IÑAKI BENGOETXEA, sagardogilea: “Bada garaia bereizteko zer den bertakoa, eta zer kanpotik ekarritakoa”

Urtarrilaren 22an hasiko da sagardo denboraldia Irunen. Irekitze festa ospatuko dute Meaka auzoko Ola sagardotegian, senideekin, lagunekin eta gertukoekin egingo duten bazkarian. Azken prestaketa lanetan dabil Iñaki Bengoetxea nagusia, nahi bezala irten dadin dena. Umore oneko dago, aurtengo sagardo uztarekin pozik, baina are gehiago, urtarrilaren hasieran aurkeztu berri duten “Euskal Sagardoa” jatorri izenarekin. Urtetako lanaren fruitua izan dela azaldu du Irungo sagardogileak. bengoetxea

Zer moduz joan da aurten sagardoaren produkzio lana?

Arraro samar joan zen 2016 urtea. Udaberrian lore asko galdu zen. Hondarribia aldean asko bildu nuen, etxeko sail batzuetan ere bai, baina beste batzuek pott egin zuten. Naturak hori du; toki batzuetan ondo joaten da, besteetan, berriz, ez. Baina tira, udazkena ona izan zen, eta hortik etorri zen errematea. Azkenean uste baino gehiago bildu genuen.

Udazkenak borobildu du sagardoa”
Zein izan da emaitza? Zein tankera hartzen diozu aurtengo sagardoari?

Azkenerako, eguzkiak goxatu egin zuen, eta graduak hartu ditu aurten sagarrak. Edateko, zapore dezente izango du sagardoak, eta aroma aldetik ere, ondo etorriko da. Esan bezala, udazkenak borobildu du sagardoa.

Zenbat litro sagardo egin dituzue?

Urtero kantitate berdinetan ibiltzen gara. 120.000 litro inguru egiten ditugu. Ezin dugu produkzioa handitzearekin erotu, gero saldu ere egin behar delako, eta merkatuko lehia handia delako. Bai sagardoen artean, baina garagardoekin edo bestelako edariekin ere.

Euskal Sagardoa” jatorri izena martxan da. Ola sagardotegiak ere parte hartzen du bertan. Zein helbururekin?

Ilusio handiarekin, egia esan. Hamazazpi urte daramatzat bertako sagarrarekin egindako sagardoaren alde lanean, beste jende batekin batera. 2011n Eusko Label marka lortu genuen, eta pozgarria izan zen. Baina jatorri izenaren borroka hor egon izan da beti.

Sagardoa bezain euskalduna den produktu bat kanpotik etorritako sagarrarekin egitea, lotsagarria iruditzen zait. Kontsumitzailea ere nahiko lanbrotua ibili da azken aldian. Bada garaia bereizteko zer den bertakoa, eta zer den kanpotik ekarritakoa. Bakoitzak erabakiko du gero zer nahiago duen. Nik, behintzat, argi daukat bertako sagarraren aldeko apustua. Beti egin izan da horrela, azken hogeita hamar urteetan izan ezik.

“Gertuko baserritar bati sagarrak erosten baldin badizkiozu, badakizu ondoren sagardoa kontsumitzera etorriko zaizula”
Zein onura ekar dezake jatorri izenak?

Bertako baserriak eta lurrak suspertuko ditu, eta ekonomia indartuko du. 350 hektarea sagasti baino gehiago behar ditugu. Horrek ehun familiarentzako lana sortuko du, gutxi gorabehera. Kate bat sortzeko modua da: gertuko baserritar bati sagarrak erosten baldin badizkiozu, badakizu ondoren sagardoa kontsumitzera etorriko zaizula. Txekian erosten baldin baduzu, hango ekoizleak ez dizu sagardoa kontsumituko.

Ez badiogu gureari eusten, kanpoko marka handiek jan egingo gaituzte. Don Simon ere , adibidez, sagardoa egiten hasi da. Horrelako enpresa batek Euskal Herria itotzeko adina sagardo egin dezake, oso prezio merkean. Beste metodo batzuekin, eta beste era batera. Bide horretatik, gu pikutara goaz.

Santiagotarrak K.E. omenduko duzue aurten, denboraldiaren irekitze festan. Zergatik iruditu zaizu merezi zuela?

Santiagotarrak elkartea aspalditik ezagutzen nuen. Sokatira munduan elkarrekin aritu ginen 70eko hamarkadan. Aurrerantzean, ezaguna da piragua eta arraun munduan egin duen lana eta izan dituen lorpenak. Espainiako txapeldunak eta mundu mailan ondo ibili diren kirolariak dituzte.

Baina aitortu behar dut, aurtengo Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera ikusi dudanean harrituta gelditu naizela, hainbeste neska-mutiko eta gizon-emakume ibaian ikusterakoan. Haztegi lanak, haurrak eta gazteak kirolaren diziplinan sartzeak, balio handia du.

Maiatzera arte luzatuko duzue sagardo denboraldia.

Egunero egongo da sagardotegia zabalik. Astean zehar afarietarako, eta asteburuetan, bazkarietarako ere bai. Ematen du maiatza urruti dagoela, baina konturatzerako, sanmartzialetan gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude