Inauteri inklusiboak

Aniztasun funtzionala duten haurrek eta gazteek parte hartuko dute Zumba Crew-Aurreratu Elkartea konpartsan

Debut atsegina izango da aurten inauterietako larunbateko eta igandeko desfileetan. Konpartsa inklusibo bat egongo da, lehen aldiz, aniztasun funtzionala duten neska-mutilen parte hartzearekin. Irungo zumba monitoreen taldea, eta Aurreratu eta Atzegi elkarteak elkarlanean aritu dira egitasmoa aurrera eramateko. Konpartsa anitza izango da: bi elkarteetako haurrek eta gazteek, zumba monitoreek eta ikasleek, eta batzuen eta besteen gurasoek parte hartuko dute.

Hezkuntza premia bereziak dituzten haurren eta gazteen senideen elkartea da Aurreratu. Urteak daramatza lanean, haien errealitateari buruzko sentsibilizazioan, programen egokitzapenean eta azken aldian, jarduera inklusiboen antolaketan. Zumba inklusibo saioak egin izan dituzte, adibidez, aniztasun funtzionala duten neska-mutilekin, Irungo Zumba Crew taldeko monitoreen laguntzaz. “Inauterietako konpartsa eratzea bururatu zitzaigunean, Aurreraturekin harremanetan jartzea modu naturalean irten zen. Ideia bikaina iruditu zitzaigun”, azaldu du Evelyn Gonzalez zumba monitoreak.

“Ezezagunaren aurrean beti izaten ditugu beldurrak, ez dakigulako gure neska-mutilek nola jokatuko duten”
Mari Llucia, Aurreratu Elkarteko presidentea

Aurreratu elkartean, gogoz hartu zuten proposamena. Hala ere, zalantzak izan zituztela aitortu du Mari Llucia Aurreratuko presidenteak: “Ezezagunaren aurrean beti izaten ditugu beldurrak, ez dakigulako gure neska-mutilek zein erreakzio izango duten. Jendez inguratuta daudenean, urduri jartzen direnean, zaila izaten da jakitea nola jokatuko duten”. Zalantzak-zalantza, Irungo lehen konpartsa inklusiboa martxan jartzeko ausardia bildu zuten. Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen elkartearekin harremanetan jarri ziren, gainera, konpartsa osatzen amaitzeko.

Zailtasunak gainditu dituzte

Nani Enrique Zumba monitoreak onartu du “ezjakintasuna” ordaindu dutela: “Ez genuen imajinatzen konpartsa antolatzeak hainbesteko lana izango zuenik. Nahiko galduta ibili gara”. Trabak gainditu dituzte, hala ere, eta prest daude inauterietako desfileetan parte hartzeko. 80ko hamarkadako aerobic saioa irudikatuko dute. “Ez genuen mozorroetan diru gehiegi gastatu nahi. Etxean ditugun arropak baliatuko ditugu”, adierazi du Evelyn Gonzalezek. Atoi txiki bat ere eramango dute, apainduta.

“Ikustekoa da kantu guztietako hitzak nola abesten dituzten”
Evelyn Gonzalez, zumba monitorea

Koreografia erraza prestatzeaz gainera, parte hartzaile bakoitzaren premien arabera egokitu dute. “Bakoitzaren kokapena kontuan hartu dugu, esate baterako”, aipatu du Mari Lluciak: “Gurutzatzeak egiteko zailtasunak dituztenak erdian kokatu ditugu, adibidez”. Entseatzen hasi direnean, beldur guztiak atzean utzi dituzte. Neska-mutilak primeran ari direla baieztatu du Evelyn Gonzalezek: “Ilusio handia dute gainera. Kantu guztietako hitzak nola abesten dituzten ikustea besterik ez dago”. Talde txikietan entseatzen aritu dira azken hilabeteotan. Otsailean zehar, berriz, entsegu orokorrak egiten ari dira, Eguzkitza Ikastetxeko jolastoki estalian.

Zumba monitoreentzat, esperientzia aberasgarria izan dela aitortu du Gonzalezek. Haurren eta gazteen gurasoentzat ere hala izan dela baieztatu du Lluciak: “Besteekin batera dantzan egiteko gai direla ikustea oso pozgarria da”. Aurreratu elkartearentzat, itzalean egin ohi duen lana gizarteratzeko aukera aproposa izango da inauterietakoa. “Guretzat, tranpolin egokia da, jendearen arreta erakartzeko”, aitortu du Lluciak. Judo eta errugbi saio inklusiboak ere antolatu izan ditu Aurreratuk, zumbakoez gainera. Inauterietako konpartsa ateratzea, beste urrats txiki bat da, aniztasun funtzionala duten haurren eta gazteen aukera berdintasunaren alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude