Iñaki Bengoetxea, Bidasoako Erlezainen elkarteko kidea: “Gure eztiarekin Euro Hostoaren logotipo ekologikoa lortzeko prozesua hasi nahi dugu”

Duela 25 urte sortu zen Bidasoako erlezainen elkartea, eskualdeko erlezainak batu eta erlezaintzarekiko zaletasuna indartzeko helburuarekin. Iñaki Bengoetxea elkarteko kideak azaldu duenez, Bidasoako eztiaren ekoizpenean urrats berri bat eman nahi da Euro Hostoaren logotipo ekologikoa lortzeko.

Noiz sortu zen Bidasoako erlezainen elkartea?
Meakan bazen Prudentzio Urkia izeneko erlezain bat eta berarekin beste erlezain batzuk elkartu ziren, horien artean nire osaba, Patxi Aizpiolea. Horrela, Bidasoko erlezainak elkartzeko leku bat bilatzen genuen, eztia ateratzeko toki bat izan ahal izateko. Gazteak ginenean ia baserri guztiek sagarrak, erleak eta eztiak izan ohi zituzten. Industrializazioarekin dena pikutara joan zen eta ohitura berreskuratzea erabaki genuen. Erlezainen elkarteari Bidasoko izena jartzea erabaki genuen Etxalar, Lesaka, Hondarribia eta Pasaiako erlezainak elkartzeko. Beraz, 25 urteren ostean hemen jarraitzen dugu.

Gaur egun zenbat kidek osatzen duzue elkartea?
Egun 25 edo 28 kide inguru izango garela uste dugu. Izan ere, kide berriak sartzen diren bitartean, bidean adineko beste kide batzuek elkartea uzten dute. Hala ere, 25 kide ingururekin hor mantentzea lortzen dugu. Onena bakoitzak bere eztia egiten duela. Egun horretan elkartearen egoitzan bakarrik gaude eztia ateratzen. Bertan eztia atera, ontziratu eta etiketatzeko beharrezkoa den guztia dugu. Elkarte izaerak bakoitzari gure eztia ateratzeko aukera ematen dio, gure izenarekin eta osasun-erregistroko neurriak bete ahal izateko.

Zein da eztia sortzeko prozesua?
Hemen gehienek ez dugu erleen transhumantziarik egiten. Nik adibidez erleak nire sagastietan dauzkat, beraz, urte osoan zehar hemen egoten dira. Hortaz, lehengo estiloari eusten diot, erleek bertako materiala aprobetxa dezaten. Aurten arkazia aprobetxatu dute, sagastientzat oso udaberri ona izan da eta gaztainondoak ere ondo aprobetxatzea espero dut. Bertan sortutako eztia bertan elaboratzeko formula bat sortu dugu. Oso gutxi dira haien ezti propioa elaboratzen duten elkarteak.

Eztia ekoizteko tresneria elkartean partekatzen duzue?
Bai, bestela, ia ezinezko litzateke ekoizle bakoitzak eztia egiteko behar diren tresna guztiak izatea. Eztia jasotzerakoan hezetasuna neurtu behar zaio. Hortaz gain, ateragailua, umotegia eta bestelako tresneriak gordetzeko leku bat behar da. Etxebizitza batean hori guztia gordetzea ezinezkoa da eta eztia txukun egiteko espazioa behar da. Orduan, elkartearen bitartez prozesua asko erraztea eskertu dugu eta jende gazteari elkartera batzera erraztu nahi diogu.

Beraz, Bidasoa inguruan erleekiko zaletasuna dago?
Urte batetik bestera elkarteko bazkide kopuruari eustea lortzen diogu. Tarteka erlezaintzaren munduan murgildu nahi diren gazteak hurbiltzen zaizkigu. Orain pausu berri bat emateko bidea hasi nahi dugu eta elkartean eztabaidatu behar dugu. Ekoizleek bertako erleak erabiltzen ditugula aprobetxatzeko, gure eztiarekin Euro Hostoaren logotipo ekologikoa lortzeko prozesua hasi nahi dugu. Horrela, nahi duenari identifikazio bat gehiago izateko aukera eskaini nahi diogu, bezeroek hemengo erleekin lan egiten dugula jakin dezaten. Pausu hori emateko saiakera bat egin behar da. Ezti naturala da, tratamendu naturalekin lantzen dena eta ahalegin hori aitortzea beharrezkoa iruditzen zaigu.

“Bertan sortutako eztia bertan elaboratzeko formula bat sortu dugu”

Eztia saldu ahal izateko baimen asko lortu behar dira?
Ez, gure kasuan gainera sagardoarekin prozesu berberak jarraitu ohi ditugunez ohituta gaude. Baimenak kudeatzen dituen elkartearen kontaktua dugu, eta urratsa eman nahi duten ekoizleen prozesua errazten saiatu nahi dugu. Zigiluak konfiantza transmititzen du, eta Irungo jendeari erleak bertakoak direla ezagutzen lagunduko diola uste dugu. Eztia elikagai osasungarria da, propietate osasungarriak ditu, ezti motaren arabera aldatzen direnak eta jendeak horiek ezagutzea nahi dugu.

Liztor asiarrak kalteak eragiten dizkizue oraindik?
Borrokarik handiena hor dugu oraindik, ez baitugu horientzako antibiotikorik. Aurten goiz mugitu dira eta erregina asko erori diren arren, uste dut hala ere liztor asko izango direla. Negu-pasa laburra izan dute eta erleak bizirik atera arren, asko ahultzen dizkigute. Europako hainbat lekutan zabaldutako arazoa da, beraz, ea laster egoera kontrolatzeko konponbidea topatzen den indar gehien duten tokietan ahultzeko.

“Elkarlaguntza da ikasteko modurik onena”

Zeintzuk dira urtean zehar eztiaren ekoizpenerako data garrantzitsuenak?
Hemen inguruan jendea goiz samar hasten da eztia biltzen, erleek jan ez dezaten. Nik aldiz, lege zaharrari jarraituz San Migeleko bezperara, iraileko amaierara, itxaroten dut, osabak egin ohi zuen moduan egiteko. Agian kilo batzuk gutxiago bilduko ditut, baina lana dibertsifikatzea eta erleek polinizazioan laguntzea nahiago dut. Azken finean, bakoitzaren erabakia da. Momentuz erleak oso indartsu daude eta lanean gogor hasi direla dirudi. Altzak, hau da, kutxak guretzako betetzen hasi dira.

Bidasoan aurrerantzean erlezainen tradizioa iraungo duela uste duzu?
Zeharka bada ere, bertako produktuei garrantzia ematen hasi garela uste dugu. Kontsumitzaileek gero eta gehiago baloratzen dute gertutasuna eta ekoizle gazteak ere horretaz ohartu dira. Orain dela 20 bat urte Bidasoan erlezaintza egoera okerragoan zegoen. Orduan erleak zeuzkaten gehienak adinekoak ziren. Orain, ordea, jende gaztea gaiarekiko interesa erakusten hasi da eta guk dakigun guztia erakusten ahalegindu beharko gara. Niregana gazteren bat ikasteko gogoz hurbiltzen bada, pozik lagunduko diot. Azken finean, elkar laguntza da ikasteko modurik onena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude