Ikuskizuna da Behobia-Donostiako irteera

Bisitariak biderkatzen ditu Irungo Behobia auzoak azaroko bigarren igandean. Festa edo jaialdi erraldoi bat izango balitz bezala, jendez eta kolorez betetzen dira kaleak, espaloiak, errepideak, tabernak eta baita gasolindegia ere. Giroa ere halakoxea da. Bafle handiek musika auzo osoan zehar hedatzen dute, eta esatarien iruzkinek festa sentsazioa areagotzen dute. Behobia-Donostiaren irteerak ez du beste edozein lasterketarenaren antza handirik.

SONY DSC

Inguruko auzoetatik entzuten da Behobitik datorren zalaparta. Kalera irten bezain pronto, nabari da lasterketa eguna dela. Behobia aldera doan jende gehien-gehienak kiroletako arropa darama. Batzuk oinez doaz, motxila eta guzti. Beste batzuk korrika motelean, berotzeko asmoz. Hartu beharreko bideari buruz galdetzen dutenek euren burua salatzen dute. Ez dira eskualdekoak. Autobusean, trenean edo topoan iritsiko ziren, beste milaka lagun bezala. Nahiko Arbide gaztea Urnietakoa da, eta trenean etortzen da urtero. Giro atsegina izaten dela azaldu du: “Batekin edo bestearekin hitz egiten, ziztu bizian pasatzen zait bidaia. Kataluniarrak topatzen ditut, edo estatuko beste leku askotakoak. Interesgarria izaten da haien esperientziak entzutea”.
Bosgarren aldiz ariko da Nahiko Arbide Behobia-Donostian. Hala ere, aurten helbururik gabe irtengo da, lagun talde batekin gozatzera. “Elkarri animatuko diogu, eta pixkanaka egingo dugu ibilbidea. Gogorra da, baina ez gatoz sufritzera”, azpimarratu du urnietarrak. Behobian gelditu da lagunekin, baina badaki ez dituela aise aurkituko: “Zaila izaten da lagunak topatzea, hainbeste jenderen artean”. Leku eta ordu zehatza finkatu beharra dago, bestela, eromena da Behobian norbait bilatzea. Milaka eta milaka lagun biltzen dira auzoan. Beroketan edo mentalizazioan kon-tzentratuta egoten dira batzuk, lehen multzoetan irtengo direnak, batez ere. Luzaketa ariketetan edo edari isotonikoei azken tragoak ematen ikus daitezke horiek.

Gainerakoen artean, irudi bitxiak ikusten dira. Tabernak barra-barra egoten dira, esaterako. Eguraldi onarekin, terrazetan egoten da jende asko, kafea lasai ederrean hartzen. Dendariek ere goizari etekina ateratzen diote, ur botilatxoak edo fruta saltzen. Hidratazioa behar-beharrezkoa da, baina ur gehiegi edatea ere ez da komeni, ondorioak ekar ditzakeelako. Antolakuntzak prestatutako komunen aurrean dauden ilarak ikustea besterik ez dago. Bero handia egiten du, eta eguzkiak gogor jotzen du. Horregatik, edozein aterpek balio du itzala bilatzeko. Elizaren atarian jendea dago, eskaileretan eserita. Gasolindegian ere bai, erregai hornigailuen artean. Berriketan daude gehienak, edo musikaren erritmoan dantzan.

SONY DSC
Jatorrien eta helburuen aniztasuna
Koloreen festa ere bada Behobia-Donostiako irteera gunea. Hala ere, bat edo bi nagusi izaten dira urtero. Lasterketako kamisetarenak, hain zuzen ere. Aurten fuksia da, eta mauka grisak ditu. Jende askok darama soinean. Beste kolore batzuk urtero errepikatzen dira Behobian, Kataluniako gorria eta horia, adibidez. 4.000 kataluniar inguru aritzen dira azken urteotan Behobia-Donostian. Taldeka iristen dira gehienak, lagunen gomendioa jarraituta. “Ni irteteko irrikaz nago, kontatu didaten guztia ikusteko”, adierazi du Manel Expósitok. Terrassakoa da, eta lagunekin etorri da. Rosa Garcíak animatu du, joan den urtean parte hartu baitzuen. Esperientzia “ederra” izan zela azaldu du: “Jende asko zegoen animatzen, hasieratik bukaerara. Gainera, euskaldunek oso ondo hartzen gaituzte beti. Errepikatzea erabaki genuen, eta bueltatu gara, baina jende gehiagorekin. 30 lagun gara guztira”.
Asturiastik etorri dira Jennifer Pérez eta Aida Somoza. Lehen aldiz parte hartuko dute Behobia-Donostian. “Lasterketa enblematikoa eta gogorra da. Erronka da guretzat”, aitortu du Pérezek. Amaitzea dute helburu, eta lasterketaz gozatzea. Ordularia alde batera utziko dute. Urduritzen hasi dira, irteteko ordua hurbiltzen ari delako. Sentsazio arrunta dela uste du, dena den, Jennifer Perezek: “Lasterketako emozioaren parte da urduritasuna”. Momentuz, irteerako giroa disfrutatzen ari dira. Harrituta daude antolatzaileek prestatutako muntaiarekin. “Pena da musika ibilbide osoan zehar ez dagoela. Mundiala litzateke hori”, aipatu du Aida Somozak. Ondoan, elastiko deigarriak dituzten gizon-emakumeen multzo bat dago. Nafarroako Diabetes Elkarteko kideak dira. “Gure osasunerako kirolak duen garrantzia irudikatu nahi dugu”, argitu du Humberto Perez de Leivak.
Pixkanaka hustuz joan da Behobia. Elbarriak irten dira lehenengo, eta patinatzaileak ondoren. 10:00etan hasi dira lasterka korrikalari azkarrenak, Donostiara bidean. Hortik aurrera, multzoka irteten joan dira parte hartzaileak, dortsalaren kolorearen arabera. Urduritasunak gora egin du irteerako arkura hurbilduz joan diren heinean. Atzera kontaketa amaitu den unean, emozioek eztanda egin dute. Hortik aurrera, 20km-ko ibilbide gogorrari heldu behar izan diote parte hartzaileek. Haizea eta beroa izan dituzte kontra, baina ikusleen babesa alde.
Atzean gelditu da Behobiako irteera gunea. Bertan, langileen eta boluntarioen lana hasi da, auzoak normaltasuna berreskura dezan.

Hildako bat izan da Behobia-Donostian

Korrikalari bat hil da aurten Behobia-Donostian. Laugarrena da lasterketaren historian. Bihotzekoak eman zion muga pasa ondoren, eta zerbitzu medikoak bizkor iritsi ziren arren, ezin izan zuten gaztearen heriotza ekidin. Jose Javier Suescun zen, 31 urteko berbintzandarra (Nafarroa). Lasterketa gogorra izan zen, haizearen, beroaren eta hezetasunaren ondorioz. Guztira 446 korrikalari artatu behar izan zituzten zerbitzu medikuek, eta 20 bat izan ziren hurrengo egunak ospitalean eman zituztenak. 440 korrikalarik bertan behera utzi zuten lasterketa. Beste askok parte hartzeari uko egin zioten. 34.000 dortsal banatu zituzten, baina 28.262 kirolari irten ziren Behobiatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude