Indoamerika bidasoarra

1000 latinoamerikar baino gehiago bizi dira Irunen

Aholkularitza juridikoa eskaintzeko elkartea eratu dute

XXI.mendearen hasierako migrazio olatuarekin iritsi zen Mario Miranda (Piura, 1961) peruarra Behe Bidasoara. Unibertsitate ikasketak zituen arren, arrantzale sartu zen, Hondarribian, bere jaioterriko arrantza tradizioa eta txikitatik barneratutako jakituria baliatuta. Eraikuntzan eta bestelako lanetan ibili izan da ondoren. Baina zuzenbidea ere ikasi du, EHUn, eta abokatutza masterra amaitu berri du. Bere formazioari etekina atera eta Irungo eta inguruko latinoamerikarren kolektiboari laguntza eskaini nahi dio orain, Indoamerika Herria elkartearen bidez. 

Estrella Radiante elkartearen lekukoa hartu zuen, 2015eko abenduan, Indoamerika Herriak. Integrazioaren eta elkarbizitzaren arloan lan egiteko sortu zuten aurrekoa, 2010ean. “Hasieran, bazkideen %80 peruarrak ginen, gure lagunartean osatu baikenuen. Elkar ezagutzen dugu, eta gure arteko harremana naturalagoa da”, azaldu du Mario Mirandak. Gaur egun, 100 inguru dira Indoamerika Herrian, herrialde ugaritakoak: Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, Venezuela, Nikaragua eta Honduras, besteak beste. Irun hiri osoan, jatorri latinoamerikarra duten mila biztanle inguru egongo direla kalkulatu du peruarrak.

Elkar-truke kulturaleko jarduerak burutzen dituzte oraindik ere: hitzaldiak, dantzaldiak, topaketa gastronomikoak etab. Jarduera horien helburu nagusien berri eman du Mirandak: “Bertako kultura barneratzeaz gainera, gurea zabaltzen ere ahalegintzen gara. Jende askok hirugarren munduko hiritar gisa ikusten gaitu, eta guk nabarmendu nahi dugu ez garela ezjakinak, kultura duten herrietatik gatozela”. Gastronomiak, hain zuzen ere, lanpostuak sortu dizkiela nabarmendu du Mirandak. Latinoamerikatik etorritako migranteek kudeatutako jatetxe bat baino gehiago dago, hain zuzen ere, Irunen.

Aholkularitza juridikoa eskaintzen dute

Indoamerika Herriak eskaintzen duen berritasuna, ekarpen nagusia, aholkularitza juridikoa da. Lakaxita gunean elkartzen dira, asteazkenero, 10:00etatik 14:00etara. “Udaren ondoren ordutegia zabalduko dugu, eta egun osoan zehar eskainiko dugu aholkularitza. Beharraren arabera, egun gehiagotan ere elkartuko gara”, baieztatu du Mirandak.

Gure helburua da abusuak ekiditea, bide judizialaren bidez”

Peruarrak azaldu du egoera irregularrean dauden migranteek behar izaten dutela, batez ere, laguntza: “Egoera hori falta administratiboa besterik ez da, ez da penala. Baina batzuetan, poliziak migranteak atxilotzen ditu, atxikitze administratiboaren aitzakiarekin”. Batzuetan, dagokion prozedura errespetatu gabe deportatzen dituztela salatu du Mirandak: “Ez baldin badu inork esku hartzen, konturatzerako, Latinoamerikan dira gazte horiek. Gure helburua da abusuak ekiditea, bide judizialaren bitartez”.

Irungo eta Donostiako polizia-etxeekin harremanetan jarri dira, dagoeneko, haien lanaren berri emateko. “Latinoamerikako edo munduko beste edozein lekutako migranteek jakin dezatela, behar izanez gero, gure laguntza jasoko dutela. Behar gaituzten lekuetan egongo gara, baita auzitegietan ere”, azpimarratu du Mario Mirandak. Babes gehien behar duen beste kolektiboetako bat, etxeetan lan egiten duten emakume migranteena da: “Abusu ikaragarria dago haiekin”.

