IÑAKI GOIKOETXEA, Burubero emankizuneko zakuaren irabazlea: “Sariak ez dit bizitza aldatuko, baina egonkortasuna edukitzeko lagungarria izango da”

Euskal Telebistaren deia jaso zuen Iñaki Goikoetxea kazetari irundarrak udaran. Lehenago telebistako lehiaketetan ibilia zen, eta denboraldi berriko emankizun batean parte hartzera gonbidatu zuten. “Horrelako programa batetara joaten zarenean, gertatu daitekeen okerrena da ezer ez irabaztea eta lotsa pixka bat pasatzea”, pentsatu zuen orduan Goikoetxeak. Ideia horrekin parte hartu zuen Kike Amonarrizek ETB1en zuzentzen duen Burubero emankizunean. Baina patrikak ondo beteta bueltatu zen etxera. 25.500 euroko zakua irabazi zuen, bere hirugarren saioan.

IMG_6154

Zergatik erabaki zenuen Buruberon parte hartzea?

ETBn, programa batean parte hartu duzunean, zure datuak gordetzen dituzte. Udaran deitu ninduten, eta hasieran ezezkoa eman nuen, Estatu Batuetan nengoelako. Bueltatu nintzenean, behin saioa ikusita, deitzea erabaki nuen. Iruditu zitzaidan polita zela. Euskal kultura, geografia eta horrelako gaiak asko gustatzen zaizkit. Nire ideia zen ondo pasatzea, eta eguneroko gastuak ordaintzeko laguntzatxo bat irabazten saiatzea. 300-500 eurorekin konformatzen nintzen.

Hirugarren programan eraman zenuen zakua. Nolakoak izan ziren lehenengoak?

Zenbait programa jarraian grabatzen dira. Beraz, lehiatu baino lehen aurrekoa ikusteko aukera duzu. Hor giroan sartzen hasten zara, ez baita berdina telebistan edo interneten ikustea, edo platoan bertan. Ni oso urduri egon nintzen lehen fasean, lehiakide bat kanpoan gelditzen delako. Hori gaindituta, lasaiago egon nintzen. Lehen programan finaleraino iritsi nintzen, eta 300 euro eraman nituen. Beraz, horrekin helburua betea nuen.

Hirugarrenean finalera iritsi zinen berriro, eta munduko zazpi mirarien gaia egokitu zitzaizun. Zer pentsatu zenuen?

Finala grabatu behar denean, saioa gelditzen da, minutu batez edo. Nik banekien gaia menderatzea zaila izango zela. Gainera, han urduri zaude, minutu bat daukazu panela osatzeko. Azpimarratzekoa da etxean, goiko kamerarekin, erraz ikusten dela, baina platoko ikuspuntua, oso ezberdina dela. Finala monumentuei buruzkoa zela ikusi nuenean, behintzat gaia ezagutzen nuela pentsatu nuen. Hala ere, oso zaila da bost segundotan erantzun bat edo bestea aukeratzea. Nik pentsatzen nuen baten batean huts egingo nuela.

Bizpahiru aste behar izan ditut asimilatzeko”
Nola gogoratzen duzu erantzun guztiak zuzenak zirela jakin zenuen momentua?

Gogoan dut Kike Amonarriz etorri zela, besarkada eman zidala, mikroa erori zitzaiola, musika eta buila. Gero beste lehiakideak eta programako langileak etorri ziren. Ni aulki batean eseri nintzen, mutu. Hurrengo egunean esan zidaten bazirudiela erori egingo nintzela. Niretzat sekulako oparia izan zen. Gazteak gara, lan prekarietatea bizi dugu, ez dakigu hurrengo urtean zer gertatuko zaigun. Eta bat-batean horrelako koltxoi bat edukitzea, gauza handia da. Orain sinisten dut, baina bizpahiru aste behar izan ditut asimilatzeko.

Ingurukoei esan zenien zakua irabazi zenuela, edo isilpean gorde behar izan zenuen?
Ezin duzu sare sozialetan jarri, baina gertukoei esateagatik ez da ezer pasatzen. Ezer ez esatea polita izan daitekeen arren, nik banekien ezinezkoa izango zela. Grabaketa egin eta hiruzpalau egunetara, ezkontza bat nuen lagunekin. Hortaz, koadrilakoei, senideei, pisukideei eta lankideei kontatu nien. Batzuk ez zuten gogoratzen ezta telebistara joan behar nintzenik ere. Gero, programa eman zuten egunean, etxean elkartu ginen inguruko batzuk, elkarrekin ikusteko. Interneten bideoa azkar jarri zuten, sare sozialetan ere bizkor zabaldu zen, eta polita izan zen jendeak zoriontzea.
“Nire bizitza oso normala da, baina beti ahalegintzen naiz bidaiak egiten”
Programan esan zenuen zakua irabaziz gero Perura joan nahi zenuela. Beteko duzu?

Bai, urtero saiatzen naiz bidaiatzen. Nire kotxea zaharra da, nire arropa ez da oso txukuna, nire bizitza oso normala da, baina beti ahalegintzen naiz bidaiak egiten. Duela lauzpabost urte hasi nintzen pentsatzen Hego Amerikara joan behar nuela. Nire inguruko jendea han egon da, eta oso gustura ibili da. Hurrengo urte eta erdian bi-hiru hilabeteko bidaia egin nahi nuke Argentina, Chile, Peru, eta Bolivia inguruan. Bidaiaz gainera, ordenagailu eramangarri berri bat, moto bat edo horrelako kapritxo bat erosiko dut. Gainerakoa, koltxoi moduan primeran etorriko zait. Bizitza ez zait aldatuko, baina behintzat egonkortasun bat izateko lagungarria izango da.

Sariak balioko du buruan ditudan proiektuei bultzada emateko”
Ba al duzu beste proiekturik, dirua horietan inbertitzeko?

Kazetaria naiz, eta han eta hemen ibili naiz lanean. Gustatuko litzaidake material guzti hori nonbait pilatzea. Nire proiektuen inguruko web gune bat egin nahi nuke, edo horrelako zerbait. Duela bost urte Dancing in the Basque Country bideoa egin nuen, eta garai hartan pentsatu genuen horren inguruko web gune bat sortzea. Baina dirua eta denbora behar dira. Hori berreskuratzea ideia polita izan daiteke. Bestalde, Gipuzkoako herriak lotuko dituen beste bideo bat ere egin nahi nuke. Nik uste diru honek balioko duela buruan ditudan proiektuei babesa edo bultzada emateko.

Jendea animatuko zenuke Buruberoren moduko emankizunetan parte hartzera?

Bai, noski. Ez da programa zaila, euskal kulturan mugitzen bazara, edo egunkariak irakurtzen baldin badituzu, behintzat. Gainera irudiak eta bideoak daude, nahiko dinamikoa da. Ez da Pasapalabra bat, edo Mihiluze zena, hitz zehatzak eskatzen zituena. Jendeak programa telebistan ikusten duenean gustuko baldin badu, behintzat saiatzera animatuko nuke.

Uste duzu euskal kultura zabaltzeko modu egokia direla?

Bai, Kike Amonarrizek egiten dituen programak oso baliagarriak dira. Horrelako gehiago behar genituzke. Euskararen fededunak edo praktikanteak ez dira konbentzitu behar. Horiek euskara maite dute, eta erabiltzen dute jada. Baina horrelako programa politak, hurbilak eta dinamikoak eskainita, gainerako jendea euskal mundura erakar daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude