Urtarrilaren 18an ireki zuten txotx denboraldia Meaka auzoko Ola sagardotegian. Jai giroan dastatu zuten produktua sagardozaleek. Lau bikote aritu ziren trikitixa eta panderoarekin giroa berotzen, eta Aitor Mendiluze eta Unai Agirre ibili ziren bertsotan. Aimar Irigoien harrijasotzaileak izan zuen lehen tragoa egiteko ardura. Errezilen jaioa da, baina Hondarribian bizi da gaur egun. “Asko estimatzen dut herri kirolean dabilen jendea”, azaldu du Iñaki Bengoetxea Olako nagusiak. Irekitze ekitaldiaren aurreko kezkak alde batera utzita, gustura hitz egin du aurtengo sagardoaz eta txotx denboraldiaz.
– Urduritasuna izaten al du sagardogileak denboraldia ireki aurreko egunetan?
Urtarrilaren hasieran oporretan izan naiz, eta kanpoan zaudenean ahaztu egiten duzu nolabait. Baina aurreko egunetan garbiketak, konponketak eta azken orduko prestaketak egin behar izaten dira. Orduan bai, nabaritzen da nerbio puntu bat. Hala ere, ona dela esango nuke. Exijentzia maila mantentzen laguntzen du horrek.
– Urrian sagarra biltzen hasi zinetenetik, zer moduz joan dira hurrengo urratsak?
Udazkenean eguraldi ona egin zuen, eta asko eskertu genuen, sagarraren almidoia eta azukre maila handitu zituelako. Izan genituen udaberria eta udara kaskarrak kontuan hartuta, ez genuen espero hainbesteko uzta lortzea. Egia esan, azken hiru urtean pozik gelditu gara bildutakoarekin.
– Nolakoa da aurtengo sagardoa?
Nahiago dut jendeak dastatu ondoren esan dezan. Baina badaukat nire iritzia. Bizi antzerakoa da, eta gorputz puska bat ere badu. Kalitatez ere kolorez, aurten sagardo ona lortu dugula esango nuke. Saiakera berezi batzuk ere egin ditugu, mota bakarreko edo bi motako sagarrekin egindakoa, adibidez. Olara hurbiltzen denak izango du dastatzeko aukera.
– 2012an Gipuzkoako Sagardo Onenaren Saria jaso zuen Olak. Izango al da aurten lehia horretan?
Zaila da neurri horretan mantentzea. Baina lehiakorra naiz eta espero dut oraindik ere podiumean ez bada, behintzat finalista postuetan aritzea. Ahalik eta produktu onena egiten saiatzen naiz urtero. Lehengaia primerakoa daukagu, eta materiala eta makineria ere, gero eta hobea. Garbitasunean batez ere, aurrera pauso handiak eman ditugu.
– Garestia al da sagardotegira joatea?
Kalitatearen eta prezioaren arteko oreka bilatu beharra dago. Badakigu ez dela prezioa igotzeko garaia, baina era berean, produktua zaindu beharra dago. Guk aurten menua 27 €tan jartzea erabaki dugu, tortilla, bakailao, txuleta, intxaur eta guzti. Eusko Label produktuaren alde egiten saiatzen gara.
– Zergatik animatuko zenituzke irundarrak, Hernanira edo Astigarragara joan beharrean Olara etortzera?
Nahi badute asteburua euskal giroan pasa, trikitixa eta pandero doinuekin, kantuekin, hemen daukate aukera. Etxetik gertu daukate festa eta jan-edana. Hernanira joan gabe, badute ondo pasatzeko eta sagardo terapia egiteko modua.
– Eraikinak berak ere egiten du erakargarri.
Badu bere xarma, nahiko rustikoa da, saiatzen gara behintzat itxura hori mantentzen. Gero historia ere hor dago. Erdi Aroko burdinola da. Gauez barrura sartzen gara, eta hor ere badugu kupela, txotx egiteko.