Ostiral honetan, Kulturako ordezkari Borja Olazabalek Irungo aurtengo Inauteriak ospatzeko prestatutako egitarauaren berri eman du, urtero desfileetan parte hartzen duten konpartsetako ordezkariekin eta jai egitarauan aurten sartu diren entitateetakoekin batera.
Borja Olazabalek nabarmendu duenez, “dena prest dago asteburu honetan Irungo 2023ko inauteriei hasiera emateko. Esker onezko hitzak besterik ez dut hiriko kaleak girotzeko hilabeteak lanean daramaten pertsona guztientzat, urtero jarduera egitarau oparo bat osatzen laguntzen baitute. Gainera, edizio hau are bereziagoa da, kontuan izan behar baitugu bi urte geroago betiko inauteriez gozatu ahalko dugula berriro ere, pandemiak azken urteotan ekarritako murrizketarik gabe”.
Hitzordu nagusien artean, larunbat honetan, hilak 11, 19:00etan, Kaldereroak aterako dira, Irungo Atsegiña elkartearen eskutik, eta, hurrengo egunean, hilak 12, 12:05ean, Inudeak eta Artzainak, Eraiki Dantza Taldearen eskutik. Hurrengo hitzordua zanpantzarren irteera izango da, ostegunean, hilak 16, 19:00etan, zeina Zabaltza plazan bukatuko den, erraldoien balsa dantzatuz. Ostiralean, berriz, hilak 17, 20:00etan, konpartsen aurkezpena egingo da, Amaia KZn.
Asteburuan, larunbatean, landa inauteriak izango dira, Bidasoan, Anakan, Olaberrian, Katean, Behobian eta Meakan, 09:00etatik aurrera, baita Euskal Herri Inauteriak ere, 12:00etatik aurrera, zeinak San Juanen bukatuko diren. Desfilea 17:00etan hasiko da, eta hamazazpi konpartsak parte hartuko dute. Era berean, elektrotxarangak joko du, 20:30etik aurrera, Karrika Nagusian eta inguruan, eta, azkenik, 20:30etik 23:30era bitartean, diskofesta bat egingo da, Zabaltza plazan. Igandean, berriro ere, 09:00etatik aurrera, landa inauteriak izango dira, Arbesen, Olaberrian eta Meakan, baita desfilea ere, 17:00etatik aurrera.
Inauterietako egitaraua asteartean bukatuko da, hilak 21, 19:30ean, San Juanen sardina erreta: Ondare Kultur Elkartea eta Santiago Deabruak arduratuko dira pirotekniaz, Zabaltza plazatik San plazarainoko betiko ibilbidean. Aurrez, 19:00etan, dantzagarriak izango dira, Zabaltza plazan bertan.