Indarrak batu dituzte elkarteek, euskarari bultzada emateko

Urtetan egin izan dituzte Irungo elkarteek Euskararen Egunaren inguruko ekitaldi xumeak. 2012an indarrak batu eta abenduaren 3rako egitarau komuna antolatzea erabaki zuten horietako batzuek. Bi urte geroago, hemezortzi eragile aritu dira aurten Euskararen Egunak antolatzen. Bi asteko egitaraua antolatu dute, hiriko euskaldunak, euskara ikasleak eta euskaltzaleak elkartzeko asmoz.

Euskararen egunak 2014

Antxeta Irratiaren hamargarren urteurrenaren ospakizunetan aurki daiteke Irungo Euskararen Egunen sorrera. Zuhaitz Olazabal irratian zebilen orduan: “Bertso afari bat antolatu genuen 2011ko euskararen egunean, EKT Euskal Kultur Taldearekin elkarlanean. Orduan bururatu zitzaigun urtero egin genezakeela zerbait, eragile ezberdinak batuta”. Hurrengo urteari begira, beste hainbat elkarterekin jarri ziren harremanetan. Arrazoia, edo helburua, azaldu du Olazabalek: “Euskarak urtean zehar behar ditu data edo ospakizun jakin batzuk, pixkanaka guneak irabazten joateko”. 2012an asteburu bateko ospakizuna antolatu zuten, hamar elkarteren artean.
Hurrengo bi urteetan, eragile gehiago bildu nahi izan dituzte. “Atea irekita dago edozein elkarte edo koadrilarentzat. Eskatzen dugun bakarra euskararenganako nolabaiteko atxikimendua da”, azpimarratu du Zuhaitz Olazabalek. Aurten hemezortzi izan dira antolatzaileak. Tartean, euskalgintzan ari diren Antxeta Irratia, AEK, Irunabar; baita eremu horretatik kanpoko Irungo Atsegina, IAE Irungo Argazkilaritza Elkartea eta Santiagoko Deabruak ere. Olazabalek nabarmendu du eragile bakoitza libre dela nahi duen jarduera antolatzeko: “Batzuek beren esparruko ekintzak egin izan dituzte. Baina AEK-k adibidez, aerobika proposatu du lehen bi urteetan”.
Koordinazio talde batek zuzentzen du Euskararen Egunen prestaketa. Urtean zehar tarteka biltzen da taldea. Abenduaren 3aren aurreko bi hilabeteetan, asteroko maiztasuna izaten dute bilerek. Gero eta denbora gutxiago behar dutela baieztatu du Olazabalek: “Gaur egun badakigu zein pieza dauzkagun, eta non sar ditzakegun”. Aurtengo egitarauan abenduaren 3aren aurreko asteburua izan da indartsuena. Hiri-martxa, marrazki lehiaketa, kantu bazkaria, argazki rallya eta dantza eta trikitixa saioak antolatu zituzten. Abenduaren 3an mahai ingurua izango da Antxeta Irratian, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako euskara zinegotzien parte-hartzearekin. Hurrengo egunerako, bertso saioa prestatu du Irunabarrek Kabigorri ateneoan.
Zailtasunak eta trabak
Hemezortzi elkarte bildu dituzten arren, Zuhaitz Olazabalek onartu du jende gehiagorengana iritsi nahi dutela: “Euskaraz ez dakien baina euskaltzale den publikoa ere erakarri nahi genuke”. Hizkuntzarekiko jarrerari baino gehiago, hiriaren antolamenduari erreparatu dio Olazabalek, jendearengana iristeko zailtasuna azaltzeko orduan: “Irunen oso markatuta daude guneak. Mosku, Kale Nagusia, Zabaltza Plaza… Egia da guk ekintza gehienak Moskun antolatzen ditugula. Ondorioz, hortik kanpo zaila da jendeak jakitea Euskararen Egunak antolatzen ditugula”. Euskaldun diren askok ere, egitarauaren berri izan arren, ez dute parte hartzen: “Ez dute bere sentitzen”.
Duela bi urte, elkarteek lehen aldiz Euskararen Egunak antolatu zituztenean, Irungo Udalak parte hartu zuen. Esperientzia ez zen emankorra izan: “Gure eztabaidak eta ika-mikak izan genituen, Udalak ez zuelako eragile bat gehiago izan nahi”, azaldu du Zuhaitzek. Hortik aurrera, bideak banandu dituzte. Aurten elkarteek eskatu duten bakarra azpiegiturak izan dira. “Santiagoko frontoian karpa bat jartzeko baimena jaso dugu, baina Euskararen Eguna baino hiru aste lehenago”. Ez dute denborarik izan jarduera guztiak karparen inguruan antolatzeko, baina hurrengo urteari begira begi onez ikusten dute aukera. Euskarari “arnasa” ematen jarraitzeko asmoa dute elkarteek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude