250 kirolari ditu elkarteak gaur egun
Iaz 50.urteurrenak eragindako ur-lasterra baliatu nahi du Santiagotarrak Kirol Elkarteak, indarrez aurrera egiten jarraitzeko. Klubeko kirolariek eta entrenatzaileek hilabeteak daramatzate lanean, baina taldeen aurkezpen ofiziala egin dute martxoaren 27an, Amaia Kultur Zentroko auditorioan, senideen eta lagunen aurrean. 250 kirolari inguru ditu Santiagotarrak-ek, bere hiru sekzioetan: arrauna, pista eta ur-biziak.
Urte bizia izan da 2016.a Santiagotarrak K.E.ko kideentzat eta haien ingurukoentzat. Lanez, emozioz eta pozez betetako urtea izan dela onartu du Nerea Seijo arraunlariak, aurkezpen ekitaldian. 50.urteurrenak arrakasta izan zezan laguntza eskaini duten guztien babesa eskertu du, elkartearen izenean. Azken urratsak eman dituzte urteurrenaren ospakizunek 2017ko martxoan, Santiagotarrak-50 urte Bidasoan liburuaren argitalpenarekin.
Atzean gelditu da, alabaina, 2016 urte berezia. Dena den, hurrengoari ere “ilusioz” helduko diotela baieztatu du Olatz Zabala presidenteak: “Orain arte egindako lanari esker, erreferente izatea lortu dugu piraguismoan eta arraunean”. Pistako sekzioan arrakasta gehien izan duen palistetako bat ere bada Zabala. Iaz, Sellako Nazioarteko Jaitsieran garaipena lortu zuen, K-2 modalitatean, Aurora Figueras kataluniarrarekin batera.
Aitor Gorrotxategi, Telmo Fernandez eta Tania Prol dira pistan gehien nabarmendu diren beste kirolarietako batzuk. Guztira, 86 partaide ditu sekzioak. Arraunean, 90 neska-mutil ari dira gaur egun, gogor lanean. “Euria edo haizea egin, uretara ateratzen gara, hala eskatzen badigute”, baieztatu du Nerea Seijok. Ander Legazkue eta Aitzpea Gonzalez dira azken aldian maila handiena ematen ari diren arraunlariak.
Ur-bizietako sekzioaren eskariak
Emaitza onenak, ur-bizietako sekzioko palistek eman dituzte. 34 neska-mutil dira eskolarteko mailan, eta 44 federatuetan. Ander Elosegi da, gaur egun, Santiagotarrak K.E.ko izarra. 2016an, Joko Olinpikoetan finalista izan zen, hirugarren aldiz, slalom-eko C1 proban. Gainera, brontzezko domina jantzi zuen Europako Txapelketan, Eslovakian. Palistaren ibilbidea goraipatu du Olatz Zabala elkarteko presidenteak: “Lan isilaren, umiltasunaren eta sakrifizioaren bidez lor daitekeenaren adibiderik onena da. Gure klubaren balioak ederki defendatzen ditu”.
Elosegiz gainera, nazioarteko lehian maiz ibiltzen diren beste hiru kirolari ditu ur-bizietako sekzioak: Joan Crespo, eta Telmo eta Klara Olazabal anai-arrebak. Emaitza horiek kontuan hartuta, harrigarria gerta daiteke kirolariek Irundik urrun entrenatu behar izaten dutela jakitea. Ur-bizietako kanala eraikitzeko proiektuak egon izan dira Irunen, garai oparoagoetan. Gaur egun, ordea, esku-hartze xumeagoekin konformatuko litzateke Santiagotarrak. Mikel Estonba ur-bizietako sekzioko ordezkariak eman ditu azalpenak: “Dunboako kanalean, entrenatzeko slalom gune bat instalatzeko aukerak azter ditzaten eskatzen dugu. Bestalde, San Migeleko tren geltoki zaharra birmoldatzea ere eskatzen dugu, bertan piraguak eta kanoak gorde ahal izateko, eta aldatu ahal izateko”. Bitarteko eta azpiegitura eskasia konpontzeko eskumena duten erakundeei deia luzatu die Estonbak.
Atzerapena, kalitatearen mesedean
Manu Etxeberria elkarteko kideak idatzi du Santiagotarrak-50 urte Bidasoan liburua. 2016aren amaieran argitaratzea aurreikusi zuen, baina atzeratu egin da, azkenean. Nolanahi ere, liburuaren onerako izango dela uste du Etxeberriak, eta azken emaitza, “kalitatezkoa” dela. Pasadizoz eta klubaren historiako pasarteez jositako liburua da, 200ndik gora argazkiz lagundua. Lan hirukoitza egin behar izan du Etxeberriak, klubak hiru sekzio dituela kontuan hartuta. Laguntza izan du, alabaina, elkarrizketak erantzun dituzten protagonistena, eta zirriborroak birpasatu eta ekarpenak egin dituztenena. Elkartearen bulegoetan eros daiteke liburua, eta CBA liburutegian ere eskura dago.
“Alde batetik bestera gabiltz
Ibaian tira eta tira
Guk hantxe bertan bete ditugu
Hainbat amets eta desira
Betiko giroz Bidasoatik
Garai berri bat hasi da
Eta azken hauek, argi uzten dut
Jon Maiaren hitzak dira
Azken arnasa eman nahi nuke
Bidasoari begira”
Iraurgi Lopetegi klubeko kirolariaren bertsoak, aurkezpen ekitaldian