Iñigo Bravo Irunen egoitza duen Bravo Logistic enpresako zuzendari exekutiboa da. Udako hilabeteetan kamioilarien oporrak egin ostean, urri inguruan motorrean herrialde ezberdinak ezagutzeko oporrak hartu ohi ditu. Pandemiak oporretako planak zapuztu ostean, gertakari segida baten ondorioz enpresako kamioi hartu, Zaporeak elkarteak bildutako elikagaiekin bete eta Lesboserako bidea hartu zuen.
Nola bururatu zitzaizun zure kamioiarekin Lesbosera bidaiatzeko ideia?
Arraroa iruditu arren, pandemiak eragindako egoera honek bultzatu ninduen erabakia hartzera. Garraio enpresa bat dut eta urtean zehar bulegoan lan egiten dudan arren, udaran gidarien oporretan ordezkapenak egin ohi ditut. Hortaz, oporrak urri edo azaroan hartu ohi ditut. Motorrak eta bidaiatzea gogoko ditut, beraz, nire bizitzako zaletasunak uztartzen dituzten bidaiak antolatu ohi ditut. Pandemiaren egoerara egokituz oporrak nola antola nintzakeen pentsatzen ari nintzela, Zaporeak proiektuarekin loturiko seinale ugari jaso nituen, hau da, dirua biltzeko elkartearen itsulapiko bat ikusi eta handik gutxira egunkarian Zaporeak elkarteak antolatutako diru-bilketaren berri izan nuen. Buruan ideiari bueltak ematen hasi nintzen, kilometroak begiratzen eta bidaiaren aurrekontua kalkulatzen. Zaporeak elkartean boluntario izandako lagun batekin hitz egin nuen eta hark eman zidan pausua emateko behar nuen azken bultzada. Izan ere, bidaia egiteko unea hori zen, enpresako gidari bat bajan zegoela aprobetxatuz bere kamioia erabil nezakeelako. Ideia argi izan nuenean Zaporeak elkartekoekin harremanetan jarri nintzen eta poztasun handiz jaso zuten nire proposamena. Hortaz, oporrak kamioiarekin Lesboseko migratzaileei janaria eramateko aprobetxatzea erabaki nuen.
Zure oporrak eta lanpostua ekintza solidario bat egiteko aprobetxatzea erabaki zenuen?
Bai, askotan gertatu ohi den bezala, ekintzak guztiz burutu arte askotan ez zara hartutako erabakiaren garrantziaz ohartzen. Boluntariotza ekintzak egitea beti ongi dago, baina, helmugara iritsitakoan konturatu nintzen egindako ekintzak zuen garrantziaz. Bost egun behar izan nituen Lesboseraino iristeko eta harrigarria izan zen jendeak nolako esker onarekin jaso ninduen. Telebistan irudiak ikusi edo irratian albisteak entzun ditzakezu, baina, bertara iritsi eta gauzak zure begiekin ikustea edo bizipen latzenak istorioen protagonistek zuzenean kontatzen dizkizutenean guztiz desberdina da dena.
Guztira, 23 janari tona eraman zenituen zure kamioian Greziako uharteraino, ezta?
Kamioian eramandako janari guztia Bizkaian antolatutako janari bilketen emaitza izan zen. Bildutako janaria arroza, pasta, kontserba-latak eta olioa izan ziren, besteak beste. Izan ere, bereziki harrera ona izan zuen janari bilketa hark bizkaitarren artean. Lesbosera iritsi nintzenean ikusi nuen Zaporeak elkarteak egunero 2.000 menu baino gehiago prestatzen dituela. Hortaz, eramandako janari guztiak haien eguneroko bazkaria prestatzeko ezinbestekoa zela ikusi nuen, egunero jan behar baitute.
Bidaia berezi honek urduritasun asko eragin zizkizun bideari ekin aurretik?
Hasieran jendea harritu egiten zen. Pandemiarekin edo Italiako edo Greziako mafiekin kontuz ibiltzeko esan zidaten askok. Azken finean, bidaiatzeko ohitura daukat eta gatazkatsuak izan daitezkeen leku askotan egondakoa naizenez, leku guztietan jende jatorra dagoela erakutsi dit bizitzak. Jendeak arriskuen inguruan hitz egiten dizu, baina, edonon bihotz oneko pertsonak daude eta zure bidetik ateratzen ez bazara, ez duzu zertan arazoak izan.
Pandemiaren eraginez bidaia ohi baino konplikatuagoa izan zen?
Zaporeak elkartearen protokoloak ezartzen duenez, bidaia egin aurreko 72 orduetan PCR proba bat egin behar nuen. Protokoloak eskatu bezala proba Irunen egin eta emaitza negatiboa izan zen. Gauza da, Europatik bidaiatzerako orduan mota horietako probekin eskuratutako baimenek 72 orduko balioa dutela, beraz, Greziara iristerakoan Irunen egindako proba jada ez zen baliagarria izango. Hala ere, garraiolariak Europako legediaren arabera, ez dugu zertan arau hori bete behar, oinarrizko sektore gisa kontsideraturik gaudelako. Dena dela, Italian zein Greziatik igarotzeko erregistroa egin behar dugu, atzerritar gisa bertatik igaroko garela aipatuz, zerbait gertatuko balitz gure datuak izan ditzaten. Graziako Patraseko portura iritsi nintzenean kanpamendu militar antzeko bat topatu nuen. Egia esan, ez nuen halakorik espero eta bertan lanean zeuden mediku eta erizainek serologia proba egin zidaten “lurralde arriskutsu” batetik nentorrelakoan. Izan ere, Grezia momentu hauetan hankaz gora dagoen lurraldea dela esan ohi dute askok, baina, portura iritsi bezain laster zerbitzu horrekin topatzea atentzioa deitu zidan. Lesbosera iritsi eta distantziak errespetatuz kamioia deskargatu ostean, 4 eguneko konfinamenduan gorde behar izan nuen hotelean badaezpada. Lau egun horiek igarota, Zaporeak elkartearen sukaldean lanean hasi nintzen.
Zein izan zen Lesbosera iritsi zinenean aurkitu zenuen egoera?
Migratzaileekin zuzenean hitz eginez ikusi nuen zein zen benetako egoera. Jende haien etxeetatik beldurrarengatik ateratzen dela ikusi nuen. Gehienak Siria, Afganistan eta Iranetik alde egindakoak ziren eta Turkia osoa zeharkatu ostean iritsi dira Greziara. Ihes egin aurretik zoriontsuak ziren haien etxe eta bizitzekin, baina, heriotza eta gerra saihesteko ihes egiteko beharrean aurkitu dira. Mafia turkiarrek txalupetan sartu eta Lesboseko uharteraino iristen laguntzen diete. Smiratik Lesbosera ordubeteko bidea dago soilik. Migratzaileak Lesbosera iritsitakoan Europan sartu eta haien helburua lortu dutela uste dute hasieran. Lesbosen, ordea, iheslari-esparru batean sartu eta zer jan, nun lo egin behar duten, zer jantzi eta noiz atera daitezkeen agintzen diete bertan. Asteburuetan, adibidez, ezin dira esparrutik atera. Duintasun guztia galtzen dute horrela, nahiz eta ikasketak dituen jendea izan edo zu eta ni bezalako jendea izan. Jaiotza tokiak markatzen ditu gure eta migratzaileen egoeraren arteko diferentziak.
Moriako iheslari-esparruaren sutea gertutik ikusteko aukera izan zenuen, ezta?
Bai, Zaporeak elkartearen sukaldea Mitilene hiriburuaren kanpoaldean kokatuta dago. Motorrak atsegin ditudanez motor bat alokatu nuen bertatik mugitu ahal izateko eta errepidetik nindoala Moria herriaren seinalea ikusi nuen. Atzera egin eta bide hori hartzea erabaki nuen. Iheslari-esparruaren eremura iritsi nintzen eta guztiz erreta zegoen muino bat ikusi nuen. Zelaiak hemen inguruan baratzetan ikusten diren txabolen arrastoez eta erretako olibondoez beterik zeuden. Harrigarria iruditu zitzaidan eremu horretan hainbeste familia eta pertsona baldintza negargarrietan bizi izan zirela ulertzea. Edozein lekura begiratzen zenuela ikusitakoa samingarria zen, errauts, pintaketa eta zerion usain txarraren ondorioz. Hilabeteak ziren iheslari-esparrua erre zenetik, baina, erre usain asko zegoen eta bertan oraindik jendea bizi zela ikusi ahal izan nuen.
Malen Garmendia irundarrak kontatu zidanez, Moria erre zenean bertan bizi ziren pertsonek errepide nagusitik Mitelene hiriburura iristeko bidea hartu zuten. Hiru egunetan zehar errepide bazterrean kanpatu zuten irtenbide baten esperoan. Hiru egun horietan zehar ACNUR eta Greziako Gobernuak lankidetzan behin-behineko kanpaleku bat eraiki zuten, baina, ezinezkoa zen bertan 7.000 pertsonentzako tokia sortzea. Orain eremu berri horretan bizi dira, poliziaren kontrolpean. Dena dela, orain dela gutxi haizete batek kanpaleku guztia altxatu eta urez bete du, beraz, baldintza negargarrietan bizi dira oraindik.
Bidaian gidari lanak egiteaz gainera, sukaldean laguntzeko aukera izan zenuen ere?
Bai eta bertan konturatu nintzen nire ingeles maila oso mugatua zela, sukaldean lan egiten zuten migratzaileekin hobeto komunikatzeko faltan bota bainuen hizkuntza gehiago menperatzea. Izan ere, bertan ezagutu nituen siriar edo afganiarrak ni baino hobeto moldatzen ziren ingelesaren eta ziurrenik ni baino baliabide gutxiago izan zituzten hizkuntza ikasteko. Bi edo hiru sukaldari arduratzen dira lapiko erraldoi batzuetan janaria prestatzeaz. Gainontzekoek barazkiak zuritu edo txikitzen laguntzen genuen eta horri esker izan nuen migratzaileekin zuzeneko harremana izateko aukera. Mugikorrei esker haien aurreko bizitza edo bizilekua nolakoa zen erakusten zidaten. Atentzioa deitu zidan bertan Afrika mendebaldetik etorritako jende asko topatzea, izan ere, Europara Marokotik sartzen zirela uste bainuen. Gauza da Afrikako herrialde askok Turkiara bidaiatzeko ez dute bisarik eskatzen. Hortaz, Senegal edo Kamerun bezalako herrialdeetatik Turkiaraino hegazkinez bidaiatzea erabakitzen dute, ostean, Turkiatik Europara sartzen saiatzeko. Haietako askok frantsesa zekitenez eta nik frantsesa hitz egiten dudanez, errazagoa izan zitzaidan inguru horretako migratzaileekin komunikatzea. Oso jendea jatorra ezagutzeko aukera izan nuen, benetan esker onekoak ziren pertsonak. Kontatutako istorioak sinestezinak ziren, bata beste baino harrigarriagoak.
Lesbosera iritsitakoan kasualitatez irundar batekin topo egin zenuen, ezta?
Berarekin lehen kontaktua WhatsApp bidez izan nuen, Zaporeak elkartearen egoitzara iristeko jarraibideak eman zizkidan eta. Hitz egiten hasi ginenean ez nekien bera irundarra zenik, aurrez aurre elkar ezagutu genuen arte. Lesbosera iritsi eta neska oso jator eta atsegina aurkitu nuen. Uhartera iritsi eta hasieran gauza asko ulertzen ez nituenez, berak asko lagundu zidan bertako egoera eta elkartearen funtzionamendua azalduz. Txundigarria iruditu zitzaidan Zaporeak elkarteko koordinatzaile bezala egiten zuen lan guztia ikustea. Izan ere, egunero egin beharreko lana da, inolako jai egunik gabe jendeari jaten eman behar zaiolako. Janaria iheslari-esparru guztietara eramateko lan handia egiten du, gidari gutxi dituzte eta. Siriar edo afganoek gidatzen dakite, baina, ezin dira Grezian gidabaimenik gabe gidatzera arriskatu. Horregatik, goraipatzekoa iruditzen zait Malene Garmendiak bertan egiten duen lana eta Irunen ohorezko hiritar izendatu beharko luketela uste dut.
Migratzaileen bizipenak eta istorioak zuzenean entzutea hunkigarria da?
Bai, zeharo desberdina da gauzak pertsona ezezagun batek edo komunikabideetan entzutea. Istorio horien protagonistak ezagutzen dituzunean, aldiz, kontatutakoak beste zentzu bat hartzen du eta zure lagunei kontatzen dizkiezunean zalantza izpirik gabe sinisten zaituzte. Umiltasun sendaketa egitea bezalakoa dela esango nuke, Done Jakue bidea egin duten erromes askok helmugara iristerakoan izan ohi duten sentsazio berarekin alderatuko nuke. Gogobetetasun handia eragiten dizun ekintza da, batez ere, bertan ezagututako pertsonen esker onarengatik. Horri esker, bertan dugun kontsumismoaz jabetu edo benetan garrantzitsuak diren gauza arruntez ohartzen zara.
Komunikabideek kontatutakoa bertako errealitatearen erakusle zuzenak dira?
Ez, iristen zaigun informazioa guztiz manipulatuta dagoela esango nuke. Sentsazionalismoa eragiten duten irudiak partekatzen dira, benetako errealitatearen ordez. Tartean interes ezberdin asko daude. Erakutsitakoa baino, askoz gogorragoa da Lesbosen bizi duten egoera.
Lehen esperientziaren ostean, ekintza gogoangarria noizbait errepikatzea pentsatu duzu?
Bai, batetik, Zaporeak elkartearekin elkarlanean jarraitu nahi dudala argi eta garbi dut. Bidaiaren amaieran elkarteko arduradunei adierazi nien moduan, noizbait garraioarekin loturiko zerbaitetan laguntza beharko balute nirekin harremanetan jarriz gero, ahal dudan guztian lagunduko diet. Nik pertsonalki berriro bidai hori errepikatuko banu, ziurrenik, lagun baten konpainian egingo nuke bigarren bidaia. Nirekin batera bidaia egin nahi duten lagun asko dauzkat, baina, lehen bidaia erronka gisa barrik egitea erabaki nuen. Azken finean, Zaporeak elkartea laguntzeko modu asko daude eta bidai honek baieztatu dit edonon bihotz oneko pertsonak daudela. Haiei gertatutako guri ere gerta dakigukeela argi ikusi dut. Urrutiegi joan gabe, Irunen bertan migratzaileek egun bizi duten egoeraren adibideak dauzkagu eta irundarrei migratzaileekiko beldurrik ez izatea eskatu nahiko nieke, bizimodu duhin eta hobe baten bila dabiltzan pertsonak baino ez dira eta.