Iñaki Bengoetxea, Ola sagardotegia: “Berriz jendea sagardotegira sagadorterapia egitera etorri dadila nahi dugu”

Ola Sagardotegiak 2022ko sagardotegi denboraldiari hasiera eman dio. Iñaki Bengoetxea sagardogileak sagar ekoizpen aldetik urte oso emankorra izan dela azaldu du. Bengoetxeak adierazi duenez, emaitza sagardo mehe eta leuna izan da, aise edateko modukoa. Ola Sagardotegiko nagusiak denboraldi berriko erronkei aurre egiteko eta pandemiaren murriztapenetara egokitzeko nola moldatuko diren azaldu du.

Sagardo denboraldi ezohikoa izan arren, lana aurrera ateratzea lortu duzue?
Bai, ausartak gara, ezinezkoa baita bi urteren ostean aurreko egoera berdinean jarraitzea. Horrenbeste sagardo egin dugu eta nolabait arrankatu behar genuen. Ausardiarik ez zaigu falta, eta beraz, aurrera egitea erabaki dugu.

Bi urte dira pandemia hasi zenetik, beraz, aurreko urtetako esperientzia baliagarria zaizue erronka berriei aurre egiteko?
Bai, esperientzia lagun dugu. Ondo dakigu zer neurri bete behar ditugun, hau da, zenbaterainoko edukiera dugun eta musukoa erabili behar dugula. Dena den, gehiegi ez beldurtzen saiatzen gera, bestela, burutik izorratuko garelako.

Zeintzuk dira aurtengo denboraldiko nobedadeak?
Bi kupel dauzkagu, bi sagar mota ezberdinekin egindakoak. Bat, Urtebi Txikiarekin eta Patzuloarekin eta, bestea, azkena egin nuena, Urdinarekin eta Errezilarekin. Esango nuke hasierako sagardo horiek meheagoak direla, baina gehiago edateko ere ondo daudela esango nuke.

Jendea ondo ohitu da sagardoa eserita eta pitxerretan kontsumitzera?
Aurretik beste ohiturak zituztenentzako ez da hain erraza izan, baina horrela edateak lan gutxiago eskatzen duenez, alfer batzuek pozik hartu dute. Pitxerretan zerbitzatu arren, sagardoa kupel desberdinetatik hartzen dugu, beraz, jendeak kupel ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera du. Aukera hori izanda jendea dezente lasaitzen da eta egungo egoera zein den nahiko ondo ulertzen du.

Sagardo ekoizpen handiko urtea izan da, ezta?
Batzuek esaten duten moduan, sagar urtea izan da. Gaztelaniaz bada kalitatea kantitatearekin alderatzen dituen esaera zahar bat. Guk kalitate gehiago nahiko genuke kantitate asko baino, baina sagarrondo batek mila sagar ale eman baditu eta normalean 600 izan ohi baditu, normala da kalitate aldetik meheagoak izatea eta azukre gutxiago izatea. Dena den, asko edateko nahiko suabea da, gradu laurden bat edo gutxiago daukalako eta hori aise edaten da. Nik esan ohi dudan moduan, horrela parrandan aritzeko denbora gehiago izango dugu.

Erraza da sagar ekoizpena handia denean soberakinak kudeatzea?
Hori kudeatzen hasi beharrean gaude. Nik joan den urtean nire probak egin nituen, ni bezalako beste bi edo hiru erorekin elkartu nintzen, bakanketa egiten aritu ginen eta nik uste bide horretatik jarraitu behar dugula, Europan ere prozedura hori erabiltzen ari baitira. Beraz, bi urtean behin, sagar asko dagoen urtean, pixka bat bakandu beharko genuke, sagarrondoa bera nekatu ez dadin eta dauzkan aleak ondo hazi daitezen. Ezin da besterik egin, hemengo sagar moten joera hori baita. Gaur egun dauzkagun ontziratze eta hozte sistemekin ez legoke arazorik bi urtetik behin sagardoa ontzeko.

Zergatik erabaki duzue aurten baserritarrak omentzea?
Beraiek gurekin itsasontzi berean sartu ziren, lehenik eta behin Euskal Sagardoa egiteko eta orain ekologikoan. Izan ere, ziurtagiri hori lortzeko hiru urte eman ditugu lanean. Horri esker zigilu ekologikoak lortu ditugu, bai Euro-hostoa eta bai Ekolurra. Ekolurrak esan nahi du bertako sagarra dela, zeren ekologikoak izan arren, sagarrak, adibidez, Frantziatik ekarri daitezke. Beraz, Ekolurra ziurtagiriarekin kontsumitzaileek badakite hemen bertako sagarrarekin egindako sagardoa kontsumitzen ari direla. Egindako ahalegin guztien ondoren, txotx irekiera bat beraiek egitea merezi zutela esan nien. Proposamena pozik hartu zuten eta nik uste merezi dutela, guztiok itsasontzi berean sartuta egon arren, batera arraun egitea garrantzitsua da. Lehengaiak oso garrantzitsuak dira eta baita bertako sagastiak izatea.

Zer garrantzi du sagardotegi batentzat ziurtagiri ekologikoaren lorpenak?
Niretzako garrantzi handia du. Nik beti maitatu izan du nire kultura, nire ingurua eta inguratzen nauen guztiarekiko sentimendu handiak ditut. Hemen jaio nintzen eta 62 urte daramatzat hemen bizitzen. Nire sustraiak, arbolenak bezalakoak, bertan errotuta daude. Mutikotan ezagutu nuen etxe guztietan sagastiak zeudela, nahiz eta soilik etxeko kontsumorako izan. Ezti eta erleekin gauza bera gertatzen zen, baina gero ohitura guzti horien gainbehera etorri zen. Orain, aldiz, ohitura horiek berreskuratzen ari direla ikusteak poz izugarria eragiten dit eta gure ingurugiroa nola berreskuratzen ari garen ikusteak asko pozten nau. Ez da ahaztu behar hiritarrentzat oso polita izan daitekeela natura, baina landa inguruan lurrak landu eta zainduko dituen baserritarrik edo animaliarik egon ezean, dena ez dela hain polita izango.

Sagardoaz gain, murriztapen neurriak beteta, sagardotegi giroa bermatuta dago?
Sagardotegia ahalik eta modu txukunenean antolatzen ahalegindu gara. Alde batetik, sagarra eta ingurugiroa dago. Gero, sagardoa egiteko unea da eta, azkenik, sagardoa dastatzerakoan festa giroa eta gure kultura dago. Aurten, eserita izan arren, deiadarrarekin sartu, txalaparta, bertsolariak eta trikitilariak izan ditugu. San Anton jai hau beti asko bizi izan dugu eta, eserita bada ere, uste genuen erromeria ukitua eman behar geniola. Bestela, birusa eta beldurraz gain, gure kultura zapaltzen ari gara.

Noiz arte luzatuko duzue Sagardo Denboraldia?
Maiatzaren azkenera arte, beti egin izan dugun bezala. Ea aurten orain arte egindako moduan, sagardotegian beste ekintza batzuk antolatzeko aukerarik dugun. Izan ere, aurreko urteetan bertso-afariak, Sagarraren Eguna edo abuztuan pilota txapelketa antolatzen genituen. Azken batean, Ola sagardotegiak ekintza dezente antolatzen zituen.

Zer eskatzen diozu aurtengo sagardo denboraldiari?
Lehenbizi denok osasuna izan dezagula. Beldur puntu hau galdu eta aurrera egin behar dugu. Berriz jendea sagardotegira sagadoterapia egitera etorri dadila nahi dugu, beraz, Ola sagardotegira etorri nahi duenak hementxe dauka gure gonbidapena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude