Txotx irekiera ekitaldia Ola Sagardotegiarentzat urteko momentu berezienetako bat da. Egun polita izateaz gain, lan handiko eguna izaten da bertako langileentzat. Horregatik, irekiera eguna iritsi baino egun batzuk lehenago, Iñaki Bengoetxeak aurtengo sagardotegi denboraldia prestatzeko lanak nolakoak izan diren azaldu zigun.
Nolakoak dira Txotx Irekiera iritsi aurreko azken egunak?
Urduritasunak kudeatu eta azken kartutxoak erretzeko momentua da. Eguna iritsi aurretik garbiketak egin behar dira, oporren ostean sagardotegia txukuntzeko. Orain arte lasai egon gara, baina data hurbiltzen den heinean adrenalina igotzen doa.
Aurtengoari ekin aurretik, nolakoa izan zen iazko denboraldia?
Iazko denboraldian ere jendea ibili zen. Aldaketa nabariena izan zen eguerdian jende gehiago ibili zela ohiko kopuruekin alderatuta eta gauetan, berriz, gutxiago. Beraz, sagardoa lasai edan eta gozatu nahi duena astegunetan etortzen da.
Asteburuetako erritmoa oso ezberdina izaten da?
Bai, erritmoa guztiz ezberdina da, nahiz eta guk kopuruak lasaitasunez hartzen ditugun. Lagunekin berriketan mahai baten inguruan edo kupelaren bueltan egon nahi duena, astegunetan lasaiago dago.
Denboraldi berrian berrikuntzarik izango duzue?
Ez dugu berrikuntza handirik izango, iazko gauza berak egingo ditugu. Aurten ere bi kupel monobarietal egin ditugu, jendeak gauza desberdinez gozatzeko aukera izan dezan. Bitartean betiko kontuekin jarraitzen dugu, sagasti berriak landatzen eta barietate ekologikoak lantzen. Bertako sagarrekin lan egiteak aukera hori ematen digu, bai barietalak zein monobarietalak egitea.
Zer ezaugarri izango ditu aurtengo sagardoak?
Aurtengoa sagardo meheagoa da. Hasieran kantitate handia genuen eta denboraldi erdialdera arte meheagoa izan zen, baina amaieran gradu pare batzuk irabazi zituen. Txotxean beti jartzen dira egindako lehenak. Meheagoa izan arren, fruta-ukitu ona du, beraz, uste dut zaporez ondo ibiliko dela.
Eguraldiak lagundu al du sagarren ekoizpenean?
Sagarrak biltzeko oso eguraldi ona egin zuen, baina uda arraroa izan da. Lore garaian sagar askok aurrera jarraitu zuten, baina euri falta sagar kopuru handiarekin elkartu zenez, sagar asko bildu gabe utzi genuen eta azkenean pasa egin ziren. 2021ean ere antzeko zerbait gertatu zen, baina oraingoan ez genuen bildu aurrez ikusten genuen adina, baina hala ere asko bildu zen.
Sagarrek proiektua bezalako proiektu gazte eta berritzaileen beharra duzuela esango zenuke?
Dudarik ez. Beti saiatzen naiz Oihana Recalderena bezalako proiektuak laguntzen. Poza ematen dit auzoko gazte batek horrelako ausardiarekin sagastiak landatzeko proiektua hastea. Dena ondo ateratzea espero dut, nekazaritza munduan horrelakoak behar direlako. Txinparta berria duten gazteak behar ditugu.
Txotx irekiera aprobetxatuz, Julian Iantzi omentzea erabaki duzue. Zergatik?
Julian Iantziren emaztea eta bere familia beti etortzen diren horietakoak dira. Aspalditik gordea nion aurten omenaldia berari egiteko nahia. Merezi duela uste dut, Julian Iantzi bezalako norbait urtero etortzen delako. Berak aitortza onartu du, beraz, oso pozik nago.
“Sagardoa lasai edan eta gozatu nahi duena aste egunetan etortzen da”
Jendeari sagardoaz gain, txotx irekieran sortzen den giroaz gozatzea gustatzen zaio, ezta?
Bai, gauza asko egiten dira egun horretan. Deialdia Ttakun ttakun txalapartarekin egiten dugu. Horretaz gain, omenduari Agurra dantzatzen zaio eta oroigarri bat ematen diogu. Bertsolariak eta trikitilariak ere izaten ditugu. Jendeari euskaldun giroa gustatzen zaio eta gu ere horretan murgiltzen gara urtero.
Festa giroan lan eginda, zuek ere egunaz gozatzea lortzen duzue?
Ofizioa dominatzen duzunean, lana edozein dela ere, urduritasunak izan arren, badakizu zer egin behar duzun. Nerbio punttu hori izatea beharrezkoa da beti, baina jende artean gustura sentitzen naiz.
Sagarrondoak liztor asiarren mehatxupean al daude oraindik?
Gai horrek berdin jarraitzen du. Hasieran lau zaletuen arazoa zela zirudien, baina ikusi da arazoa uste baino handiago dela, guztioi eragiten digulako. Landa inguruez gain, hiri erdialdean liztor asiarren habiak ikusten hasi dira. Guk erleak ditugu sagarrondoak polinizatzeko eta liztor asiarrek kalte handiak eragin dizkiete azkenaldian, beraz kezkagarria da.ç
“Bertako sagarrekin lan egiteak aukera hori ematen digu, bai barietalak zein monobarietalak egitea”
Aipatzekoa da aurten sagardotegira etorri nahi duenak erreserba webgunearen bitartez egiteko aukera izango duela.
Bai, honen bitartez beste erraztasun bat eman nahi izan diogu jendeari. Horrela, jendea beste ziurtasun batekin etorri daiteke, tokia gordeta duela jakinda. Beraz, orain webgunearen bidez dena kontsultatu daiteke, bai prezioak eta baita noiz dagoen tokia.
Azkenik, zer eskatzen diozu aurtengo denboraldiari?
Orain arteko urteen martxa jarraituz gero ez da gaizki egongo. Nik aurten 65 urte beteko ditut, beraz, urtea orain arte bezala bukatuz gero ondo egongo da. Osasuna da garrantzitsuena eta, horretaz gain, sagastiekin eta kupelen artean ibiltzen gara, mundu horretatik atera gabe eta berdin jarraitu nahiko genuke.