Iker Velasco, Ekiphos: “Ideiari buelta eman nion eta doakoa izango zen plataforma sortzea erabaki nuen”

Iker Velasco aspalditik harreman estua du korrika eta lasterketen munduarekin. Duela 5 urte Londresen bizi zela kirola eta bere lanbidea elkar-tzeko modua topatu zuen, izan ere, lasterketetako antolatzaileak, argazkilariak eta korrikalariak elkartzeko plataforma sortzea bururatu zitzaion programatzailea den lagun baten laguntzarekin. Horrela, kirol probetako irudiak elkarbanatzeko aukera eskaintzen duen Ekiphos webgunea martxan jarri du ekintzaile irundar gazteak.

Lehen ideia asko moldatu behar izan zenuen zure proiektura egokitzeko?
Bai, hasierako ideia salerosketarako gunea sortzea zen, baina, nire asmoa korrikalari, argazkilari eta kirol proben antolatzaileei aurkeztu nienean, formatu horrekin inguruan arrakasta gutxi izango nuela konturatu nintzen. Ideiari buelta eman nion eta doakoa izango zen plataforma sortzea erabaki nuen.

Proiektua aurrera ateratzeko laguntzarik izan duzu?
Irunera itzuli nintzenean zorte handia izan nuen, Bidasoa Bizirik elkartearengana hurbildu eta nik erabili nezakeen bertako ekintzailei zuzendutako beka bat zeukatela azaldu zidaten. Era honetan, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko aukera izan nuen eta, laguntza ekonomikoaz gainera, coworking bulegoan lan egiteko aukera lortu nuen. Oso aberasgarria da coworking-ean lan egitea, espazioa zure egoera antzekoan dauden pertsonekin partekatzen duzulako eta elkarren artean asko laguntzen zarelako.

Zergatik ipini zenion proiektuari Ekiphos izena?
Ekiphos hitz-joko bat da, bi hitzen batura. Alde batetik, “Eki-” aurrizkiarekin ekitaldia hitzari erreferentzia egin nahi nion eta, “-phos”, berriz, grekeraz argazkia esan nahi du. Horrela, Ekiphos izenarenik proiektuaren helburua laburbildu nahi izan dut.

Ekiphos proiektuan mota guztietako kirol ekitaldiak onartzen dituzu?
Hasieran lasterketetan zentratu naiz, baina, kirol gehiago sartzeko asmoa daukat. Oraingoz, triatloia, txakur-krosak eta txirrindularitza sartu ditut eta aurrerantzean kirol berriak gehitzea gustatuko litzaidake.

https://www.youtube.com/watch?v=a3wjPAILQfg

Nola lortzen duzu erabiltzaileak kontaktuan jartzea?
Edozein pertsona webgunean sartu eta nola funtziona-tzen duen ikusteko aukera du. Webgunean erregistra-tzeko 3 erabiltzaile mota daude: antolatzaileak, kirolariak eta argazkilariak.

Lehia handiko sektorea da?
Bi aurkari garrantzitsu ikusten ditut nik. Batetik, lasterketa handietan askotan enpresek antolatzaileekin akordioak izan ohi dituzte argazkiak ateratzeko, ondoren, antolatzailearen webgunean partekatuko direnak. Lasterketa txikietan, berriz, argazkiak Facebook edo Google-eko argazki bildumaren bitartez partekatzen dira, hau da, zabalagoak diren espezializatu gabeko plataformetan.

Zer suposatu du zuretzat Irun Ekintzan saria jaso izana?
Oso pozgarria izan zen eta, egia esan, ez nuen espero, Irunen proiektua hasi eta denbora gutxira iritsi zelako. Diruaz gain, proiektua ezagutarazi eta kolaborazio berriak sortzeko lagungarria izan zitzaidan.

Nola moldatzen zara Ekiphos erabilatzaile posibleen artean ezagutarazteko?
Orain dela 2 hilabete webgunea ireki nuen eta orain Ekiphos ezagutzera emateko unea da. Kirol proben antolatzaileekin akordioak lortzea da garrantzitsuena eta haientzat erabilgarria izan daitekeela ikusteko.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Blogean nire lorpenak partekatzeko asmoa dut, jendeari istorio bezala kontatzeko. Nire helburua webgunean milioi bat erabiltzaileetara iristea da, argazkilari eta kirolarien artean. Horrela, kirol proba asko lortuz gero, argakilariak eta kirolariak etorriko dira beranduago.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusi daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude