Alarma-egoeraren ezarpenarekin kurtso akademikoaren amaiera kolokan jarri zen. Horrela, egun batetik bestera materiala, irakasleak eta ikasleak urrunetik eskolak emateko prestatu behar izan zituzten ikasketa zentroek jarduera akademikoa etetea saihesteko. Salbuespenak salbuespen, 2019-2020 ikasturtea amaitzeko ikasleak ikasketa zentroetara itzuliko ez direlaren erabakia ezagutu ostean, Alberto Arranz Bidasoa Institutuko zuzendariak institutuan ikasturtearekin jarraitzeko hartutako neurriak azaldu ditu.
Nola egokitu duzue kurtsoaren amaiera alarma-egoerara egokitzeko?
Zorionez azken ikasturteetan ikastetxean gaitasun digitalak garatzeari garrantzi handia eman genion, irakasleak horretarako formatuz eta era interaktiboan lan egiteko aplikazioak txertatuz. Erabaki hauei esker alarma-egoera ezarri zenean egoerari aurre egiteko prestatuagoak geunden. Dena dela, ikasturteko plangintza osoa moldatu behar izan dugu eta gure kasuan oso konplikatua da eskolak etxetik normaltasunez ematea, ikasleek tailerrean klase praktikoetan ordu asko eman ohi dituztelako. Era honetan, edukia bideo, material osagarri eta aplikazio interaktiboen bitartez egokitzen saiatu gara. Beraz, zailena praktikak ikasketa prozesu telematikoan txertatzeko modua topatzea izan da.
Materialak azkartasunez digitalizatu eta ikasleen esku jartzea lortu duzue?
Kasu batzuetan errazagoa izan da, baina, besteetan irakasleak ikastetxera hurbildu eta bideoak grabatu behar izan dituzte tailerreko edukiak partekatu ahal izateko. Ikasleek zuzenean praktikak egiteko aukerarik izan ez arren, etxetik gauzak nola egiten diren ikas dezakete, ikusitakoan sakontzeko galderak egiten baitzaizkie erakustaldia amaitu ostean.
Ikasleentzat erraza izan da baldintza berrietara egokitzea?
Bai, nahiz eta bidean zenbait zailtasun topatu ditugun. Adibidez, etxe batzuetan ordenagailu bakarra dago eta, krisialdi egoeraren ondorioz, etxeko senide guztiek erabili behar dute. Besteetan etxean ez dute interneterako konexiorik edo konexio hori ahulegia da. Arazoak konpontzeko, zentroak ordenagailuak utzi dizkie horien beharra zuten ikasleei. Gainera, Hezkuntza sailaren bitartez konexio arazoak zeuzkaten ikasleen artean SIM txartelak banatu ditugu. Behin oinarrizko arazoak konponduta, bakoitzaren ardura da ikasturtearen erritmoa jarraitzea, baina, orokorrean gauzak uste baino hobeto ateratzen ari dira.
Azterketen bitarteko ebaluazio sistema mantendu duzue?
Oraindik ez ditugu ikasturte amaierako azterketak egin, baina, zenbait kontrol egin dira. Ikasturte amaierara begira, eduki asko aurreratu ordez, aurreko ebaluazioetan landutako edukian sakontzeko asmoa dugu ikasleek oinarrizko edukiak bereganatu dituztela ziurtatzeko. Azterketan, berriz, ordenagailuko bideokameraren bitartez irakasleek ikasleak kontrolatuko dituzte, nahiz eta ikastetxean egiten diren azterketan gertatu ohi denez, ikasleren bat beti kopiatzeko trikimailuak bilatzen saiatuko den. Hala ere, apunteak aurrean izan arren, ikasleek benetako ezagutzak erakutsi beharko dituzten azterketak egingo dira.
Ikasleek ikasturtea ikasgeletan amaitu ahalko dutela uste duzue?
Osasun sailetik igorritako jarraibideak errespetatu beharko ditugu, gauzak egun batetik bestera aldatzea gerta daitekeelako. Hasiera batean maiatzaren 18tik aurrera talde murriztuetan ikasleak eskolara itzultzen hasteko aukera aztertzen zen, baina, oraindik ez dakigu zer gertatuko den.
Ikasturtearekin jarraitzeaz gainera, ikastetxean pantaila babesleak era boluntarioan sortu dituzue?
TKNIKA zentroaren proposamena jaso ostean erabaki genuen pantaila babesleak sortzea, diademak egin eta plastiko bat jarriz. Lehen hiru asteetan pantaila guztiak Osakidetzarako egiten gentiuen eta taxi bat arduratzen zen materiala osasun zentroetara garraiatzeaz. Orain gainontzeko hiritarren beharrak asetzeko ekoizten ditugu: Irungo auzitegirako, ertzainentzat, hiriko merkatarientzat, adineko pertsonen egoitzentzat, … Guztira 1.600 pantaila babesle sortu ditugu hiritarren beharrak asetzen saiatzeko.
“Guztira 1.600 pantaila babesle sortu ditugu hiritarren beharrak asetzen saiatzeko”
Irakasleak arduratu dira pantaila babesle horien sorreraz?
Bai, ikasleak prozesuan inplikatzea gustatuko litzaiguke horrelako ekintzetan gogo handiz parte hartu ohi dutelako, baina, ezinezkoa da haiek ikastetxera etortzea. Beraz, irakasleak asteko zazpi egunetan txandakatzen gara pantailen ekoizpena eten ez dadin. Eskura dugun materialekin beharrezkoa den guztian laguntzeko prest gaude, oso atsegina baita jendeak egindako lana nola eskertzen duen ikustea.
Ikasturte amaiera oso ezberdina izango da aurten?
Bai, adibidez, ateak zabaltzeko eguna internet bidez egingo dugu era birtualean aurten maiatzaren 11 eta 12an, ikastetxea bideo eta argazkien bitartez erakusteko. Pandemiak nolako bilakaera duen ikusi beharko dugu, baina datorren ikasturtea normaltasunez hasi ahal izatea espero dugu.