Badira migranteei babesa eskaintzen dieten bertako elkarte eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Baina horietako askoren lana zalantzan jarri du Mirandak. Kritika gogorrak egin ditu peruarrak: “Nekatuta gaude askok migrazioaren koplari ateratzen dioten etekin ekonomikoarekin. Jasotzen dituzten diru-laguntzen eta finantziazioaren zati handi bat ez dute migranteen mesedean erabiltzen. Diru asko bidean geratzen da, bakar batzuen poltsikoetan”.

“Indoamerika hitzak gehiago lotzen gaitu gure historiarekin eta kulturarekin”
Integrazio erraza izan dute

Latinoamerika baino, Indoamerika hitza nahiago du Mario Mirandak: “Gure herrialdeek Ameriketako Estatu Batuekiko mendekotasun handiagoa zuten garaian, Latinoamerika eta Panamerika hitzak erabiltzen ziren. Baina gure ustez, kolonia kutsua ematen digute. Indoamerikak gehiago lotzen gaitu gure historiarekin eta kulturarekin”. Peruar gisa, Inka herriaren oinordeko izateaz harro dago. Gaztelarren konkistaren aurretik, inken kultura, artea eta zientzia oso aberatsak zirela azpimarratu du. Geroko migrazioen ondorengoa ere badela aitortu du, dena den, Mario Mirandak: “Mestizaje handi baten seme-alabak gara”.

Horixe kontuan hartu zuen, hain zuzen ere, Alberto Fujimoriren diktaduraren garaian, Euskal Herrirako bidea hartzea erabaki zuenean. Bere herrikide gehienen migrazioa, ordea, ez dio politikari egotzi: “Krisi ekonomikoak eragin zigun, batez ere”. Ameriketako Estatu Batuetara joan zitekeen Miranda. “Baina nik ez dut arbaso ingelesik edo irlandarrik”, argudiatu du. Euskal herritarrak egon ziren, besteak beste, Piuraren, bere jaioterriaren fundazioan. Hondarribira arrantzale etortzeko aukera sortu zitzaion, eta 2001ean eman zuen urratsa. Oso eskertuta dago jaso zuen harrerarekin, eta topatu zituen lan baldintzekin ere bai. “Bertako arrantzaleen baldintza berdinetan hasi ginen. Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, migrante batek bertako baten soldataren erdia ere ez du jasotzen”, azaldu du Mirandak.

Nabarmendu du, era berean, ez zuela integratzeko zailtasunik izan. “Hizkuntzari dagokionez, abantaila dugu beste migrante batzuekin alderatuta. Gainera, kulturen arteko aldea ez da horren handia”. Arrazismo arazorik handienak, Espainiako estatuko beste lekuetatik etorritako migranteekin eduki dituela baieztatu du: “Lana lortzeko konpetentzia gisa ikusten gaituzte”. Gainerakoan, eskertuta dago jaso duen harrerarekin. Gogoan du lehen aldiz ailegatu aurretik, Euskal Herriari dagokionez kontatu izan ziotena: “Guri esana ziguten Euskal Herrian liskar politiko handia, segurtasun eza eta terrorismoa zeudela. Lehen mezulariak izan ginen, gure herrialdeetan esateko Euskal Herria leku lasaia, segurua eta atsegina zela”.

Gaur egun, migrazio fluxuen zentzua aldatu egin dela adierazi du Mario Mirandak: “Jende kualifikatua joaten da hemendik gure herrialdeetara, han behar handia dagoelako”. Bera ere bueltatu izan da, baina ez du behin-betiko Perun geratzeko asmorik. “Nire familia hemen daukat, nire seme gazteena hemen jaioa da”. Bere etxea da, jada, Irun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude