Iñigo Lavado sukaldariak jatetxe, bezero eta taxien arteko harremana aldatzeko ekimena proposatu du

Iñigo Lavado sukaldariak jatetxe, bezero eta taxien arteko lotura berrasmatzeko proiektua aurkeztu du. Horrela, Txingudi badian janaria banatzeko metodo berria aurkeztu du Taxi Bidasoarekin elkarlanean. Ficoban Iñigo Lavadok duen jatetxea izan da ekimena martxan jarri duen lehen jatetxea, baina, laster ekimenera inguruko ostalaritza establezimendu gehiago batzea espero du Singular jatetxeko sukaldariak.

Ostalaritzaren azken itxialdiak iragarri zenetik, Iñigo Lavado sukaldariak abagunea aprobetxatu eta sektorea indartzeko aukera berrien bila ibili da. Era horretan, Irungo Ficoba erakustazokan kokatutako jatetxearen mugak zabaldu eta ostalaritzaren bigarren itxialdia bere sukaldea Gipuzkoako hiri ezberdinetan zabaltzeko aukera aprobetxatu du. Eskariak egun bateko aurrerapenarekin jaso ostean, emozioen sukaldea Donostia, Lasarte, Zarautz eta Urnietaraino iritsi da.

Oraingoan, beste urrats bat eman nahi izan du, ostalaritzaz gainera, inguruan kaltetutako sektoreak laguntzeko ekimena proposatuz. Kasu honetan, jatetxe, bezero eta taxien arteko erlazio aldatzea proposatu du sukaldariak, era honetan, Irun, Hondarribi eta Hendaian zerbitzua eskainiko du jatetxeen banaketa zerbitzu berria eskaintzeko. Iñigo Lavado sukaldariak azaldu duenez, “ostalaritzaren itxialdiek erakutsi didate guztiok elkar laguntzea funtsezkoa dela egoera konplexu hau gainditzeko”.

Hortaz, Taxi Bidasoako zerbitzuaren elkarlana funtsezkoa izan da proiektu berritzailea martxan jarri ahal izateko. Enrique Paule Taxi Bidasoako kontseilu errektoreko kideak azaldu duenez eskualdeko taxien sektoreak ilusio handiz ekin dio proiektu berri honi. “Helburua kalitatezko ostalaritza-zerbitzua eta kalitatezko taxi-zerbitzua batzea da”, azaldu du Enrique Paulek. Iñigok ideia aurkeztu bezain laster lanen jarri zirela azaldu du Taxi Bidasoako kontseilu errektoreko kideak, elkarbanatutako ilusio hori nola bideratu zezaken aztertzeko.

Sukaldari eta taxilariak lotzen dituen esperientzia berri honek oso funtzionamendu sinplea du. Bezeroek jatetxera eskaerak Whatsapp aplikazioa erabiliz bidaltzen dituzte, hau da, jatetxearekin zuzenean harremanetan jarriz. Bidalitako mezuan izena, helbidea, eskaera eta entregaren xehetasunak zehazten dira. Ordainketa, berriz, “Bizum” aplikazioa erabiliz egiten da. Eskaera prest dagoenean, taxiak bezeroarekin kontaktatzen du eskaria entregatzeko.

Iñigo Lavado sukaldariak azaldu duenez inguruan elkarlanerako formula berriak bilatzeko nahiak bultzatutako proiektua da, errealitate berrira egokitzeko ohiko moldeak berrasmatuz. “Orain arte faktoreen ordena jatetxea-bezeroa-taxia bazen, jatetxe-taxia-bezeroa ordenarengatik aldatzea proposatzen dugu”, adierazi du Singular jatetxeko sukaldariak. Era berean, sukaldarien proposamen gastronomikoak modu seguru eta erosoan bezeroen etxeetara hurbiltzeko modua izan nahi du.

Izaera irekiko ekimena
Bultzatzaile gisa, Iñigo Lavadok Ficoban duen Singular jatetxea izan da ekimena martxan jarri duen eskualdeko lehen jatetxea. Proiektu berria abenduaren 7an aurkeztu zen eta abenduaren 8an jaso zituzten jatetxean enkarguak taxi bidez banatzeko lehen eskariak. Iñigo Lavadok jatetxearen Instagram kontuaren bitartez kontatu zuenez taxi bidez banatu zen lehen eskaria Hondarribitik egin zen eta janariaren prestaketa prozesua eta taxilarien inplikazioa erakutsi zuen. Jarraian, Hendaian ospatutako ezkontza baterako eskaria jaso zutela partekatu zuen sukaldariak.

Lavado sukaldaria ekimenaren bultzatzailea izan bada ere, proiektua eskualdeko gainontzeko ostalaritza establezimenduekin partekatzeko asmoa adierazi du. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz kontsumo ohiturak aldatu direla aprobetxatuz, eskualdeko beste ostalaritza establezimenduak banaketa sistema berri honekin bat egitera animatu ditu. “Eskualdea eta taxien sektorea suspertzeko modua izan daiteke”, gaineratu du sukaldariak. Ostalaritzaren itxialdian zehar proposatuko ideia izan arren, jatetxeek ohiko zerbitzuak berreskuratzen dituztenean ere zerbitzua hau eskaintzen jarraitzeko asmoa duela gaineratu du Iñigo Lavadok.

Hortaz gain, Ander Sarratea Ficobako zuzendari kudeatzaileak Singular jatetxeko sukaldariak martxan jarritako ekimena babestu nahi izan zuen. Horrela, Ficoba erakustazoka bat baino zerbait gehiago dela erakutsi nahi izan zuen, atzean ezkutatutako langile eta profesionaletan zentratuz. Pandemiaren eraginez Ficobaren jarduera geldirik dagoen une hauetan, elkarlana susta- tzen duten ekimen berritzaile hauen sorrera eskertzekoa dela adierazi du Ander Sarrateak.

Elkartasunaren adibide
COVID-19aren lehen olatuak ostalaritzaren lehen itxialdia eragin zuenetik Iñigo Lavado sukaldaria bere sektorea eta ingurukoak laguntzeko ekimen berrien bila ibili da. Ingurukoak laguntzeko grin horri esker eta Bidasoa Bizirik elkartearen laguntzari esker sortu zen “Gentes del Bidasoa” saioa. Bideo programa honen bitartez sukaldaritza ekintzailetzarekin elkartu nahi izan zituen Iñigo Lavadok, Ramon Aramburu laguntzarekin. Sukaldaritza saio baten ohiko formatutik aldenduz, bizipenak partekatu eta eskualdeko ekintzaileei ahotsa emateko modua topatu zuten. Saioaren lehen denboraldiak izandako arrakastari esker, bigarren denboraldiaren grabazioan murgilduta daude orain.

Iñigo Lavadori ez zaizkio ostalaritzaren sektorea berritu eta, era beren, indartzeko ideiarik falta eta osasun krisialdi garaian ere proiektu berriak aurkezteko gai dela erakutsi du. Denborak erakutsiko du, ordea, jatetxeak eta taxien arteko lotura berri hau noraino iritsiko den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude