Ingurumena zaintzeko konpromisoa hartu du Txingudi ikastolako ikasle talde batek

Txingudi Ikastolako ikasle talde batek ingurumena zaintzeko konpromisoa hartu du. Proiektuaren abiapuntuan Greta Thunberg aktibistak martxan jarritako “Fridays for future” (Etorkizunerako ostiralak) mugimendua eta eskolak Agenda 21 proiektuarekin duen konpromisoa daude oinarrian. Orain arte aurrera eramandako ekintza nagusia eskola zeharkatzen duen ibaiaren garbiketa izan da eta etorkizunean ekintza gehiago aurrera eramateko asmoa dute. Natalia Treusek eta Xabier Blancok ikasle taldearen helburuak azaldu dituzte.

Zergatik erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?
Natalia: Ikasleen artean beti esan izan dugu gure planeta zaintzea oso garrantzitsua dela, izan ere, gure bizitokia da. Gure artean hitz egin ostean, Karmele zuzendariarekin hitz egin eta proiektua martxan jartzeko baimena eskuratu genuen.

Irakasleen partetik laguntza izan dezue?
Xabier: Bai, batez ere, Agenda 21 proiektuko arduradunen laguntza izan dugu, zuzendaritzaren baimenaz gainera.

Noiz egin zenuten ibaiaren garbiketa?
Xabier: Ikastola zeharkatzen duen ibaiaren garbiketa joan den urtean antolatu zen lehen aldiz. DBHko 4.mailako ikasleek antolatutako jarduera izan da beti eta, gure kasuan, garbiketa, irailaren 27an egin genuen. Hortaz gain, ikastolako Areto Nagusian bideo emanaldia antolatu genuen ere, kontzientziazio eta eztabaidarako tartea izateko.

Natalia: Bai, izan ere, nahiz eta ibaiak edo kaleak garbitu, klimarekin loturiko arazoekin kontzientziazioa lortzen ez bada, egindakoak ez du ezertarako balio. Beraz, gure lehen pausoa ikasleak kontzitziatzen saiatzea izan zen, jendeak honelako ekintzak egitea beharrezkoa dela sinisteko.

Zein balorazio egin zenuten eskolan egindako garbiketaren inguruan?
Xabier: Garbiketa talde lan bezela antolatu genuen azkarrago lan egiteko eta, era berean, inguruan dugun egoeran guk ere eragiten dugula ikustarazteko. Ekintza honen bitartez guk izorratutakoa konpontzen saiatu ginen.

Zein motako zaborra bildu zenuten?
Xabier: Gehienbat plastikoak, hamaiketakoaren ostean sortzen diren hondakinak edo paperak. Bildutako materialarekin pankarta bat osatu genuen eta ikastolaren sarreran ipini genuen, gainontzeko ikasleek ikastolan sortzen den zaborra ikus dezaten.

Garbiketaren ostean, gauza gehiago antolatzeko asmoa duzue?
Natalia: Bai, hilabete bakoitzeko ostiral bat antzeko ekintzen antolaketara bideratzeko asmoa dugu. Hurrengo ekintzetan pista edo jolastokiaren garbiketa antolatu, gaiaren inguruko bideoak egin edo bestelako gauzak egin ditzazkegula bururatzen zaigu.

Nolako jarrera erakutsi du jendeak orain arte antolatutako ekintzekiko?
Xabier: Jendeak bere kezka erakusten digu eta orokorrean parte-hartzea ona izan da.

Natalia: Hasieratik argi eta garbi utzi genuen borondatezko ekintza bat zela. Horrela, biltzen den jendea lan egiteko gogoz datorrela zihurtatzen dugu.

Garrantzitsua iruditzen zaizue eskolan honelako gaiak lantzea?
Xabier: Bai, betidanik esan digute etxean jasotzen ditugun ideiek pisu handia dutela. Hala ere, eskolan denbora asko pasatzen dugunez, lagunartean horrelako ideiak zabaltzea garrantzitsua dela uste dugu.

Natalia: Ez hori bakarrik, eskolan gure burua garatzen dugula suposatzen denez, zaborraren kudeaketa egokiarekin lotutako ideiak barneratzeak gure etorkizuneko jokabideak baldintzatu ditzake.

 

 

Bideo osoarik Txingudi Onlinen ikusteko aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude