Cristina Laborda Irungo alkateak eta Borja Olazabal Obretako ordezkariak Ermita kalea bisitatu dute gaur, amaitu berri den obraren emaitzak ikusteko. Ermita kalea berrurbanizatzeko lanen lehen fasea amaitu da dagoeneko, eta oinezkoak lehenesten dituen balio monumental handiko eremua sortu da.
Alkatearen hitzetan, “obra honekin, Irungo eremu honen duen balio handia sustatzea lortu dugu, eta azken urteotan berritzen ibili garen Irungo Alde Zaharrari beste puntu erakargarri bat gehitu diogu”.Ama Xantalen ermitak, iturriak eta kanalaren zubirainoko lehen etxe-lerroak bat egiten duten tartea berritu dira obra honetan. Gainera, Cristina Labordaren hitzetan Ermita kaleak gozatzeko espazio berri bat eskaintzen du orain: jasangarriagoa, atseginagoa eta, gainera, genero-ikuspegia eta guztiontzako irisgarritasuna txertatuta.
Lan hauetan eremua oinezkoak lehenesteko moldatu da, eta berritu egin dira akaberak eta zoladurak, azpiegiturak, hiri-altzariak eta argiak, eta eremu berdeen banaketa aldatu da. Inguru horretako bizilagunekin prozesu parte-hatziale bat egin zen proiektua prestatzerakoan.
Era berean, eremuko elementu interesgarriak nabarmendu nahi izan dira, akabera eta argiteriaren bidez haien monumentaltasuna azpimarratuta eta espazioa haiek egokiro bistaratzeko moduan antolatuta. Horretarako, jasangarritasun irizpideetan, genero-ikuspegian eta irisgarritasun unibertsalean oinarritu da planteamendua.
Espazio berria hirigune historikoan integratzen da orain, eta, ildo horretatik, esku hartzeko irizpideak Irungo Alde Zaharra birgaitzeko plan bereziak finkatzen dituenekin bat datoz, Planak barnean hartzen baitu Ermita karrika.
Espazio berriaren antolamendua
Proiektuaren lehentasun nagusietako bat oinezkoei bide publikoan dagokien protagonismoa ematea denez, esku hartzen den eremu guztian oinezkoek eta ibilgailuek batera zirkulatzen duten espazio bat sortzea izan da abiapuntua. Kalean zirkulaziorako ez ezik beste erabilera batzuetarako tokia sortu da, hala nola paseorako, kontenplaziorako, atsedenerako eta interakzio sozialerako. Horretarako, erabiltzaile guztientzako ibilbide irisgarri, seguru eta erosoak osatu dira, monumentu eta zerbitzu guztietara heltzen direla ziurtatzeko.
Kaleko zirkulazioa norako bakarrekoa da orain, auzotarrek hala eskatuta. Santa Elena zubitik gora baino ezingo da zirkulatu, eta egoiliarrek bakarrik, hots, eremuan bertan bizi direnek eta bizilekua goragoko baserri inguruan dutenek. Horrela, kalea baserrietara sartzeko bidea izango da, eta handik irteteko Borda Txikira doan bidea erabili beharko dute gidariek.
Ama Xantalen iturriaren inguruan kalea zabalagoa da, eta pibote batzuk jarri dira oinezkoentzako eremu esklusiboa eta ibilgailuek ere erabil dezaketena bereizteko. Horrela, eta zehazten den sekzio estandarraren eta aukeratzen diren zolaketa materialen bidez, ibilgailuak motelago ibiliko dira.
Ermita kalea, oro har, estua da, eta ondorioz espazioa optimizatu beharra zegoen. Bada, ildo horretatik, proposamenaren arabera, parterre jarraitu bat sortu da kalearen luzetara, kanalerantz ematen duen hormaren ondoan, egungo zuhaitzak zerrenda berde zabal baten biltzeko eta zirkulaziotik babesteko moduan, eta, zuhaitzen artean, bankuak jarri dira, erabiltzaileak itzaletan esertzeko. Santa Elena zubiko bidegurutzean, zabaldu egiten da parterrea, desnibela desagerrarazteko eta lorategi bat sortzeko moduan. Ama Xantalen ermitaren ekialdeko fatxadaren ondoko lorategia txukundu da, eta hura zaharberritzeko lanak egin dira, hala nola estalkia berritzeko eta hormak garbitzeko lanak. Saneamenduaren eta edateko uren azpiegiturak ere berritu dira, eta elektrizitatearen, telefoniaren eta argiteria publikoaren sareak osatu dira.
Urbycolan SL enpresak egin ditu lanak, 643.480,25 euroren truke. Jarduketa honek Next Generation EU laguntza jaso du