Itxita egon da Ola sagardotegia, abenduan eta urtarrilaren hasieran. Sagardoari azken ukituak eman ondoren, oporrak hartu dituzte Iñaki Bengoetxeak eta Joxepi Arruti emazteak. “Indarberritu egin gara, eta gogoz gaude denboraldiari heltzeko”, adierazi du sagardogileak. Urtarrilaren 17ko eguerdian irekiko dute txotx denboraldia Irungo Ola sagardotegian.
Zer prestatu duzue irekitzerako?
Urtero antzekoa izaten da. Lagunak gonbidatzen ditugu, txalaparta, trikiti eta pandero doinuak izaten dira, eta bertsoak ere bai.
Norbait omentzen duzue urtero. Nork izango du aurten lehen tragoa egiteko aukera?
Irunen ospetsua izan den trikiti eta pandero bikotea omenduko dugu, Euskal Herriko txapeldunorde izandakoa: Joseba Zabalo eta Patxi Aiorga. Asteburu askotan sagardotegia animatzen ibili izan dira, eta aurten haiek izango dira sagardoa dastatzen lehenak.
“Sagar ona etorri da, baina nahi baino beranduago”
Ez ohiko eguraldia izan dugu 2015aren bigarren erdian. Zer moduz joan da sagardoa egiteko prozesua?
Sagar ona etorri da, baina nahi baino beranduago. Txotx denboraldirako berde samar iritsi dira. Aurten, nik uste, udaran izango dugula sagardorik onena. Sagar asko izan dugu, hori bai. Etxean bakarrik 160 tona bildu ditut, eta beste sagardotegietara bidali behar izan dut, soberan nuelako.
“Etxean 160 tona bildu ditut”
Nolako sagardoa dastatuko dugu orain?
Sagardo bizia, fina eta gazi samarra. Uda aldera etorriko diren sagardoek fruta zapore handiagoa izango dute. Nik uste jendeari hori gustatzen zaiola.
Berrikuntzarik aurkeztuko al duzu aurten?
Sagar muztioa egongo da gaztetxoentzat, azken urteotan bezala. Gainera, upel berezi bat egin dut, bi sagar motarekin: %80 errezila, eta %20 mozoloa. Lehengo urtean mozoloa eta patzuloa nahastu nituen, %50 bakoitzetik. Oso ona atera zen. Aurtengoa gaziagoa izango da. Edonola ere, gustatzen zait kupel desberdina egitea, monobarietala edo bibarietala, jendeak ikus dezan zer ematen duen sagar bakoitzak.
Zergatik animatuko zenuke jendea asteburutik aurrera Ola sagardotegira hurbiltzera?
Etor daitezela aurtengo sagardo uzta dastatzera, eta batez ere ondo pasatzera. Eguneroko gatazkak eta arazoak ahaztera, jendearekin hitz egitera, eta txantxetan ibiltzera. Upel ondoan bertsoa botatzea, kantatzea, edo dantzatzea aproposa da horretarako. Egin dezagun sagardo terapia.
“Zaletasuna belaunaldi batetik bestera ondo transmititzen ari gara”
Hamasei urte daramatza jada Ola sagardotegiak martxan. Nabaritu al duzue belaunaldi aldaketarik bezeroen artean?
Ederra da ikustea nola txikitan gurasoekin etorritakoak orain lagunekin etortzen diren, bikotearekin, edo baita seme-alabekin ere. Zaletasuna belaunaldi batetik bestera ondo transmititzen ari garen seinale da hori.
Jende gaztea asteburuetan etortzen da. Familiak eguerdietan, eta koadrilak gauetan, parranda giro handiagoa egoten baita. Adin kontua da, normala iruditzen zait. Astean zehar, sagardotegira joateko ohitura handia duen jendea etortzen da. Lasaiago ibiltzen dira, kontzientzia handiagoarekin dastatzen dute sagardoa, kritikak egiten dituzte, etab.
Ondo hartzen al dituzu kritikak?
Eskertzen ditut. Jendeak batetik edo bestetik berdin edatea ez da aberasgarria. Hamargarren tragotik aurrera agian bai. Baina hasieran jendeak tentuz dastatzea ondo iruditzen zait. Kontzientzia gero eta handiagoa da, eta nabari da orain jendeak edalontzia hartzen duela, koloreari begiratzen diola, usaindu egiten duela etab. Jakina kritikak ondo hartzen ditudala, jendearen iritzia interesgarria da eta. Hobetzeko formulak topatzeko modua da.