Iñaki Eizmendi behin baino gehiagotan izan da Irungo ikastetxeetan; izan ere urteak dira Irungo Udalak, Euskararen Arloaren bidez, euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekimen martxan dituela. Horietako bat, Kalean Bai egitasmoaren baitan “Gurasoak eta ikastetxeak norabide berean” bideratzen den eta EBETEk ematen dituen sentiberatze hitzaldiak.
– Gizarte-hezitzaile ikasketak egin zenituen. Zergatik erabaki zenuen euskararen erabileraren inguruan lan egitea?
Lasarte-Orian Euskara Elkartea sortu zenean hasi nintzen arlo honetan murgiltzen, dinamizatzaile lanetan eta aisialdiko arloan. Beti helburu moduan jartzen genuen euskararen erabilera sustatu nahi genuela, baina gero ez genekien nola egin. Zentzu horretan, baliabideak, tresnak eta ideiak emateko sortu nuen Ebete. Zortzi urte daramatzat dagoeneko gurasoekin eta irakasleekin lanean. Batzuetan Berritzeguneren bidez sortzen da harremana; beste batzuetan, Euskara Elkarteek edo Udalek deituta.
– Zein arazo izaten dute irakasleek klasean, euskararen erabilerari dagokionez?
Irakasleak frustratuta egoten dira, ez dutelako lortzen haurrek eskolan euskaraz egin dezaten. Erru sentsazioak ere izaten dituzte. Egia da haien arduretako bat dela, baina ulertu behar dute badituztela mugak. Urtean esna pasatzen dituzten orduen %15a ematen dute haurrek eskolan. Gainontzeko guztia gaztelaniaz bizi baldin badute, oso zaila da hizkuntza-ohiturak aldatzea. Hori ezin daiteke helburu izan. Testuinguruaren arabera jarri beharko dituzte helburuak.
– Gurasoen artean bi multzo egiten dituzu. Zein arazo izan dezakete guraso euskaldunek?
Guraso euskaldunen kezka seme-alabek gaztelaniara jo-tzea da. Irunen oso ohikoa da hori. Gurasoek ezin dituzte haurren hizkuntza-ohiturak aldatu. Baina oinarri sendo bat jar dezakete. Horretarako, eredu egokia ematea ezinbestekoa da. Etxetik euskara aberatsa eskaini behar da, abestuz, jolastuz, ipuinak kontatuz edo irakurtzeko ohiturak landuz. Bestetik, euskarazko bizipenak eta erreferenteak bilatu behar dira: eskolaz kanpoko jarduerak, musika taldeak, ekitaldiak… Guzti hori zaintzea garrantzitsua da.
– Zeintzuk dira guraso erldaldunen kezkak?
Guraso erdaldunei, orokorrean, haurren hizkuntza-ohiturak ez zaizkie axola. Euskaraz ikas dezaten nahi dute, besterik ez. Baina hizkuntza bat ikasteko, asko erabili behar da, eta eskolak muga handiak ditu. Nolanahi ere, guraso erdaldunen beldur handiena haurren etxeko lanak izaten dira. Eman beharreko mezua da badaudela tresnak, eta hizkuntza ez dela muga bat. Garrantzitsuena, dependen-tziak ekidin eta ikasteko autonomia garatzea da. Ohitura egokiak eta motibazioa landu behar dira horretarako.
– Euskal Herri osoko ikastetxeetan izan zara, eta ikuspegi orokorra daukazu. Zein da euskararen egoera, erabilerari dagokionez?
Egoeraa zaila da. Gaur egun, Euskal Herriko testuinguru gehienetan hizkuntza indartsuena gaztelania da. Faktore asko daude haurrak gaztelaniara jotzera bultzatu ditzaketenak. Baina arazo handiena da gurasoek eta irakasleek ez dutela ulertzen zergatik gertatzen den hori. Eta horrela zaila da lagundu ahal izatea. Mugak onartu eta oinarri sendoak jartzen ahalegindu behar dugu. Ezin dugu pen-tsatu Irunen hamar urte barru haur guztiek haien artean euskaraz egingo dutenik. Helburu lorgarriagoak bilatu behar ditugu.