Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek hirian berriki indarkeria matxistari buruz egin den inkestaren emaitzen berri eman du. Irungo 400 emakumek parte hartu dute azterlanean, eta 27 galderari erantzun diete. Galderak bost bloketan banatuta zeuden: datu soziodemografikoak (adina, heziketa, migrazio egoera…), bikotekideak edo bikotekide ohiek erabilitako indarkeria, bikotetik edo bikote zenetik kanpoko indarkeria, jazarpen sexuala eta segurtasunik eza, eta jasandako indarkeriaren kontrako erantzunak.
Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariaren hitzetan, «udalerriz gaindiko edota estatu osoko errealitatera estrapola daitezkeen emaitzetatik haratago, azterlan honen emaitzek genero indarkeriaren eta indarkeria matxistaren beste alderdi batzuk erakusten dizkigute; orain arte Udalak jaso ez dituen alderdiak dira, hain zuzen, eta, ondorioz, ez zaie behar adinako arretarik eskaini. Gure ingurune lokalari eta Irungo gizartearen egunerokotasunari eta errealitate soziokulturalari estuki lotutako gaiak dira». Horrez gain, Echevestek gaineratu duenez, «aurki hasiko dugu Irungo V. Berdintasun Plana idazteko prozesua, eta inkestak erakutsi digun errealitatea Plan horretan jasota geratuko da».
Lurraldeen artean mugarik ez dagoen honetan, emakumeek bizitzako esparru guztietan jasaten dute indarkeria, baina zailtasun eta eragozpenak dituzte identifikatzeko. Alde horretatik, Genero Indarkeriaren kontrako 2021eko Estatu Itunaren barruan egin da inkesta: genero indarkeriarekin zerikusia duten jarduerak sustatzen ditu Itunak, arretaren, sentsibilizazioaren eta analisiaren esparruan, besteak beste, eta, hain zuzen ere, azterketa Irungo V. Berdintasun Planaren esparruan emakumeen kontrako indarkeria jorratzen duen ardatzaren barruko jardueretarako oinarrizko erreferentzia izatea da helburua.
Txostenetik ondorioztatzen denez, badira egoera batzuk gaur egun adinekoak diren emakume askok iraganean normal edo zilegitzat zituztenak eta indarkeria gisa identifikatzen ez zituztenak baina belaunaldi berriek indarkeria gisa identifikatzen dituztenak eta komentatu eta salatu egiten dituztenak. Bestalde, lan munduan jasandako indarkeria kasuen lekukotasun ugari bildu dira; asko, lehen aldiz kontatutakoak, inkesta noren egoera azaltzeko esparru seguru eta konfidentziala zelakoan.
Indarkeria matxista gaztetan gehiago jasaten den irudipena oso hedatuta dago oraindik, baita emakumeen gorputzak gizonen ikuspuntu heteropatriarkaletik “objektu desiragarriak” diren irudipena ere. Era berean, txostenak ondorioztatzen duenez, emakumeek espazio publikoan sentitzen dituzten segurtasun ezak eta beldurrak hirian barrena mugitzeko askatasuna mugatzen dute. Alde horretatik, txostenak nabarmentzen duenez, paradoxikoa da emakumeek segurtasun eza eta beldurra sentitzea espazio publikoan, kontuan izanda espazio pribatuan jazotzen direla indarkeria kasu gehien.
Txostenak aditzera ematen duenez, emakumeek topatzen dituzten oztopoak direla-eta da txikia salaketa kopurua. Izan ere, emakumeak birbiktimizatuak dira prozesu judizialen esparruan; beren egoera frogatzeko zailtasunak dituzte, indarkeria kasu psikologikoetan batez ere; eta zailtasunak dituzte zerbitzuez baliatzeko.
Kopuruei dagokienez, bikotekideak edo bikotekide ohiek erabilitako indarkeriari buruzko atalean, inkestari erantzun dioten emakumeen % 17,8k aitortu dute genero indarkeriaren biktima direla edo izan direla; % 17,7k, bikotetik edo bikote zenetik kanpo nolabaiteko indarkeria jasan dutela; eta % 43,1ek (20-24, 25-35 eta 45-54 urtekoen artean, % 50ek), hitzez eraso dietela.
Jazarpen sexualari eta segurtasunik ezari buruzko atalean, % 75,1ek erantzun dute jazarpen edo beldur egoerak edo segurtasunik eza bizi izan dituztela espazio publikoan; % 21,7, beren egoera salatu dutela; eta % 28,1ek, beren burua erasoren batetik babestu dutela. Inkestaren beste emaitza baten arabera, inkestari erantzun dioten emakumezko migratzaileen % 70,4k genero indarkeria jasan dute; migratzaileak ez diren emakumeen artean, berriz, % 13,76 da indarkeria mota hori jasan dutenen ehunekoa.
Irungo Udaleko Berdintasun Arloko arduradunek eskerrak eman dizkiete inkestari erantzun dioten emakume guztiei, inplikatu eta halako esperientzia eta bizipen pertsonalak kontatzeagatik. Ildo beretik, emakume askok eskertu dute beren bizipenak kontatzeko esparru bat izatea eta Udalak horrelako inkestak egiteko ardura hartzea, hitz egiteko eta beren esperientziak jasota uzteko aukera eman baitie.
Fitxa teknikoa
Irungo guztizko biztanleria 2021ean: 60.522 pertsona (31.004 emakume)
Telefono bidezko 400 inkesta, % 95,5eko konfiantza maila eta % 4,9ko perdoia
Zazpi adin tarte: 16-19, 20-24, 25-34, 35-44, 45-54, 55-64 eta 65etik gorakoak