Bidasoak Sacyr Asobal Ligako txapeldunorde titulua lortu du. Iker Serrano Bidasoko kapitainak hurrengo denboraldian kluba utziko duela iragarri zuen martxo amaieran. Fraikin Granollers taldearen aurka azken partidua jokatu aurretik, jokalari urretxuarrak talde irundarrean orain arte izandako ibilbidea errepasatu du.
Granollersen aurkako neurketa Bidasoarekin Artalekun jokatuko duzun azken partidua izango da, ezta?
Bai, egia esan, pena ematen dit Bidasoarekin jokatuko dudan azken partidua izango delako. Oraindik erronka polita dugu aurretik. Granollersen aurkako partidua presio handiko partidua izango da. Gu haiek bezala oso talde ona gara eta orain arte taldeak kluba egoera onean dagoela erakutsi du, nahiz eta aurreko partiduan Cuencako taldearen aurka galdu.
Hurrengo partidua irabazteak garaipenak ligako bigarren postua ziurtatuko luke?
Orain dela 2 urte garaipen hori lortu genuen eta izugarrizkoa izan zen. Aurten osasun krisialdiak baldintzatutako urte berezia da, baina momentuz ondo goazela uste dut. Zorte oneko bolada daude eta uste dut denboraldian zehar hainbat bolada on izan ditugula. Granollersen aurkako partidua gutako askorentzat azken partidua izango da eta, gainera, Artalekun jokatuko dugu, beraz, oraindik bereziagoa izango da. Era berean, arerioarengatik ere partidua berezia izango da, Granollers gure atzetik dabilelako, baina oraindik hiru partidu jokatu behar ditu. Hala ere, igande arratsaldean bigarren postu hori gure egitea espero dugu.
Zure agurraz gainera, Sergio de la Saludek eta Adrian Crowleyek ere taldea utziko dutela iragarri dute?
Bai, belaunaldi aldaketa bat izan daiteke. Baliteke klubak horrelako zerbait behar izatea, izan ere, aurten adinaren bataz bestekoa igo dugu eta esperientziaren aldeko apustua egin dugu. Klubak eta taldeak odol berria behar dutela uste dut eta gu Bidasoakoak izango gara beti. Naturaltasunez hartutako erabakia izan da eta erabaki onena izatea espero dugu.
Bidasoan klubaren bigarren taldetik eman zenuen jauzia, ezta?
Bigarren taldearekin Lanzaroten nengoela deitu ninduten hegazkin bat hartu behar nuela esanez Bartzelonako taldearen aurka jokatzeko. Bat-batean niretzat idoloak izan jokalarien aurka jokatzeko deitu zidaten, beraz, egun oraindik ilusioz gogoratzen dudan zerbait da. Hala ere, jada aspaldiko kontua da eta horren ostean Bidasoarekin beste hamaika bataila bizi izan ditut, beraz, oso urruti ikusten dut.
Bidasoara itzuli zinenean, taldea egoera konplexuan aurkitu zenuen?
Lehenengo bi urteak zailak izan ziren, bigarren mailatik lehen mailara igotzea lortu genuelako. Dena den, denboraldi-aurre horietan parte hartu zuten kirolariak goraipatu nahiko nituzke, izan ere, Asier Aranburu eta etxeko beste jokalarien lanari esker lortutako zerbait izan zen. Klubaren desagerpena saihesteaz gainera, berriro ASOBALera itzultzea lortu zuten eta. Nire momentua iritsi zela uste nuen eta taldera itzuli nintzen lehen bi urteetan uste dut asko lagundu nuela, nire profesionaltasuna eta esperientzia aintzat hartuta.
Orain dela bi urte txapeldunorde titulua lortzea izugarria izan zen, ezta?
Bai, amets bat izan zen. Klub batek fitxatzen zaituenean eta talde batean jokatzen hasten zarenean, beti horrelako zerbaitekin amesten duzu. Hau da, Artaleku beteta ikustea eta zure izena nola oihukatzen duten entzutea. Azken finean, amets txiki eta politak dira eta azkenean errealitate bihurtzea lortu genuen. Taldean etxeko jende asko ginen eta identitate aldetik ohore bat izan da. Gure aurrean genuen aukera ikusteko gai izan ginen eta gutxi dira aukera hori izan duten jokalariak.
Bidasoak oraindik identitate eta etorkizun hori mantentzen du?
Nik uste horrela izan beharko luke, esperientziak hori erakusten baitu. Kluba Europan ibili zen garai haietan taldean etxeko jendea zegoen. Oreka mantentzea zaila izan daiteke, baina oso filosofia polita dela iruditzen zait eta horrela jarraitu behar duela uste dut. Nire ustez, etxeko jendea ondo zainduz gero, Bidasoak etorkizunean arrakastak lortuko ditu.
Aurrekoan Bidasoa ahalik eta egoera onean utzi nahi zenuela aipatu zenuen. Horrek taldeari diozu maitasuna adierazten du?
Bai, azken finean, nire kluba da. Niretzat Bidasoan jokatzea futbolean dabilen norbaitentzat Realean jokatzea bezalakoa izan da. Bost urteko bigarren esperientzia honetan eta harrobiko urteetan Irungo jende askorekin jokatu eta haietatik ikasteko aukera izan dut.
Gaur egun pibote lana Julen Aginagalderekin partekatzen duzu?
Bai, aspalditik ezaguna dut. Kadete nintzenean eta jubenilekin jokatzen nuenean Julen jada Bidasoan zegoen. Orduan niretzat izugarrizko jokalaria zen, beraz, oso urte polita izan da berarekin azken urte hau partekatu ahal izatea.
Egun oraindik harrobian klubeko lehen taldera iristeko ilusioa lantzen dela uste duzu?
Bai, noski. Azkeneko hiru urteetan bide horretan pausu handiak eman direla uste dut. Egun, klubaren lehen eta bigarren taldearen artean dabiltzan bospasei jokalari daude eta uste dut atzetik gehiago etorriko direla. Bigarren taldeak lehenengo nazionalera igotzeko helburua du eta lorpena klubarentzat garrantzitsua izango litzatekeela uste dut.
Zein mezu bidaliko zenieke zaleei klubaz agurtzeko?
Mezu laburra izango da. Eskerrak eman nahiko nizkieke, Bidasoan nire lehen eta bigarren aroetan ondo zaindu nautelako. Uste dut hemendik aurrera Irundik ikusiko garela, Irun nire etxea balitz bezala maite dudalako.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.