Ikust Alaia erreliate bihurtzetik gero eta hurbilago

Cristina Laborda Obretako ordezkaria eta Borja Olazabal Kulturako ordezkaria, biek, Ikust Alaiaren bigarren faseko lanak bisitatu dituzte. Lan horiek jarraipena ematen diote 2019an eta 2020an Foru Aldundiaren laguntzarekin eraikinaren egitura, estalkia eta fatxadak birgaitu zituen proiektuari. Iazko azaroan ekin zitzaien eraikinaren barnealdea prestatzeko lanei, etorkizunean hiriko museo gisa erabili ahal izateko.

Obren deskribapena

Bigarren faseko obra honetan, etorkizuneko museoaren espazio guztien barnealdea birgaituko da. Hau da, behar diren elementuak instalatuko dira (klimatizazioa, aireztapena, suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistema, elektrizitatea, argiztapena, ahotsa eta datuak, etab.), zoruak, sabaiak, elementu banatzaileak jarriko dira, komunak eraikiko dira, etab.

Igeltseroek bukatu dute lurzorua lautzen eta estalkia amaitua dago plaka fotovoltaikoak instalatu ondoren. Orain pladurra jartzen ari dira, eta aurki sabaiekin hasiko dira. Instalazioei dagokienez, makinak eta klimatizazioko hodiak instalatu dira, eta iturgintza eta saneamenduko lanak amaituta daude. Aurki eskailera eta igogailuaren modulu berriaren fatxadetarako burdineria instalatuko da; aurreikusten denez, datozen egunotan. Horrez gain, beiratea konpontzen ari dira.

Esku-hartzea amaitzeko, eraikinaren kanpoko urbanizazioa egokitu eta bukatuko da (zoladura, euri-urak biltzeko sistema eta argiztapena). Jarduketak 1.750.677,28 euroko aurrekontua du. Horrela, lehen fasera bideratu zen kopurua batuta (ia milioi bat euro), ia 3 milioi euroko aurrekontua izango du guztira Ikust Alaiak. Exekuzio-epea urtebetekoa da (bigarren fase honetako lanak azaroan hasi ziren), eta enpresa esleipenduna Obras Especiales de Edificación e Infraestructuras SAU da.

Luis Mariano eta askoz gehiago

Eraikina birgaitzeko lanekin batera, Kultura arloa instalazioa edukiz hornitzeko proiektu museologiko bat prestatzen ari da. Ekimen hori gobernu-programaren fruitua da, eta Luis Marianoren figuraren balioa ezagutzera ematea du helburuen artean. Nazioartean sona handiena izan duen Irungo artista da eta, prisma horren bidez, gure hiriko historia errepasatzeko baliatuko dugu aukera.  Museoa ezartzeko plana lantzen ari dira orain, etorkizunean hura osatuko duten elementuak kudeatzen eta hautatzen. Horretarako, diskurtso museistiko berriak bilatzen dira, bai eta eduki-proposamenak ere, hiriaren historiako mugarriak egungo lengoaien bidez kontatzeko.

Eraikina Zabaleta Etxea izenez ere ezaguna da. 1891n eraiki zen eta Udalak 1985ean eskuratu zuen jabetza. Duela gutxira arte udal-liburutegiaren egoitza izan zen, San Juan plazako CBAra lekualdatu zuten arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude