Instalazioko jarduerak eragindako soinu inpaktua murrizteko lehen urratsak dira
Aspaldiko eskaera bati erantzun dio Irungo Udalak, San Martzial tiro eremuko kantxa nagusia intsonorizatuz. Soinu neurketak egingo dituzte orain, egindako lanek inpaktua zein neurritan murriztu duten aztertzeko. Emaitzak onak baldin badira, beste bi kantxak intsonorizatzea ere aurreikusten dute.
Behobia eta Bidasoa auzoetako bizilagunen kexak jaso izan ditu Irungo Udalak, aspaldidanik, San Martzial tiro eremuko jarduerak sortutako zarata zela eta. Izan ere, San Martzial Tiro Klubak kudeatzen badu ere, udal instalazioa da eremua. Hego haizea egiten duen egunetan, bereziki, tiroen soinuak eragindako eragozpenak handiak dira Bidasoaren ibarrean. Eremuaren kokapena kontuan hartuta, zaratak ingurumenean izan dezakeen eragina ere agerikoa da. “Denbora generaman formula egokienaren bila. Munduko beste zenbait tiro eremutan hartu izan dituzten neurriak aztertu ditugu”, azaldu du Pedro Alegre Irungo Udaleko Kirola arloko ordezkariak.
“Tiro eremuko jarduerak sortutako eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen lanean jarraituko dugu”
Pedro Alegre, udaleko Kirola arloko ordezkaria
Kanpotik egurrezko xaflez estali dute kantxa. Barrutik, soinua harrapatzen duten materialak erabili dituzte. Horrela, kantxan bertan geratuko da zarata. “Tiratzaileei ez die kalterik egingo, kaskoak erabiltzen dituztelako”, zehaztu du Alegrek. Bizilagunek, aldiz, eskertuko dute. Inpaktuaren murrizketa zenbaterainokoa den, udalak egingo dituen azterketek zehaztuko dute. Beste bi kantxa ditu eremuak, eta horiek ere intsonorizatzea helburu dutela aitortu du Alegrek: “Tiro eremuko jarduerak sortutako eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen lanean jarraituko dugu”.
Goi mailako tiro eremua da
San Martzial Tiro Elkarteak kudeatzen du eremua, eta haren jarduera gero eta handiagoa dela baieztatu du Pedro Alegrek. Udaran maila handiko lehiaketak antolatuko dituela aurreratu du. “Estatuan balorazio onena duten tiro eremuen artean dagoela diote adituek. Nazioartean ere, ondo kokatuta dago”, azpimarratu du Pedro Alegrek. Eremuaren kalitatearen erakusle izan daiteke, Europa iparraldeko estatuetako selekzioak etorri izan direla entrenatzera, klima eta baldintza egokien bila. “Finlandiako talde olinpikoa sei urtez etorri da, segidan”, zehaztu du Juanjo Aranburu tiratzaile olinpiko irundarrak.
“Finlandiako talde olinpikoa sei urtez etorri da, segidan, San Martzialen entrenatzera”
Juanjo Aranburu, tiratzaile olinpikoa
Hiru modalitate olinpikoak praktika daitezke San Martzial tiro eremuan: foso olinpikoa, trapp bikoitza eta skeet-a. Astelehenetik ostiralera 12:00etatik 18:00etara dago zabalik. Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 18:00etara. Lizentzia duten kirolariek soilik erabil dezakete instalazioa. Hala ere, publikoari irekiak diren jarduerak ere antolatzen dituzte. Apirilaren 30ean, esaterako, Compak Sporting modalitateko lehiaketa antolatu dute. Izena emateko: 943 66 60 16. Informazio gehiago jasotzeko: clubdetirosanmarcial@gmail.com.