Indartsu itzuliko da Jaion

Apirilaren 21ean egingo dute Lakaxitaren urteurren festa

Jaion festa antolatu dute aurten, Lakaxita gune autogestionatuaren urteurrena ospatzeko. Urtero egin izan dute, baina iaz, Lakaxitan trantsizio prozesu betean zeudela eta, bertan behera gelditu zen. 2018an, ordea, indartsu itzuliko da, egitarau zabalago batekin. Apirilaren 21ean izango da, larunbatarekin, eguerditik gaueko ordu txikitara.

Joan den urtean hausnarketak eduki zuen lehentasuna Lakaxita gune autogestionatuan. “Ez zen indar nahikorik egon festa aurrera ateratzeko. Urtetan Jaion antolatzen ibili izan den belaunaldia nekatu samar zegoen”, aitortu du Iker Eizagirrek. Ikasturte honetan beste dinamika batekin hasi dira Lakaxitan, eta irailaz geroztik, urteurren jaia antolatzeko makineria martxan jarri zuten. Egitaraua zabaltzea erabaki zuten, bi helburu nagusirekin. Eizagirrek azaldu ditu: “Alde batetik, iruditzen zitzaigun Jaionen formatua publiko zehatz bati zuzendua zegoela. Gainera, urtean zehar Lakaxitan egiten dena kalera ateratzeko aukera baliatu beharra zegoela pentsatu genuen”.

“Urtean zehar Lakaxitan egiten dena kalera ateratzeko aukera da”
Iker Eizagirre

Hori dela eta, aurtengo Jaion festa 12:00etan abiatuko da, Urdanibia plazan, Pura Cuina antzezlanarekin, familiek haurrekin gozatu ahal izan dezaten. 14:00etan bazkaria egongo da Peña kalean, Lakaxitan elikadura burujabetzaren inguruan lanean ari diren kolektiboen eskutik. Sarrerak 12 euroren truke daude salgai, Altzoan, Kabigorrin, Eskinan, Deporren, Amoñin eta Aian. Bazkalostean bertso poteoa egingo dute, Irunabar elkarteko kideekin. “Despistatzeko denbora gutxi egongo da, 17:00-17:30ean kamioia aterako baita Moskutik”, azpimarratu du Iker Eizgirrek.

Jaion festako hitzordu nagusia izaten da kamioiko kontzertua. Irungo erdi gunea zeharkatzen du, Urdanibiatik Lakaxitara, Colon Ibilbidean zehar. Oso sinbolikoa dela adierazi du Eizagirrek: “Hiriko merkataritza arteria nagusian dauden multinazionalak, bankuak eta higiezinen agentziak dira guk borrokatu nahi dugun prekarietatea sortzen duten agente garrantzitsuak”. Eredu horretan bizi den hiria asaldatzea da Jaionen asmoa. Probokazio puntu bat du, beraz. “Beti ere jaiarekin, koloreekin, mozorroekin etab.”, zehaztu du Eizagirrek.

Musika eskaintza zabala

Etxeko uzta leloa hautatu dute aurten, Lakaxitan aurrera eramaten den bizitza eredu askea aldarrikatzeko. Eta kamioiko kontzerturako ere, bertako musikariek osatutako Fight The Power taldea prestatu dute, azken urteetan ohitura bihurtu den bezala, musika talde baten bertsioak jotzeko. Arantza kendu du Iker Eizagirrek, bertan parte hartuko baitu, berarengan eragin handia izan duen Negu Gorriak taldea omenduz: “Zeharka bada ere, horrelako espazioen alde ekarpen handia egin duen taldea da. Eskola politikorako talde bat izan da, jende askori kontzientzia kritikoa pizten lagundu diona”.

“Gazte talde bat biltzen ari da, proiektu interesgarriekin”
Koldo Martinez de Antoñana

Ondoren, Lakaxitan, beste lau talde ariko dira. Sangre de Mono talde irundarra, On, Las Tuerkas eta Bide Bakarra. Emakumeen presentzia bermatzen ahalegindu direla nabarmendu dute antolatzaileek. “Las Tuerkas-eko taldekide guztiak emakumeak dira. On taldeko abeslaria ere bai, eta Emarock ekimenean parte hartu du, emakumeek musika taldeetan duten presentzia ikustarazteko eta handitzeko helburuarekin”, azaldu du Koldo Martinez de Antoñanak. Aurten Lakaxitan ematen ari den belaunaldi aldaketaren ordezkaria da Martinez: “Gazte talde bat biltzen ari da, proiektu interesgarriekin”. Jaion festa ere, gazteak erakartzeko abagunea izan daiteke Lakaxitarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude