Iñigo Mangas, Ondare Kultur Elkateko lehendakaria: “Ez ditut erraldoirik gabeko jaiak imajinatzen”

Erraldoiek eta buruhandiek harreman estua dute Irungo jaiekin. Irunen hiru dira erraldoiak dauzkaten elkarteak: Ondare Kultur Elkartea, Irungo Atsegiña eta Bidasoako erraldoiak. Iñigo Mangas Ondare Kultur Elkarteko lehendakariak erraldoi konpartsek bizi duten egoera azaldu du, jaietako ekintzarik gabeko urte honetan.

Erraldoiek Irungo jaiekin lotura estua dute?
Bai, betidanik erraldoiak Irungo jaietan ikusi ditugu. Gainera, Ondare Kultur Elkarteko erraldoiek hiriaren historia kontatzen dute. Nik egia esan, ez ditut erraldoirik gabeko jaiak imajinatzen.

Irungo historia kontatzeaz gainera, zuen erraldoietako batzuk Irungo jaietako pertsonaiak dira?
Bai, batez ere, alardearekin lotura duten pare bat erraldoi dauzkagu, Irungo historiako une ezberdinak kontatzen dituztenez gain. Gure elkarteaz gainera, Irunen erraldoiak dauzkaten beste bi konpartsa daude eta haien erraldoiak ere hiriko jaien parte direla esan dezakegu.

Zein urtetik parte hartzen du Ondare elkarteak Sanmartzialetako ekintzetan?
2012. urtean hasi zen Ondare Sanmartzialetako jardueretan parte hartzen. Egia esan, ez dugu ekintza handirik antolatzen egun horietan, izan ere, gure konpartsa ekainaren 28an soilik ateratzen da Irungo kaleetara. Gure konpartsako kide asko gainontzeko egunetan Irungo Atsegiñako edo Bidasoako Erraldoiak konpartsako erraldoiak dantzatzen dituztelako. Egun horietan Irunen ekintza asko daude konpainien entsegu eta bestelakoen artean, beraz, guk nahiago dugu lasaiago ibiltzea.

Iaz jaietako ekintzak egokitu eta erraldoiak dantzatu ordez, erakusteta bat osatzera pasa ziren?
Kultura arloarekin hitz egin genuen, zerbait prestatzeko asmoa genuelako. Youtube plataformaren bitartez, gomazko erraldoien dantza txapelketa antolatu genuen eta bideo asko jaso genituen. Horretaz gain, erraldoiak Ficobara eraman genituen eta bertako beiratean ikusgai egon ziren ekainaren 29ra arte. San Pedro egunean, berriz, Ficobatik Irungo erdigunera igo genituen.

Nolakoa izan zen gomazko erraldoiekin txapelketa birtuala antolatzeko esperientzia?
Esperientzia oso ona izan zen, gainera, aurretik probatua genuen, Kateako jaietan, maiatzean arrakasta handia izan baitzuen. Ekimenak auzoko jaietan izandako arrakasta ikusita, Irungo jaietan errepikatzea erabaki genuen

Aurten, ordea, ez ditugu Ondareko erraldoiak Irungo kaleetan ikusiko?
Ez, guk kalera atera nahiko genituzke, baina Irungo Udalak ez digu horretarako baimenik ematen, beraz, hemen gordeta jarraituko dute.

Momentuko egoerak elkartearen jarduera etetea eragin du?
Bai, Ondareren ekintzak guztiz eten dira. Azken finean, ezin gara kalera atera eta gure lokala txikia denez, ez dugu entseguak antolatzeko aukerarik. Gainera, ume bat erraldoiaren barruan sartzen den bakoitzean erraldoi osoa desinfektatu beharko bagenu, eromena litzateke.

Pandemia iritsi aurretik, Ondare elkarteak kide asko zituen?
Bai, momentu oso ona bizi genuen eta horren erakusle dira une horretako eskari handiari erantzuteko egin genituen erraldoiak. Erraldoiak dantzatu nahi zituzten ume asko genituen eta egoera honek guztiz geldiarazi gaitu.

Hurrengo hilabeteetan elkartearen jarduera berreskuratu ahal izatea espero duzue?
Aurretik azaldu dudan moduan gu prest gaude. Dena dela, udalak zein gainontzeko instituzioek zer dioten ikusi beharko da. Lehenik eta behin entseguekin hastea gustatuko litzaiguke eta gure 10. urteurrena ospatzeko zerbait egitea gustatuko litzaiguke.

Zer proiektu dauzkazue esku artean?
Koronabirusa iritsi aurretik sorpresa bat prestatzen ari ginen. Izan ere, 10. urteurrena aprobetxatuz, beste erraldoi bikote bat aurkezteko ideia genuen. Jada 4 erraldoi txiki eta 4 ertain dauzkagu, ertainetako bi oraindik aurkezteko dauden arren. Bi erraldoi handi geneuzkanez, gure familia beste bi erraldoi handik osatutako bikotearekin borobildu nahi genuen. Urteurren berezia ospatzeko Irungo musika bandarekin emanaldi berezia prestatzea adostuta genuen eta oraingoz proiek-
tu horiek guztiak eten egin behar izan ditugu.

Ondareko kideek erraldoiekin kalera itzultzeko gogoa dute?
Bai, denetarik dugu. Oain dela egun batzuk kalean elkarteko ume baten amak esan zidan bere semea erraldoiak dantzatzeko irriketan dagoela. Alabaina, gurekin zenbiltzan beste zenbait ume orain martxan dauden ekintza berrietan izena eman dute eta erraldoiak ahaztu dituzte.

Egoera konplexuari aurre egiteko erakundeen babes gehiago beharko zenukete?
Bai, orain arte ez dugu bestelako abisu edo laguntzarik jaso. Irungo Udalak Gabonetan zerbait egiteko aukera eman zigun. Hala ere, elkarteak aurrera jarraitzen du eta diru-sarrerarik izan ez arren, gastuek bere horretan jarraitzen dute: erraldoien konponketak, mantentze lanak, lokaleko asegurua eta alokairua eta bestelako gastu finkoak. Hortaz, laguntza jasotzea eskertu genuke, konfinamenduan zehar etxetik ekintzak antolatzen jarraitu genuelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude