Iñaki Bengoetxea, Ola Sagardotegiko nagusia: “Zubeltzu kupela, 22 urteren ostean, lehenengo aldiz hutsik geldituko da aurten”

Irungo Ola Sagardotegia erronkez beterik datorren sagardo denboraldiari aurre egiteko prestatzen ari da. Aurtengo uzta eskasa izan arren, kalitatezko sagardoa Meakako kupeletan prest dago jada bezeroen esperoan. Ohi bezala txotx irekiera ekitaldia antolatzea ezinezkoa izango bada ere, Iñaki Bengoetxea Ola sagardotegiko nagusiak sagardo kontsumitzen jarraitzea espero du.

Nola aurreikusten duzue aurtengo sagardotegi denboraldia?
Ez dakit, nik neuk ere ez dakit nolakoa izango den. Nahiko estua izango dela imajinatzen dut eta guztiz desberdina aurreko urteekin alderatuz gero. Jendeak protokoloak errespetatzea kontrolatu beharko dugu, urtea ahal den moduan igaro eta aurrera egiteko.

Aurten Txotx Irekiera ekitaldia antolatzea ezinezkoa izango da, ezta?
Ezinezkoa, guztiz ezinezkoa. Jendea galdezka dabil, baina, ezinezkoa da lehengo koadrilak elkartzea, talde txikitan bildu beharko gara. Gauetan afariak emateko aukerarik ez badugu, asteburuetan bazkariak eskaini ahalko ditugu bakarrik.

Aurreko urtean pandemiak eragindako lehen murriztapenera egokitu behar izan zineten?
Bai, baldintza oso gogorrak dira, batez ere, gure kasuan gauez irekitzeko aukerarik ez izatea. Izan ere, lanegunetan eguerdietan ez da hainbeste jende hurbiltzen sagardotegira. Udaran, aldiz, jendea gehiago animatzen da eta eguraldi onak terraza erabiltzeko aukera ematen digu.

Ezarritako murriztapenak betetzeko zein neurri hartzea aurreikusten duzue?
Bezeroak eserita egon beharko dira eta azken urteetan egin bezala, sagardoa pitxerren bitartez zerbitzatuko dugu. Kopuruaren arabera txotxen bat eskaintzeko aukera aztertuko genuke, baina, momentuz behintzat eserita egin beharko dira. Neurri berriak jakinarazi arte itxaron beharko dugu sagardotegiarekin loturiko erabakiak hartzeko. Egoerak aurrera egin ahala egokitzen eta jendea kontzientziatu joan beharko da.

Joan den urtean parrilla berria estreinatu zenuten. Pozik zaudete lortutako emaitzarekin?
Bai, oso pozik. Arrakasta handia izan du, txuleta barrutik tenperatura mantentzea laguntzen du eta jakia oso ondo prestatzen du, kanpotik karamelizatu eta beroa mantenduz. Aurten, momentuz, ez dago beste nobedaderik, baina, jakiak prest daude. Pandemiak ez du sagardoaren kalitatea kaltetu, beraz, pitxerretan kupela desberdinetako sagardoa dastatzen emateko asmoa dugu.

Zein da Magnum botilako sagardoaren berezitasuna?
Edizio mugatuko botila ateratzea erabaki nuen Suola Magnum izenarekin, beheko kupeleko sagardoa aprobetxatzeko. Zubeltzu kupela 22 urteren ostean lehenengo aldiz hutsik geldituko da. Zentzugabea da burdinolaren barruan sagardoa edukitzea jendea sagardotegitik mugitzeko aukerarik ez badu. Berezitasun gisa, beheko kupeleko sagardoa botila handietan erosi eta jendeari dastatzeko aukera eman nahi izan diot. Kupela horren berezitasun karbonikorik eta tenperatura-kontrolik ez izatea da. Lur azpian kokatuta dago, 13 metroko altueran, burdinolaren barruan.

Pandemiaren eraginez, jendeak Olako produktuak erosi eta etxean kontsumitzen ditu?
Bai, jendea bertara sagardoa erostera hurbiltzen ari da eta dendetan kontsumoa hazi egin dela nabaritu dugu, orain arte Europa edo Frantziako estiloa izan dena jarraituz. Jendeak sagardoa edateko gogoak dauzkala erakusten du horrek.

Pandemiak sagardoaren ekoizpen prozesua oztopatu du?
Bai, kasualitatez, aurten sagastiek sagar gutxi eman dituzte. Azken hogei urteetako uzta txikiena izan dela uste dut, baina, ondo etorri zaigula esango nuke, izan ere, aurreko urteetako sagardoa kupeletan ondo kontserbatuta gorderik geneukan. Bestela, denboraldi ezohiko honetan ez genuke jakingo zer egin hainbeste sagarrekin. Beraz, uzta eskasa izan da urte eskas batentzat.

Zer aurreratu dezakezu aurtengo sagardoaren ezaugarrien inguruan?
Kalitatezko sagardoa dela iruditzen zait, gorputz zein koloreari dagokienez. Uzta eskasa izan arren, kalitatezkoa izan dela esango nuke. Bero asko egin zuen eta udazkena ere nahiko ondo portatu zenez, beraz, graduazioari dagokionez oso sagardo ona lortu dugu.

Egoeraren ezegonkortasuna ikusita, hurrengo sagardo denboraldietan eragina izatea espero duzu?Momentuz behintzat ez dut uste datozen denboraldietan ekoizpena murriztu edo antzeko erabakirik hartzea beharrezkoa izango denik. Ez dut oraindik sagastiak ateratzen hasteko beharrik ikusten eta dauzkagunak zaindu beharra dugula uste dut. Egoerak buelta eman eta bezeroek sagardoa kontsumitzen jarraituko dutela espero dut. Azken finean, txotxa sagardo denboraldiko parte bat da, baina, udaran terrazak irekitzeko aukera ematen badigute, ziur nago sagardo kontsumoa mantenduko dela. Egoeraren alde ona ikusi nahi dut, udaran dena hobetu eta negua eta udaberria ahal den modurik onenean gainditzea nahiko nuke. Horrela, datorren urtean gure ohiko lan erritmoa berreskuratu ahal izango genuke.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude