“Agente publikoak eta pribatuak bide beretik joatea ezinbestekoa da gure eragina sakonagoa izateko”
Irun Sasoian foroaren bigarren edizioa antolatu da aurten Ficoban. Jarduera fisikoa sustatzea eta pertsonak aktibatzea helburu duen topaketa honetan erakunde publikoko eta pribatuetako agenteak bildu dira. Foro honi eta gure hirian antolatutako kirol ekimenei buruz mintzatzeko aukera izan dugu Iñaki Iturrioz Irungo Udaleko Kirol Ekintzen arduradunarekin.
– Irun Sasoian foroaren bigarren edizioa izan da aurtengoa. Zeintzuk dira topaketa honen helburu nagusiak?
Erakunde publikoek sustatzen ditugun politikak partekatzea eta erakundeen arteko lana sustatzea dira gure erronka nagusiak; izan ere, elkarlan honetatik ideia, proiektu eta ekintza oso interesgarriak atera ohi dira.
– Kontaiguzu: zeintzuk dira forotik ateratako proiektu azpimagarrienak?
Ikas Sasoi programa, adibidez, bertatik atera da. 12-16 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago eta gaztetxoek jarduera fisikoa praktikatzeko 23 ekimen jarri dira abian. Agente pribatuekin egindako elkarlanari esker, Irunen dagoen kirol eskaintza postaz bidali diegu etxera. Agente publikoak eta pribatuak bide beretik joatea ezinbestekoa da, gure eragina sakonagoa izateko.
– Irundarrak kirolariak al gara?
Datuen arabera, gaur egun, 3.000 irundar kiroldegietako ikastaroetan izena emanda daude. Datu horri gimnasioetara maiz joaten diren bazkideen datuak eta beren kabuz kirola egiten dutenenak gehitu behar dizkiogu. Bestalde, korrika egiten duten emakume gero eta gehiago dago. Hala ere, emakumeengan jarduera fisikoa sustatzen jarraitu behar dugu. Lehentasun bat izan behar du datorren urteetan.
– Zeintzuk dira irundarren artean arrakasta gehien duten kirolak?
Inkesten arabera, gehien egiten den jarduera fisikoa ibiltzea da. Haren atzetik, gimnasia, korrika, igeriketa eta areto jarduerak daude. Mendizaletasuna, ehiza eta arrantza ere oso ekimen arrakasta-tsuak dira, baina haien maiztasuna ez da besteena bezain finkoa.
– Garrantzitsua al da kirolaren praktika adin goiztiarretik sustatzea?
Bai, noski. Haurtzaroan aktiboak diren haurrek inaktiboak direnek baino aukera gehiago dute helduaroan kirola praktika-tzeko. Adin goiztiarrean kirolaren praktika sustatzeko Sendia Sasoi programa jarri dugu martxan. Horren bitartez, haur txikiak dituzten familietan jarduera fisikoa areagotu nahi dugu.
– Udararako kirol ekintza ugari prestatu al duzue?
Urtero legez, Uda Kirola programa izango dugu. Bertan, Irungo kirol eskaintza zabala jaso eta era errazagoan eskaintzen da. Udan denbora libre gehiago dago eta eguraldia hobea izaten da, eta horiei esker kirol jarduera areagotu egiten da. Bestalde, aurten ere pertsona elbarrituentzako eskaintza zabaldu nahi dugu, kirola praktikatzeko aukera gehiago izan dezaten.
– Etorkizunera begira, zeintzuk dira zuen erronkak?
Zerbitzuak eskaintzen dituen erakunde bat izatetik irundarrak aktibo bihurtzen laguntzen duen erakunde bat izatera iritsi nahi dugu. Horretaz gain, osasun eta kirol zerbitzuak elkarlanean aritzeko programak sustatu nahi genituzke; jarduera fisikoa politika guztien barne egon behar dela uste baitugu.