Carlos Cruz irakasleak adierazi du, “putzuak gure laborategi naturalak dira”.

Pasaden ikasturteko esperientziaren ostean, aurtengo ikasturtean aurrera jarraitu dute proiektuarekin. Horrela, jada eraikiak zeuden ikastetxeko hiru putzuak aztertzen jarraitzeaz gain, Plaiaundi Parke Ekologikoarekin kolaborazioan, parkean dimentsio txikiagoko 3 putzu berri sortu dituzte. Ana Uriz eta Carlos Cruz irakasleek azaldu dutenez, proiektua abiatu zenetik, ikasleen motibazioa eta jakin-mina areagotu direla nabaritu dute.

Astean klasean emandako bi ordu teorikoen edukiak putzuetan egiten diren bi saio praktikoekin osatzen dituzte. Honela, ekosistemaren eboluzioa ikertzeko aukera paregabea dute ikasleek putzuak behatuz, ur laginak ikertuz edo segida ekologikoak eginez, besteak beste. “Markatutako programaziotik atera gabe, edukiak era desberdinean lantzeko aukera dugu honela”, gaineratu du Ana Uriz Plaiundi Institutuko irakasleak.

Ezinbesteko laguntza
Putzuen sorreratik aritu dira ikasle eta irakasleak proiektua garatzeko lankidetzan. Irakasleen lanaz gain, Arantzadi Zientzia Elkarteko kideen kolaborazioa ezinbestekoa izan da egitasmoa aurrera eramateko. Lehen momentutik hasita proiektuaren fase guztietan izan dute elkartearen laguntza. Ana Uriz irakasleak azaldu duenez, “pazientzia handia izan dute, ikasleekin oso ondo moldatu dira eta haien ikasketa prozesuan inplikatu dira”.

Mugarik gabeko proiektua
Bigarren Batxilergoko Lur eta Ingurumen Zientziak ikasgaian matrikulatutako ikasleengan pentsatuz abiatu zen egitasmoa. Hala ere, denborak aurrera egin ahala eta proiektua ikastetxeko beste departamentuentzat erabilgarria izan daitekeela ikusita, proiektua matematika edo hizkuntza bezalako beste arlo batzuetan erabiltzen hastea espero dute etorkizunean.

Hortaz gain, beste heziketa zentroei putzuak ezagutu eta ikasleekin bisitatzeko aukera zabaldu nahi zaie, honela, sakonera gutxiko zulaketa batzuekin abiatu zen proiektu honi erabilgarritasun mugagabea emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude