Txinan dagoen Muztagh-Ata (7.546 m) mendiaren izenak “izotzen aita” esan nahi omen du. Izotzaren eta haizearen gogortasuna gorabehera, Erlaitz Mendi Elkarteko Iñaki Razkinek gailurra mendean hartu zuen udan. “Esperientzia bortitza eta oso ona izan da aldi berean”.
Uztaileko egun batez, motxila gainean hartuta, Txina aldera abiatu zen. Hasi nuena bukatuko dut, pentsatu zuen bere baitarako. Duela lau urte lagun batekin saiatu zen. Lortu gabe itzuli zen, ordea. Oraingoan Fernando Garrido mendizale ospetsuak antolatutako espedizioari lotu zitzaion. Guztira zazpi lagun erronkaren aurrean. Estatistiken arabera, ehuneko hemezortzik baizik ez du tontorra zapaltzen.
Aklimatazioa Karakorum aintziratik hurbil egin zuten (3.000 m). Handik, beheko kanpamendura joan ziren, materiala garraia-tzeaz gameluak arduratu zirela.
“Lehenengo kanpamendurainoko bidea zailtasunik gabe egin genuen, baina handik aurrera (5.300 m) desnibela dezente handi-tzen da eta arriskuak ugaritzen dira, batez ere lurreko pitzadurengatik. Sokaz loturik eta oso erne ibili behar da”, azaldu du Iñakik.
Oxigeno botilak erabili gabe egin zuten ibilbide guztia. “Bigarren kanpamenduan (6.200 m) oxigenoaren eskasia oso nabaria da; pentsa, kanping-denda montatzeak ordubete ere eman zigun!”, gogoratzen du mendizaleak. Eguraldiak okerrera egin zuen orduan, eta hark planak aldatzera behartu zuen espedizioa: egun bat atzeratuko zuten gailurrera igotzeko asmoa. Hirugarren kanpamendura (6.850 m) iristerako, bi lagunek bertan behera utzia zuten espedizioa.
“Tontorreraino igotzen saiatu ginen egunean goizaldeko hiruretan jaiki ginen, jakina, oso lo gutxi egin ondoren. Izugarri gogorra izan zen, baina 12 ordu geroago lortu genuen. Zero azpitik 40 graduko tenperatura termikoa eta sekulako haize boladak jasan arren, guztiz gogobeteta sentitu nin-tzen”. Oraindik sei orduko jaitsiera zuten aurretik.
Bizipen ahaztezina ez ezik, proiektu berria ere ekarri du Iñakik motxilan: Lenin tontorra (7.165 m), Tadjikistanen eta Kirgistanen artean kokatua.
Talde lanaren garrantzia
Iñaki Razkinen oroitzapenik politenetakoa adiskidetasuna izan da. “Bai, taldekideen arteko giroa primerakoa izan da. Mendian kide bakoitzak bere ekarpena egiten du eta, halaxe, talde lanean erdietsi ditugu helburuak”. Gidaren primerako lana ere nabarmendu du, “mendizaleen iritzia entzuteko gaitasuna zuelako”.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkie abentura honetan babesa eskaini dioten Policlinica Gipuzkoari, Izadi kirol-dendari eta Orlegi belar-dendari.