Inklusioa bultzatzea helburu duten ekintzak prestatu ditu Aurreratu elkarteak udara honetarako

Txingudi badian bizi diren eta aniztasun funtzionala duten haur, gazte eta haien senideek osatzen dute Aurreratu elkartea. Konfinamenduko hilabeteen ostean, Aurreratu elkartetik udara ekintza inklusiboen bitartez gozatzeko hainbat proposamen antolatu dira. Udako hilabeteetarako antolatutako jarduerez gainera, Ohiane Hernandez eta Ane Martinez taldeko boluntarioek azaldu dutenez, ikasturtean zehar bestelako ekintza eta tailerrak martxan jartzeko asmoa dute.

Zein ekintza antolatu dituzue uztaileko hilabeterako?
Hainbat ekintza proposatu ditugu. Lehen ekintza mendi irteera bat izango da uztaiaren 4ean egingo duguna. Lehen ekintza honen helburua elkar ezagutzea izango da. Uztailaren 5erako, berriz, kirol ekintzak antolatzeko asmoa dugu. Uztailaren 11ean Donostin eguna pasako dugu, Aquariuma bisita gidatu batekin ezagutzeaz gainera, Santa Clara uhartera hurbilduko gara. Uztailaren 18an Irunen geldituko gara Oiasso Erromatar Museoa bisitatzeko. Uztailaren 18an, berriz, pasaia bisitatuko du eta uztailaren 26ean hilabeteari amaiera emateko udako jai berezia antolatuko dugu. Elkartetik antolatzen diren ekintza askotarako Palmera Montero eraikinean dugu gure egoitza.

Nork parte hartu dezake elkarteak antolatutako ekintzetan?
Aurreratu elkartetik antolatzen diren ekintzak elkarteko kide zein kide ez diren pertsonei zuzendurik daude, beraz, izen-ematea guztiz irekia da. Orokorrean, elkartean behar bereziak dauzkaten haur eta gazteekin lan egiten dugu, beraz, 30 urte arteko pertsonekin lan egin ohi dugu, nahiz eta adinari garrantzi berezirik ez eman .

Nolako ekintzak antolatzen dituzue?
Irun inguruko zonaldean ekintzak antolatzeko asmoa dugu lehenengo, jendeak nola erreakzionatzen duen ikusteko. Horren ostean, Hondarribia, Pasaia eta inguruko bestelako herri eta hiriak ere bisitatzeko asmoa dugu, elkartearen jarduera ezagutzera emateko. Gainera, udako hilabeteetara begira antolatutako ekintza asko aire zabalean egingo dira, udako eguraldi ona aprobetxatzeaz gainera, azken hilabeteetan zehar galdutako bizitasuna eta berriro kirola egiteko aukera aprobetxatzeko.

Nola lan egin duzue konfinamenduan zehar?
Konfinamenduan zehar, adibidez, antzeko elkarteek zabaldutako bideoen bitartez lan egin dugu. Hortaz gain, WhatsApp bidez elkarteko kideekin kontaktua mantendu dugu, ahal zen neurrian laguntzeko. Orain, normaltasun berriaren hasierarekin, elkarteak berriro jarduera berreskuratu eta ekintza berriak antolatzeko aukera ikusi dugu. Elkarteko kide diren haur eta gazteak zein haien familiak, honelako ekintzen antolaketa asko eskertzen dute. Era berean, haur eta gazteek egunero egin ditzaketen ekintzak antolatu nahi ditugu.

Bestelako elkarteekin lankidetzan aritzen zarete?
Ekintzak antolatzeko bestelako elkarteen laguntza ezinbestekoa da. Udaran, adibidez, HS2 elkartearekin lankidetza estua egiten da Aurreratu elkartetik, Iñaki Navascués y Miren Zabalak gidatutako programa berezien bitartez, elkarteko kideei surfa eta sup egokitua praktikatzeko aukera ematen zaie. Gainera, udaleku inklusiboak antolatzen dituzte eta Aurreratu elkarteko kideek bertan parte hartzen dute.

“Aurreratu elkartetik antolatzen diren ekintzak elkarteko kide zein kide ez diren pertsonei zuzendurik daude”

Nolako arrakasta izan ohi dute elkartetik antolatzen diren ekintzek?
Joan den urteko Gabonetan Gabonetako PIN-a bisitatzeko irteera antolatu genuen proba gisa. Oso irteera arrakastatsua izan zela ikusita eta gazteek oso ondo pasatu zutenez, konfinamenduaren ostean ekintza gehiago antolatzea erabaki genuen. Ekintzetan parte hartzeko izen-ematea irekita dago eta jada zenbait izen emate egin direla dakigu. Dena dela, zenbat jende apuntatzen den ikusi beharko dugu, egingo diren ekintzak zehaztu eta taldeak antolatu ahal izateko. Normaltasun berrian ekintzan antolatzen hasteko Covid-19aren inguruan sortutako protokolo bat jarraituko dugu. Protokoloa elkarteko familien arten partekatuko dugu, aurrerantzean hartuko diren segurtasun neurrien berri izan dezaten.

Zein izan ohi da antolatutako ekintza jendetsuena?
Ekintza inklusiboak antolatzeko apustuaren barnean, Irungo Inauterietan parte hartzeko proiektuarekin hasi zela esan dezakegu. Duela 4 urte hasi ginen ekintza hau antolatzen, Evelin Gonzalez irakaslearen laguntzarekin. Ordutik urtero, gauzak hobeto egiteko ahalegin berezia egiten dugu. Urtero jende berri gehiago batzen zaigu eta esan beharra dago jendeak inplikazio handia erakusten duela antolatu beharreko gauzetan laguntzeko. Izan ere, material eta apaingarri guztiak eskuz prestatzen dituzte.

Boluntariotza ezinbestekoa da Aurreratu bezalako elkarteak aurrera ateratzeko?
Bai, Aurreratu elkartean boluntarioen lana ezinbestekoa da. Dena dela, behar bereziak dauzkaten elkarteko kideak zein haien senideak elkartearen jarduera aurrera ateratzeko edozertan laguntzeko prest daude. Elkartearen egoera nolakoa den ulertzen dute, beraz, ahal duten guztiarekin lagundu nahi dute beti.

Uda amaitu ostean, elkartetik ekintza berriak antolatzeko asmoa duzue?
Neguan, Ohiane psikoterapeuta denez, musikoterapia indibidualeko tailerrak antolatzen ditugu, elkarteko kideei haien gaitasunak garatzen laguntzeko. Horrela, pertsona hauen sozializazioa laguntzen saiatzen gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude